Udan ere, praktikatu euskara!

Ikasturtea amaitzear dago, baina mintzapraktika egitasmoek ez dute etenik izango. Urtero bezala, aurten ere AEKren Praktika Zerbitzuak udan euskara praktikatzen jarraitzeko aukera zabaldu nahi die mintzalagun, berbalagun eta mintzakide izan nahi duten lagun guztiei. Mintzapraktika talderen baten parte hartu nahi izatekotan, errazena da euskaltegi hurbilenean edota herriko dinamizatzaileari galdetzea. Edota fitxa hau bete! Ekainaren 19an amaituko da izena emateko epea.

Gurasolagunen asteburu-pasa Urduñan

udaUdako familia barnetegia berotzen hasteko, Urtxintxa Eskolak eta AEKren Praktika Zerbitzuak familientzako asteburu-pasa antolatu dute ekainaren 6an eta 7an, Urduñan. Egonaldiaren helburua da euskara ikasten ari diren gurasoak, seme-alabekin batera, euskaraz arituz hizkuntza ohiturak aldatzen hastea.
Eskaintza ederra prestatu dute bi egun horietarako: jolasak, eskulanak, irteerak, sukaldaritza tailerra, ipuin-saioa... den-dena begiraleen laguntzarekin. Egonaldiaren prezioa ere ezin hobea da: heldua, 20 euro; lehenengo umea, 10 euro; eta  bigarrenetik aurrera, 5 euro ume bakoitzeko.
Izena emateko azken eguna maiatzaren 27a da. Lekua mugatua da; beraz, eman izena ahalik eta arinen helbide honetan: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.

Asteburuko barnetegiak Arantzan eta Iruñean

barnetegiakIruñeko Irrintzi AEK eta Iruñezar AEK euskaltegiek, Berriozarko Auzalor AEK euskaltegiarekin batera, asteburuko hiru barnetegi antolatu dituzte hil honetarako. Bi Arantzan eginen dira, ostiral iluntzean hasi eta igande arratsaldean amaituta: maiatzaren 8, 9 eta 10ean, A2 eta B1 mailak; eta maiatzaren 22, 23 eta 24an, B2, C1 eta EGAko ahozko azterketa prestatzekoa. Hirugarrena, aldiz, Iruñean bertan egingo da maiatzaren 16 eta 17an. Hiri barnetegi horretan, asteburukoan egiten diren jarduera guztiak izango dira, baina gaua ez da bertan igaroko. Halere, norbaitek lo egiteko tokia behar badu, AEK-k berak lagunduko dio lekua bilatzen.
Ikastaro hauek euskara ikasten ari den edo ikasi duen 18 urtetik gorako edonorentzat dira. Euskaltegian, akademian, ikastolan, bere kabuz zein klase partikularretan aritu edo aritzen den orok giro euskaldunean bizitzeko aukera izango du maiatzeko asteburuetan. Horrela, ikasgelan ikasitako guztia praktikan jarriz, parte hartzen duenak ikas-prozesuan aurrera egitea da helburua, jende euskalduna ezagutzen duen bitartean.
Izena emateko, Irrintzi, Iruñezar edo Auzalor euskaltegietara jo behar da, eta horretarako azken eguna barnetegia hasi aurreko ostirala izango da. Otorduak barne, Arantzakoak 120 €  balio du eta Iruñekoak, berriz, 90 € .