Umorearen indarra

h28

Charlie Hebdo Frantziako aldizkari satirikoaren aurka egindako erasoak ondorio ugari eragin ditu, munduan zein gurean: hilketengatik mina eta samina; elkartasun oldea; adierazpen askatasunaren aldeko hitz eta ekintza mordoa, batzuk sentituak eta besteak aski hipokritak; adierazpen askatasunaren izenean, oinarrizko askatasunen aurkako neurriak; polemikak; luma zorrotzek sorturiko zinta eta marrazki piloa; umoreari buruzko hamaika hitz-aspertu eta azterketa.... Hain juxtu, Pa­txi Huarte Zaldieroa, Marc Armspach Marko eta Asisko Urmeneta marrazkilariek Berria kazetan eginiko mahai-inguru batek piztu zuen H28 sortzeko txinparta. Euskaraz aldizkari satiriko bat sortzeko beharra aipatu eta halaxe jaio zen sarean, urtarrilaren 28an, H28 euskarazko aldizkari satirikoa. Urmenetak berak aipatu duenez, “ezker-eskuin ostiak banatzeko sortu gara, ez lagunak egiteko”. Lehen alean, hainbat lagunek hartu dute parte: Adur Larrea Adurrek, Patxi Gallegok, Ainara Aspiazu Axpik...  Adiskiderik ez dute egingo, beharbada, baina argi utzi dute, enegarrenez, umorea pertsona askeen ezinbesteko bidelagun dela. Izan ere, ez dago umorearen boterea azpiratuko duen indarrik.

Issuu plataforman aurki daiteke H28: issuu.com/h28aldizkaria. Egitasmo irekia da, eta sortzaileek hilero argitaratzeko asmoa dute.

Ekonomia

besteLangabeziak suizidioak ugaritzen ditu

Frantzian eginiko ikerketa batek ondorioztatu duenez, langabezia tasa hazteak suizidio kopurua areagotzen du. Frantziako Osasun eta Ikerketa Medikuaren Institutu Nazionalak (Inserm) egin du ikerketa, eta hainbat daturen bitartez frogatu du langabezia eta suizidio tasen arteko lotura. Ikertzaileen aburuz, lanik ez izateak ez du zertan zuzeneko lotura eduki suizidatzeko erabakiarekin, baina izan daiteke halako erabakia hartzeko faktore bat. Esaterako, 2000-2010 urteen arteko suizidioen datuak aztertu ostean, frogatu dute langabezia tasa % 10 handitu zen guztietan % 1,5 areagotu zela suizidio tasa. 25 eta 49 urte bitarteko gizonezkoen artean, gainera, tasa hori are gehiago handitzen da. Era berean, kontrako joera ere gertatzen dela egiaztatu du ikerketak. Hots, langabeziak behera egin ahala, suizidio kopurua ere gutxitu egiten da. Hain juxtu, 2000-2001 eta 2005-2007 urte bitarteetan halaxe gertatu zen Frantzian. Ikertzaileek ondorioztatu dute 2008tik 2010era beren buruaz beste egin zuten kasu guztien arteko 584k langabeziarekin lotura zutela, ez baitute topatu bestelako arrazoirik suizidio horiek azaltzeko. Ehunekotan, suizidio kasuen % 1,9 dira horiek guztiak. Europako beste herrialdeekin alderatuta, suizidio tasa altua du Frantziak: urtero 10.500 lagunek egiten dute beren buruaz beste, eta gizonezkoen artean handiagoa da tasa emakumezkoen artean baino.

