Bai eta ez, ez eta bai

manifa

D ereduaren aldeko manifestazioa 2013ko abenduan eginikoa.

Azken boladan, lingua navarrorumekin lotutako berri asko iritsi dira Nafarroatik. Batetik, Parlamentuak Euskararen Legearen erreforma onartu berri du. Ondorioz, Nafarroa osoko ikastetxe publiko guztietara hedatuko da haurrek euskaraz ikasteko aukera. Hots, D eredua eremu ez-euskaldunetara zabaltzeko bidea ireki da. Hori bai, taldeak sortzeko gutxieneko ikasle kopurua erabakitzea Gobernuaren esku geratu denez, ikusteko dago nola garatuko den lege aldaketa. Bestetik, Nafarroako Gobernuaren azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, eremu euskaldunean jaitsiera izan da ezagutzan zein erabileran. Eremu mistoan, euskaraz dakitenen ehunekoa bikoiztu egin da 20 urtean, erabilera oso mantso hazi arren. Azkenik, eremu ez-euskaldunean, erabilera handitzen ari da, baina oso nekez; hori bai, ezagutzaren ehunekoa ia bikoiztu egin da 10 urtean, eskolaren eraginez, neurri handi batean. Bi albisteek gozotik bezainbeste dute gazitik. Agerian uzten dute, enegarrenez, euskarak Nafarroan bizi duen egoera aldrebesa: Gobernuaren babesik ez, ofizialtasun osorik ez eta herritarren ekina hauspo nagusi. Bidea gutxi-asko garbitu izanagatik, bidezidor malkarrean ibiltzera beharturik dira Nafarroako euskal hiztunak oraindik ere. Anartean, hor diraute harri koskorrek.

Himalaia

everestIstripuak saihesteko, Everestera igotzeko ohiko bidea aldatu dute

Iaz elur-jausi baten ondorioz 16 sherpa hil zirela-eta, Everest mendira igotzeko ohiko bidearen zati bat aldatu dute Nepalgo agintariek. Hala, mota horretako istripuak saihestu nahi dituzte. Oinarrizko kanpalekuaren eta lehen kanpalekuaren arteko tartea aldatu dute, Khumbuko glaziarreko izotzezko ur-jauzitik igaro­tzen dena, hain zuzen. Ondorioz, aurtengo udaberritik aurrera, Khumbuko glaziarreko ezker eremua ekidin beharko dute espedizioek, eta eskuineragotik igaro. Bide berria zailagoa da, eta denbora gehiago beharko dute mendizaleek lehen kanpalekura iristeko. Haatik, seguruago­tzat jotzen dute adituek. Gainera, ez da bide ezezaguna. 90eko hamarraldira arte, bide hori erabiltzen zuten lehen kanpalekura ohiko bidetik zihoazen espedizioek. 90eko hamarkadan aldatu egin zuten, eskarmentu gutxiagoko mendizaleentzat errazagoa zelakoan. Baina urtetik urtera elur-jausiak ugaritu egin direnez, eta Everest mendia erabat masifikatu denez, istripuak areagotzeko eta larriagotzeko arriskua handiegia dela uste dute Nepaleko agintariek.

Natura

lapaLapak, txikiak baina indartsuak

Orain artean, material natural ezagunen artean, armiarmaren zeta jotzen zen indartsuentzat. Hau da, armiarma-sareak egiteko erabiltzen duten haria. Portsmouth-eko Unibertsitateko (Britainia Handia) ingeniari batzuek, ordea, material natural indartsuagoa aurkitu dute beste izaki batzuetan: lapetan. Ikerlariek frogatu dutenez, lapen hortzak armiarmen zeta baino askoz indartsuagoa den material batez eginda daude. Arrokei itsatsita eusteko baliatzen dituzte hortzak lapek. Burdina duen goethita izeneko materiala eta proteina mordoa konbinatzen dute lapek hain material gogorra sortzeko. Sendotasun hori neurtzeko, hainbat proba egin dituzte ikerlariek, eta armiarmen zeta baino bost aldiz indartsuagoa dela egiaztatu dute. Gizakiak sorturiko materialekin alderatuz gero, kevlarra baino sendoagoa da lapen material hori. Ondorioz, esparru askotan erabilgarria izango delakoan daude ikerketaren egileak.

Kulturgintza

Sektorea babesteko neurriak aurkeztu ditu Geuk plataformak

Euskal Herriko kulturgintzaren endekapenari aurre egiteko asmoz, premiazko neurrien egitasmoa aurkeztu du Guk gEUre Kulturaz plataformak. Kulturgintzan diharduten edota harekin harremana duten 300 lagun baino gehiagoren ekarpenak batu dituzte proposamenok egiteko. Denek dute xede euskal kulturgintzak bizi duen “egoera larriari” konponbidea bilatzea. Orotara, hogeita hamarretik gora neurri proposatu dituzte. Hainbat esparruri dagozkie neurriok, eta ia denetan aipatzen dute babes beharra. Hala, babes juridikoa, babes ekonomikoa, sorkuntzaren babesa, ekoizpen eta zerbitzuen babesa, egituraketa eta ikusgarritasuna dira egitasmoan aleturiko esparruak. Plataformako kideen esanetan, “neurri hauek ezinbestekoak dira, kulturak etorkizun egonkor bezain iraunkorra izango badu”. Iazko otsailean eta ekainean Durangon eginiko bilkurak dira orain aurkeztutako neurrien abiapuntu. Kulturgintzaren egoera kaskarraz kezkatuta, kultur ekosistemako orotariko talde, eragile, norbanako eta erakundeak batu ziren, egoera aztertu eta irtenbideak bilatze aldera. Orduan jasotako ekarpenen emaitza dira oraingo proposamen zehatzak. Plataformak jakinarazi duenez, euskal erakunde publikoei aurkeztuko dizkiete, baita kulturgintzarekin lotura duten erakunde eta elkarteei ere. Esaterako, neurriak aurkeztu eta gutxira, Kulturaren Euskal Kontseiluari helarazi zioten testua. http://gukgeurekulturaz.com/  gunean jaso dituzte, banan-banan, neurri guztiak.

Zinema

oscar'Birdman' garaile Oscar sarietan

Kopuruari erreparatuz gero, Birdman eta The Grand Budapest Hotel filmek launa sari jaso badituzte ere, Alejandro Gonzalez Iñarrituren filma har daiteke aurtengo Oscar sarietako irabazle nagusitzat. Izan ere, sari garrantzitsuenak jaso ditu Birdmanek: film eta zuzendari onenarenak, baita jatorrizko gidoi eta argazki onenarenak ere. Wes Andersonen The Grand Budapest Hotelek, aldiz, ekoizpen diseinu, soinu-banda, jantziteria eta makillaje eta ile-apainketa onenarenak eskuratu ditu. Aktoreen lanari dagokionez, emakumezko aktore onenaren Oscarra Julianne Moorek irabazi du, Still Alice filmean eginiko lanarengatik. Gizonezkoena The Theory of Everything filmeko Eddie Redmaynek lortu du. Bigarren mailako aktoreen lana saritzean, Patricia Arquette (Boyhood) eta J.K. Simmonsen (Whiplash) lanak aitortu dituzte Oscar sarien 87. aldian. Bestalde, ingelesez besteko film onena Poloniako film batek jaso du lehenengoz: Pawel Pawlikowskiren Ida izenekoak, hain zuzen. Aipagarria da Boyhood lanaren kasua. Sei izendapenekin faborito nagusien artean zegoen arren, sari bakarra jaso du, Patricia Arquetterena, hain zuzen.