Oarsoaldeko ikasleak Lekarozen

lekarozEuskaltegian nahiz euskaltegitik kanpo, Oarsoaldeko AEK-ko ikasleak ez dabiltza lo. Ikasitakoak praktikan jarri eta hobetzeko xedez, Lezoko Oroitzene AEK, Oiartzungo Intxixu AEK, Errenteria-Oreretako Xenpelar AEK eta Pasaiako Txirrita AEK euskaltegietako 30 bat ikaslek eta irakaslek barnetegi txikia burutu zuten Lekarozen iragan azaroaren amaieran, urteroko tradizioari segida emanez. Argazkietan ikus daitekeenez, mingainak askatzeko zein ongi pasatzeko beta izan zuten partaide guztiek. Karaokea, zubi tiroldarretan ibiltzeko saioak Igantziko Irrisarri Land abentura parkean, txangoa Arantzara eta Xorroxingo ur-jauzira, oka jolasa Elizondoko plazan... Barnetegitxo laburra bezain emankorra bizi izan zuten denek lagunarteko giro paregabean.

AEK eta IKA Nafarroako Legebiltzarreko oposizioko alderdiekin

Dela foru lege bidez, dela beste formaturen batean, euskaltegien garapenerako arautegi bat beharrezkoa dela nabarmendu dute Nafarroako AEK-k eta IKAk, iragan abenduan Nafarroako Legebil­tzarreko oposizioko alderdi guztiekin bilera erronda egin ostean. Bilerotan, helduen euskalduntzeak Nafarroan bizi duen egoera azaldu zieten alderdiei, baita eskaera egin ere Nafarroako Gobernua euskaltegiei eman beharreko diru-laguntzak ematera behar­tzeko. AEKren eta IKAren Nafarroako euskaltegiek ez dute inolako diru-laguntzarik jaso 2012tik, nahiz eta aurrekontuetan diru partida egon. Gainera, Gobernuak ez du deus egin euskararen normalizazioan funtsezkoa den helduen euskalduntzearen alde. Ez plangintzarik euskaltegiekin batera, ez inolako sustapenik, legeak horretara behartu arren Gobernua. Finean, ez du inolako urratsik ematen euskaraz bizitzeko eskubidea gauzatzeko. Egoera horren berri emateko baliatu zuten AEKren eta IKAren ordezkariek bilera erronda, baita helduen euskalduntzea sustatzeari begira alderdiek dituzten iritzi eta proposamenak jasotzeko ere. Hala, helduen euskalduntzea arautzeko eta “behar bezala aintzat hartzeko” arautegi bat ezinbestekoa dela ondorioztatu dute bi euskaltegien ordezkariek. Hori lortzeko, alderdiekin elkarlanean jarduteko asmoa berretsi dute AEK-k eta IKAk, “euskaltegien egonkortasuna lortu arte”.