Hedabideak

Euskarazko hiru egitasmo berri martxan

Puntua, Alea eta Hiruka. Urtarrilarekin batera, hiru proiektu berri atera dira euskarazko hedabideen plazara, irakurle eta entzule euskaldunentzako eskaintza osatuz eta aberastuz. Batetik, urtarrilaren 16an argitaratu zuten Puntua astekaria. Goiena Komunikazio Taldeak sortuta, orain arte argitaraturiko Asteleheneko Goiena kazeta ordezkatuko du. Hain juxtu, Goienak sortu du, GEU elkartearekin eta Berriarekin batera, Arabako Alea astekaria. Honako honek ere urtarrilaren erdialdean ikusi zuen argia, eta ostiralero banatuko da Araba osoan. Izan ere, Araban euskararen erabilera eta presentzia areagotzea du helburu, baita euskarazko informazioaren bidez lurraldea kohesionatzea ere. Uribe Kostan, azkenik, Hiruka komunikazio proiektua sortu da. Paperezko astekariak, atari digitalak eta irratiak osatzen dute egitasmoa, eta lehendik eskualdean abian ziren bi komunikabide ordeztuko ditu. Hala, Ukberri.net atariak hiruka.eus guneari egin dio leku, eta UK aldizkariak Hiruka astekariari. Hilabete batzuk barru, aldiz, uhinetara ere salto eginen du ekimenak, eta Justuri Irratia abiaraziko dute. Ongi etorri denei!

Hegoafrika

rinoErrinozeroak herrialdez aldatuko dituzte, babes handiagoa izan dezaten

Hegoafrikako Errepublikako Gobernuak jakinarazi duenez, isileko ehiztariek iaz 1.200 errinozero baino gehiago hil zituzten herrialdean. Munduko errinozeroen % 80 Hegoafrikako lurretan bizi direla kontuan hartuta, agintariek kezkagarria iritzi diote kopuruari. Izan ere, animalia horien populazioa neurtzen dutenetik izandako heriotza kopururik handiena izan baita joan den urtekoa. Ondorioz, hainbat errinozero herrialdez aldatzea erabaki dute. Hala, ehun bat animalia Hegoafrikaren inguruko herrialdeetara eraman dituzte, hobeto babestuko dituztelakoan. Gainera, legez kanpo ehizaturiko errinozero gehienak, bi heren, Kruger Parke Nazionalean hil zituztela aintzat hartuta, beste hainbat Hegoafrikako beste eskualde batzuetara lekualdatu dituzte. Aldaketak zer-nolako eragina izango ote duen ikusteko dago. Kruger Parke Naturala eremu babestua izanik, isileko ehizari ezin izan badiote behar bezala aurre egin, lortuko al dute emaitza hoberik errinozeronteak beste leku batzuetara eramanda? Legez kanpoko ehizaren erraietara jo eta irtenbideak bilatu ezean, zaila dirudi...

Berbalagunak

santurtziZein da Santurtziko zure txokorik gogokoena?

Nork ez du maite bere herria? Beharbada, zenbaitzuk ez, baina, eskuarki, nor bere herriaz harro agertu ohi da. Herri bakoi­tzak eragina izaten du bertokoen nortasunean, pertsonen antzera herri guztiak baitira ezberdinak. Bada, Ezkerraldeko berbalagunek hari10 horri tira egitea erabaki dute eta Santurtziko txokorik gogokoena? izeneko lehiaketa ipini dute abian. Izenak dioen moduan, Santurtziko lekurik maitatuena zein den jakin nahi dute antolatzaileek. Horretarako, parte-hartzaileek honakoa egin beharko dute: kutunena duten txokoaren argazkia atera eta, 30-50 hitz erabilita, horren zergatia azaldu. Argazkiak Interneten paratuko dituzte ikusgai, www.ezkerraldea.blogspot.com blogean, eta gogokoena bozkatu ahal izango da. Santurtziko AEK-k, Udal Euskaltegiak eta Euskara Zerbitzuak osaturiko epaimahaiak ebatziko du irabazlea, baina blogean boto gehien jasotzen duen argazkiak abantaila izanen du, azken erabakian bozka bat izango baitu bere alde. Argazki eta testuak otsailaren 27ra arte aurkez daitezke, E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. e-postara bidaliz. Garailearen izenaren berri martxoaren 13an emango dute, arestian aipaturiko Ezkerraldeko berbalagunen blogean eta euren Facebook txokoan. Irabazleak sari arrunt erlaxagarria eskuratuko du: Kabiezeseko kiroldegiko SPArako 2 sarrera. Gainera, sareko bozketan parte hartzen dutenentzako ere izanen da saria, Korrika materiala zozketatuko baitute.