Txapel bakarra, bi aitortza

fredi

Fredi Paia da txapelduna Bizkaiko bertsolarien artean. Hala ebatzi zuten epaimahaiaren puntuek Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean. Azken bi edizioetako txapeldunari, Arkatiz Estiballesi, gailendu zitzaion buruz burukoan, eta 26,5 puntuko aldea atera zion guztira. Azpimarratzekoa da inoiz baino jende gehiagoren aurrean jokatu zela finala Bilbao Arena kiroldegian; eta nabarmentzekoa, halaber, irabazleari txapela jantzi zionaren izena: Kristina Mardaras Sedrun (Iurreta, 1948), bertsolaria. Plazetan bertsotan aritutako lehenengo emakumeetarikoa izan zen Mardaras, lehenengo agerraldia 1982an egina. Dena den, eta luzaroan ohikoa izan den moduan, Mardarasek isilean egin du bertsolaritzaren aldeko lan handia. Horren erakusle da, hain zuzen ere, Ber­tsolaritzaren sekretuak: ixilduriko emakumeen historia ikuskizuna. Korrika Kulturalaren barruan estreinatuko da, otsailaren 22an, Hernaniko Biteri Kultur Etxean.

Ondarea

izarbeibarMañeru eta Izarbe ibarretako etxeen izenak liburu batean jaso dituzte

Eskualdeko ondare ez materiala bildu eta ezagutarazteko xedez, Izarbeibarra eta Mañeruibarra: etxe izenak liburua argitaratu berri dute. Mañeru eta Izarbe ibarretako 18 herrietako etxeen izenak, egungoak eta aspaldikoak, jaso eta azaltzen ditu liburuak, euskaraz zein gaztelaniaz. Orotara, 670 orrialdeko lan mardulean, 4.000 etxe-izen eta 2.000 etxe-izenen “historia txikiak” jaso dituzte, 2.000 argazkirekin lagunduta. Lan eskerga horri esker, galtzeko bidean zegoen ondarea berreskuratu eta normalizatu nahi izan dute, baita dagokion balioa eman ere. Izan ere, kasu askotan, izenak eta haiei buruzko informazioa adineko jendearen oroimenean baino ez zeuden gorderik. Ondare horri guztiorri ikuspegi linguistiko eta historikotik heldu diote. Alegia, etxe-izenak aztertzeaz gain, herritarren historia ere jaso dute, “gure ibarretan etxe-izenen errealitatea erabat loturik dagoelako etxeen jabeekin, izenak gehienbat antroponimikoak baitira”. 2011n sortu zen liburua egiteko ideia, eta elkarlan zabalari esker burutu dute: Mikel Belasko Ortega eta Koldo Colomo Castrok koordinatuta, bi ibarretako 30 lagun aritu dira informazioa biltzen. Gainera, orain arteko lana osatzeko ateak zabalik utzi dituzte. Interneten paratu nahi dute informazio guztia, datu berriak gehituz edota daudenak moldatuz gero edonork ezagutu ditzan. Liburua Garesko Udalean eros daiteke 20 euroren truke.

Internet

robinZer bilatzen du jendeak Googlen?

Urtero gertatu ohi den lez, urte aldaketarekin batera mota guztietako zerrendak egiten dituzte hedabide, elkarte, enpresa eta beste hainbat talde edota norbanakok. Google erraldoiak ere halaxe egin du: 2014an bilatzailean gehien xerkaturiko hitzen zerrenda, hain zuzen. Mundu osoko bilaketak kontuan hartuz gero, Robin Williams aktorearen heriotzak eragin zituen bilaketa gehien. Hots, “Robin Williams” izena izan da gehien bilatu dena. Hauexek jarraitu zioten: “World cup” (Munduko Futbol Txapelketa zela-eta), “Ebola”, “Malaysia Airlines” (martxoan desagerturiko hegazkinari buruz), “ALS Ice Bucket Challenge” (alboko esklerosi amiotrofikoa ikertzearen aldeko kanpaina), “Flappy Bird” (sakelakoetarako joko arrakastatsua), “Conchita Wurst” (2014ko Eurovision lehiaketa irabazi zuen kantari austriarra), “ISIS” (Irakeko eta Sortaldeko Estatu Islamikoak izeneko muturreko talde islamista), “Frozen” (Disney etxeak ekoitziriko filma) eta “Sochi Olympics” (Neguko Olinpiar Jokoei buruz). Emaitza horiek guztiak mundu osoko bilaketa orokorrei dagozkie, baina Googlek beste zerrenda mordoa ere osatu du, bilaketa zehatzagoekin: herrialdeak kontuan hartuta, gaika… Ezagutu nahi dituenak, bilatzailean bilatu besterik ez du!

