Denok Korrikara!

musukariak

19. Korrikaren abestiaren lehen doinuek ez zaitzatela nahasi. Denok Korrikara! ez da Oskorrik Gabriel Arestiren poema bat oinarri egin zuen Sautrela ezaguna, baina hari “lapurtu” dio musika. Izan ere, Gabriel Arestik berak Profeta bati poeman idatzi zuen bezala, Korrika kantaren egileek herriaren ahotik hartu dute abestia debalde, eta halaxe helarazi diote herriaren belarriari. Beno, eta euskalakarien eztarriari. Amaia Ezenarro eta Jojo Bordagarai (ahotsak), Andoni Tolosa (gitarra), Asier Goieaskoetxea eta Maxime Diribarne (dultzainak), Cedric Ilhardoy (bateria) eta Mattin Sorzabalbere (kontrabaxua) elkartu dira kantaren hitz berriak auzolanean egiteko. Abestia amaitzeko, gainera, Mikel Laboak Xalbadorren hitzekin egindako Herria eta hizkuntza kantaren azken bertsoa aukeratu dute. Egiaztatu nahi nola bihurtu den guztia 19. Korrikaren kanta? Jo ezazue 11. orrialdera! Hori bai, oraingoz, korrika egiteko zapatilak jantzi gabe!

Ingurumena

txoriHegazti espezie arruntak larri Europan

Europako hegaztien ia laurdena desagertu da azken 30 urteotan. Desagerturiko gehienak, gainera, espezie arruntak dira. Hots, babes berezirik ez dutenak: etxe-txolarreak, enarak... Exeterreko Unibertsitatearen (Erresuma Batua) gidaturiko ikerketa batek plazaratu ditu datuok, 1980tik 2009ra bitartean Europako 25 herrialdetan jasotako datuak oinarri. Berez, Europan 500 hegazti espezie baino gehiago daude katalogatuak, eta ikerketan 144ren jarraipena egin dute. Ikerketaren egileen kalkuluen arabera, 1980an 2.000 milioi hegazti inguru zeuden Europan, eta, azken hiru hamarkadetan, 420 milioitan gutxitu da kopurua. Gehien gutxitu diren espezieak ez dira babesturiko hegazti espezie handiak, arrunt ohikoak direnak baizik. Hala, putre, zikoina edota zenbait arrano espezieren kopuruak gora egin du; espezie txiki eta hedatuenek, berriz, behera. Datuen arabera, desagerturiko 420 milioi hegaztien artean, % 90 espezie hauei dagokie: txolarreak, sorbeltz arruntak, enarak, hegatxabal arruntak, arabazozoak... Beherakadaren arrazoiak jakiteko, ez da aztia izan behar: ikerketaren egileen aburuz, gizakiaren jarduna da zio nagusia. Batetik, hirien hedatzeak nekazaritza-eremuen galera ekarri du. Bestetik, nekazaritza modernoan baliatzen diren produktu kimikoen eraginez, hegaztiek intsektu gutxiago harrapa ditzakete elikatzeko. Datuak ikusita, eta kontuan hartuta hegazti arruntenek ere ekosisteman berebiziko garrantzia dutela, animalia hegalariak babesteko egungo arauak aldatzearen alde agertu dira hainbat aditu.

Txirrindularitza

deabruaAgur errepideetako deabruari

Deabruak ez du gehiago hiruhortzekoa astinduko. Dieter Didi Senft alemaniarrak, nazioarteko txirrindularitza lasterketa garrantzitsuenetan deabruz jantzita kirolariak animatzeagatik ezagun denak, erretiroa hartzea erabaki du. 1993an Frantziako Tourrean estreinakoz deabruz beztituta agertu zenetik, bide bazterretako jarraitzaile ezagunena izan da Senft.  Nagusiki, Fran­tziako Tourrean ibili izan da, baina baita Italiako Giroan, zenbait klasikotan edota munduko txapelketetan ere. Orain, ordea, lasterketetara joateari utziko dio. Hirurogeita bi urte ditu Senftek, eta azken urteotan osasun arazo franko izan du. Nolanahi ere, osasun eta adin kontuek baino, erabakian zerikusi handiagoa izan dute diru kontuek: lasterketetara joateko sosak biltzeko zailtasun asko izan ditu azkenaldian, eta, diru-iturriak agortu zaizkionez, “deabrukeriak” egiteari uztea erabaki du. Horrenbestez, nazioarteko lasterketa nagusiak ez ditu bertatik bertara jarraituko aurrerantzean. Txirrindulariek eskertuko al dute erabakia? Ala, deabrurik gabe ere, mendateetako aldats pikoek infernu izaten jarraituko dute eurentzat?

Venezia

Gurpildun maletak arrastaka eramatea debekatuko diete turistei

Veneziak turistekin duen harremana gatazkatsua da: hiriarentzako diru iturri arras garrantzitsua dira, baina makina bat arazo ere sortzen dute. Oraingoan, esaterako, hiriko agintariek turisten gurpildun maletak ipini dituzte jomugan. Galtzada-harrien gainean herrestan eramatean, zarata handia sortzen dute mota horretako maletek, eta veneziarrak nazkatu egin dira. Izan ere, turista gutxi batzuen maletek ez dute hainbesteko zaratarik eragiten, baina Venezian egunero saldoka ibiltzen direnez, harrabots hori jasangaitza bilakatu zaie veneziarrei. Hala, turistei maletak arrasta­tzea debekatuko diete hiriko agintariek. Araua datorren urteko maiatzean sartuko da indarrean. Betetzen ez dutenek, 100 eta 500 euro bitarteko isunak jasoko dituzte. Hori bai, debekuak plastikozko gurpilak dituzten maletei eragingo die, ez gomazkoei. Gainera, veneziarrei eurei ez die eragingo, araua soilik turistentzat ezarriko baitute. Horiek horrela, motxiladun turistez beteko al da aurrerantzean ubideen hiria?

Bertsolaritza

xilabaBatek txapela kaskoan, besteek txapela zain

Txapel kontu ugari ekartzen ari da bertsolaritza azken asteotan. Hasteko eta behin, Sustrai Colinak irabazi duelako Xilaba Ipar Euskal Herriko bertsolari txapelketa. Azaroaren 15ean jokatu zuten finala, Baionan, eta Colina gailendu zitzaien Maddalen Arzallus, Odei Barroso, Eneritz Zabaleta, Xumai Murua eta Ramun­txo Christyri. Finala irabazita, Colinak estreinakoz jantzi du Xilabako txapela. Bizkaia aldean, ostera, txapelaren bila dabiltza hainbat bertsolari: Josi lelopean, jokoan da 2014ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Aurki ezagutuko da garailearen izena, abenduaren 20an egingo baitute finala, Bilboko Bilbao Arenan. Lerrook argia ikusten dutenerako, bigarren finalaurrekoa burutua, hirugarren eta azkena faltako da. Zehazki, abenduaren 7an izango da, Amorebieta-Etxanon. Oraingoz, beraz, finalista bakarraren izena eman dezakegu: Iratxe Ibarra, lehen finalaurrekoa irabazita zuzenean sailkatu dena. Azkenik, Araban, 18 bertsolari dira txapelaren bila abiatzear. Urtarrilean hasiko da 2015eko Arabako Bertsolari Txapelketa, eta martxoaren 21ean amaitu, Gasteizko Printzipal Antzokian jokatuko den finalean. Nolanahi ere, txapelketako lehen bertso saioez gozatu ahal izan dute zaleek, iraila eta urrian aurrekanporaketak jokatu ziren-eta.

Artikulu gehiago...

  1. Musika
  2. Feminismoa