Hego Amerikako herri indigenen ordezkariak AEKn

indigenaAEK-k Kolonbia, Bolivia eta Guatemalako indigenen herri erakundeen ordezkarien bisita jaso du. AEKren koordinatzaile nagusi Mertxe Mugikak eta Korrika arduradun Asier Amondok eman diete ongietorria.
Bisitan etorritako hamar lagunak buru-belarri dabiltza euren herrietan hezkuntza, hizkuntza, ekonomia eta eredu soziopolitikoaren alternatibak eraikitzen, eta herri indigenetako norbanako eta kolektiboen eskubideak bultzatzen.
Euskal Herrian igaro duten astebetean, AEK ez ezik, enpresa kooperatiboak, unibertsitateak,  sindikatuak, hezkuntza eremu duten gizarte mugimenduak eta bestelako erakundeak ere bisitatu dituzte, haien jardueraren nondik norakoak ezagu­tzeko. Hala, Mugikak eta Amondok, AEK-k euskararen berreskurapenean egiten duen lana azaltzeaz gain, Korrika ekimenaren berri ere eman diete.

Errigoraren udazkeneko kanpaina abian da

errigoraElikadura burujabetzan urratsak egin eta euskarari hauspoa ematea helburu dituen Errigora ekimenak aurrera darrai. Hala, Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka izeneko udazkeneko kanpaina abian da berriro ere. Zazpiak Bat Harreman Sareak, AEK-k, Ikastolen Elkarteak eta Sortzen-ek bultzaturiko ekimenak orain arteko ildoari eutsiko dio. Hau da, auzolana oinarri, Nafarroako hegoaldeko produktuak Euskal Herriaren luze zabalean banatuko dira, bide batez eremu hartako euskalgintzari bultzada emanda. Horretarako, saskien salmentarekin lortutako diruaren % 25 honako egitasmo hauetara bideratuko da aurten: Erriberako ikastoletara, Erriberako AEKra eta Euskaraz bizi eta ikasi herri ekimenaren Hamarratz proiektura. Saskien prezioa 50 eurokoa izango da, eta hamar ekoizleren produktuek osatuko dituzte: 2 botila olio (bata ekologikoa), 2 poto piper, potxak, kardoa, mahats zuku ekologikoa, orburuak, 2 lata zainzuri, tomate saltsa ekologikoa, barazki krema ekologikoa, pikillozko marmelada ekologikoa eta botila bat ardo beltz (ekologikoa). Eskaerak jasotzeko epea azaroaren 12an amaituko da, eta banaketa hilaren 17tik 30era egingo dute. Hala eskaerak nola saskiak hainbat lekutan egin eta jaso ahal izango dira, tartean, AEKren hainbat euskaltegitan. Eskariak egiteko epea zabalik da, beraz, ez itxaron gehiago eta segi zuen saskia eskatzera. Iaz, 8.000 saskitik gora banatu ziren, eta 112.000 euro lortu Nafarroako hegoaldeko euskalgintzarako. Ea aurten kopuru hori gainditzen den!

‘Gaur, euskara praktikatu. Bihar, euskaraz bizi’ jardunaldia Bilbon

jardunaldiaAzaroaren 28an egingo da Bilboko La Bolsa udaltegian Gaur, euskara praktikatu. Bihar, euskaraz bizi izeneko jardunaldia, AEKren Praktika Jarduerak zerbitzuak antolatuta.
Goizeko bederatzietan hasiko da jardunaldia, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari Ana De Castrok eta AEKren koordina­tzaile nagusi Mertxe Mugikak parte-hartzaileei ongietorria eman bezain pronto.
Goizaren lehen zatia lau hitzaldik osatuko dute. Hala, Korrika arduradun Asier Amondok emango dio hasiera jardunaldiari,  Ideia zoro batetik abiaturik herri oso bat martxan jartzen duen ekimena izatera izenburu duen berbaldiarekin. Ondoren, Euskaldun senti­tzeko estrategiak azalduko ditu Deustuko Unibertsitateko Jone Goirigolzarrik. Jarraian, Kontseiluko Maite Indak min­tzapraktika egitasmoak aztertuko ditu Mintzapraktika egitasmoak, arnasgune fun­tzionalak izeneko hitzaldian. Eta azkenik, EHUko irakasle Iñaki Martinez de Luna honako gai honetaz mintzatuko da: Nola garatu diskurtsoa mintzapraktika egitasmoetako partaideen artean?
Ordu erdiko atsedenaldiaren ostean, ordura arte entzule baino ez izandakoek solasean jarduteko aukera edukiko dute. Izan ere, ordubete eskainiko zaie lantaldeei, partaideek euren ekarpenak eta iri­tziak bota ditzaten entzundakoaren gainean. Bukatzeko, mintzapraktika egitasmoetan dabiltzan hainbat kideren testigantzak jasotzen dituen bideoa aurkeztuko da. Bertan aipatuko dituzte ikastetik hitz egiterako jauzia ematean bizi izan dituzten jarrera mesedegarri eta oztopatzaileak. Ekitaldia 13:00ean bukatzea aurreikusten da.
Jardunaldia irekia izango da, baina aurretik izena eman beharko da parte hartzeko, pratikatu.org webgunean. Horretarako epea azaroaren 21ean amaituko da.