Nafarroan euskarari arnasa emateko neurriak eskatu dituzte AEK-k eta IKAk

Euskarak arnasa behar du. Plangintza bat behar-beharrezkoa du. Finan­tzaketa-sistema egonkorra. Sustapena. Euskaraz bizi nahi duen herri bat duzue aurrean”. Hitzok laburbiltzen dute, neurri batean, AEK-ko eta ­IKAko ordezkariek Nafarroako Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean iragan urtarrilaren 28an eginiko agerraldiaren xedea. Horrela amaitu zuten euren diskurtsoa Xabi Gartzia eta Alizia Iribarren Nafarroako AEKren ordezkariek. IKAren ordezkariekin batera, helduen euskalduntzeak Nafarroan bizi duen egoeraz mintzatzeko hartu zuten parte aipatu batzordean. Zehazki, euskara ikasiz Nafarroako herritar helduek euskararen normalizazioari egiten dioten ekarpena nabarmendu ostean, euskaltegien egoeraz hitz egin eta, Nafarroako Gobernuaren aldetik pairatzen duten egoera aintzat hartuta, aurrera begirako proposamenak egin zizkieten batzordean bildutako alderdi guztien ordezkariei. Izan ere, herri ekimeneko euskaltegiek euren gain hartzen baitute berez Gobernuarena beharko lukeen ardura: nafar guztiei euskaraz ikasteko aukera eskaintzea. Hala, hiru proposamen egin zizkieten batzordekideei. Lehenik, euskarari prestigioa eta balioa ematea, hots, hizkuntzari ukatzen zaion arnasa ematea. Bigarrenik, helduen euskalduntzearen zein euskaltegien lanaren aldeko sustapena, planifikazioa eta koordinazioa egitea; eta, finantzaketari dagokionez, marko iraunkorra ezartzea. Azkenik, parlamentariak herritarren ordezkariak diren neurrian, eredu izateko gonbitea luzatu zieten. Hots, euskara ikastera eta erabiltzera animatu zituzten.

Mallabian ere badira berbalagunak

mallabiaDagoeneko martxan da Mallabiko lehenengo berbalagun taldea, bariku arratsaldeetan biltzen dena. Hurrengo erronka da, Juanmi Bravo dinamizatzailearen esanetan, “goizez beste talde bat osatzea, lanean txandaka dabilen jendeak astero biltzeko aukera izan dezan”. Gainera, estreinako gurasolagun taldea sortzeko lanean dabiltza egunotan, eskolako gurasoekin bilerak eginez.
Mallabiko Udala, Kaltxango AEK euskaltegia eta Orraitio euskara taldea dira egitasmoaren sustatzaile nagusiak. Berau abian jartzeko premia ikusi zuten hiru erakundeok; izan ere, Mallabia oso herri euskalduna zen duela urte batzuk, baina gaur egun biztanleen erdiak baino ez dira euskaldunak, batik bat baserri eta auzoetakoak: “Herrigunean etxe berri asko eraikitzeak eragin du hizkuntz egoeraren aldaketa”. Orain asmoa da programa honen bidez euskaldun zaharrak eta berriak elkarrekin harremanetan jartzea, herrian euskararen erabilera areagotzeko. Mallabikoarekin hiru dira ikasturte honetan abiarazitako berbalagun egitasmo berriak, urrian abiatu baitziren Gatikakoa eta Arrietakoa, horiek ere Bizkaian.

AEK, IV. Didaktika topaketa burututa

topaketaAEK-ko 105 irakasle bildu ziren Gasteizen pasa den hilaren amaieran AEKren IV. Didaktika Topaketan. Irakasleen etengabeko prestakuntza helburu, euskara ikasleen motibazioa, ikasten laguntzeko teknologiak, ikas-materialak, ikasleentzako guneak eta autoikaskuntza izan zituzten hizpide. Bukatzeko, jardunaldian entzundakoak eta esandakoak komentatu eta partekatu zituzten, hamahiru taldetan bilduta.
AEKren koordinatzaile nagusi Mertxe Mugikak eman zion hasiera jardunaldiari. Mugikak azpimarratu zuen “AEKren balioetako bat” dela ehundik gora irakasle batzea euren lanaz jarduteko: “19. Korrikan behin eta berriro predikatzen ari garena benetan garatzen dugu. Elkarlanean euskahalduntzeko ahalmenean sinesten dugu, eta lan horretan etengabe hobetzeko gogoz gaude”.
Hitzaldietako batean, Iñaki Martinez de Luna soziologoa eta Oier Artola AEKidea euskara ikasleen motibazioaz aritu ziren. Hala, azaldu zuten gaur egun bi motibazio nagusi daudela: instrumentala eta afektiboa; bigarrena duenak “joera handiagoa” izango du euskara erabiltzeko. Hizlarien ustez, motibazio instrumentala aldatzea badago, baina asmatu egin behar da aldaketa hori gauzatzen. Artolaren aburuz, “euskara balioekin lotzen den unean, motibazioa handitu egiten da. Beraz, ikasleak ondo ezagutu eta beraien barrenera jo behar da”. Martinez de Lunak, berriz, “enpatia landu” behar dela aipatu zuen, “ikasleen tokian jarri eta nola erakarri aztertu. Horrez gain, ikasleak erabileraren garrantziaz ohartu behar dira. Hala, praktika jardueren eragina aintzat hartzekoa da, eta gehiago bultzatu behar dira”.
Maite Goñi, bestalde, ikasteko ingurune birtualaz aritu zen. Izan ere, ikasteko moduak eta bideek aldaketa handia izan dute azken urteotan, eta teknologiak eragin handia izan du horretan. Irakasleen gaitasun digitala garatu eta praktikan jartzeko, hainbat teknologia eta Internetek eskaintzen dituen zenbait aukera eta tresna erakutsi zizkien parte-hartzaileei Mondragon Unibertsitateko eta Ordiziako Jakintza Ikastolako irakasleak.

Eskaintza konbinatua Iruñerrian

Erabileran oinarritutako aurrez aurreko eskolak eta autoikaskuntza uztartuta, eskaintza konbinatua egin dute Iruñerriko AEK euskaltegiek. Hots, azken urteotan arrakasta handiz garatutako bi jardun eskaintza bakarrean batu dituzte eskaintza konbinatuaren bidez. Herritarren beharretara egokitzea du xede, baina ikaste prozesuaren beharrezko trinkotasuna apaldu gabe. Hala, orotara 160 orduko ikastaroa izango da, aurrez aurreko eskolak (astean hiru egunez) eta autoikaskuntza bidezko lanak (astean 2,5 orduko jardunak) nahastuta. Lehen taldea, ekaina bitartekoa, otsailaren erdialdean hasiko da martxan. Izena eman edota informazioa jaso nahi duenak, 948 274 160 edota 948 210 433 telefono-zenbakietara hots egin dezake, edo honako helbideotara idatzi: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. , E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. edo E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. .