Artea

davidLurrikaren aurkako oinarria izango du Davidek

Historiako eskulturarik ezagunenetakoak, Michelangelo Buonarrotiren (Caprese, Florentziako Errepublika, 1475 – Erroma, Aita Santuen Lurraldea, 1564) Davidek, oinarri berria izango du aurki. Izan ere, Italiako Kultura Ministerioaren aginduz, lurrikaren aurkako idulkia egiten ari baitzaizkio. Ahulak izan diren arren, azkenaldian zenbait lurrikara gertatu dira Florentzia inguruan. Gainera, eskultura zertxobait okertu da azken hilabeteotan, eta arrakala txiki batzuk agertu zaizkio orkatiletan. Hori dela-eta, Kultura Ministerioak premiazkotzat jo du oinarri berria ahalik eta azkarren egitea. Esan bezala, dagoeneko egiten ari dira, baina prozesua bizitzeko, urgentziazko erabakia hartuta, 200.000 euro gehiago bideratu dituzte egitasmora. Ministerioaren ustez, mugimendu telurikoen ondorioak leunduko dira horrela. Haatik, zenbaitek salatu dute idulkiak ez duela deusetarako balio izango. Kritika egileek arrisku nagusi bat nabarmendu dute: nahiz eta oinarriak bere funtzioa bete, David gordetzen duen eraikina goitik behera eror daiteke, eskultura berdin-berdin hondatuz. Florentziako Akademiako Galerian dago David, Errenazimenduko beste artelan garrantzitsu askorekin batera. Akademiako Galeriak ez dituenez lurrikaren aurkako arauak betetzen, eraikina jausi eta azpian harrapatuko lituzke artelanok, Daviden euskarri berriaren lana ezerezean utzita.

Argentina

Edertasun lehiaketak, debekatuak

Diskriminatzaileak eta sexistak direlako, eta emakumeen aurkako indarkeria sustatzen dutelako, edertasun lehiaketak debekatu dituzte Argentinako Chivilcoy hirian. Hartara, hirian eta inguruetan egiten diren jaietan, ezin izango da edertasun lehiaketarik antolatu. Erabaki horrekin, Argentinan halako neurria hartzen duen lehen hiria izango da. Chivilcoyko Genero Idazkaritzak eta Haurren eta Nerabeen Eskubideen Asanbladak jakinarazi duenez, “neskato, nerabe eta gazteen artean edertasun lehiaketak eginda, emakumeak soilik euren itxura fisikoarengatik baloratu eta saritu daitezkeelako ideia berrindartzen da. Itxura hori estereotipoetan oinarritzen da eta, ondorioz, askotan, gorputzaren edertasunarekiko benetako obsesioa sustatzen da, inoiz lortuko ez den perfekzioaren ideal batekikoa. Gainera, bulimia, anorexia eta bestelako elikadura arazoen kopuruak ere izugarri egiten du gora”. Debekua ezartzearekin batera, mota horretako lehiaketak inauteri maskaren sariketekin ordeztuko ditu Chivilcoyko Udalak. Hala, genero diskriminaziorik gabeko ekitaldiak bultzatuko dituzte. Edertasun lehiaketei begirako kritikak ez dira gutxi mundu zabalean, emakumea objektu gisa tratatzen dutelako, beti ere kanon estetiko oso jakinen menpe. Haatik, oraindik ere leku gutxitan hartu izan dira Chivilcoyn onarturiko arauen modukoak. Ea etsenplua mundu osora zabaltzen den...