Haurrak ere pankarta atzean

lomce

Hego Euskal Herriko Lehen Hezkuntzako 3. mailako haurrek oporrak dituzte jomugan dagoeneko, baina ikasturtea hasterakoan zehaztu gabe zegoen azterketa bati egin behar izan diote aurre pasa den hilean. Nafarroan, guzti-guztiek; Euskadiko Autonomia Erkidegoan, hainbat ikastetxetakoek baino ez, proiektu pilotu gisa. Alderdi Popularraren Espainiako Gobernuak onartutako Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoaren (LOMCE) ondorio izan da proba hori. Aurten zortzi urte betetzen dituzten ikasleen hizkuntza eta matematika gaitasunak neurtzeaz gain, ikasteko arazoak garaiz antzematea ei du helburu. Guraso eta hezkuntza arloko eragile anitz, ordea, Lehen Hezkuntza arautzen duen dekretuaren aurka agertu dira, arau horrek hezkuntza estrategiak eta metodologiak aldaraziko dituelakoan, “argudio pedagogiko barik”. Hala, uste dute irakaskuntza azterketak gainditzera bideratuko dela, ikasketa prozesura bainoago. Legeak lege eta pedagogiak pedagogia, umeak tartean, zer eta nola ikasi behar duten erabakitzeko gauza ez diren “helduen” artean.

Zinema

orsonOrson Wellesek amaitu gabe utzitako film bat pantaila handirako bidean da

Hil zenetik 30 urte igaro direnean, eta haren jaiotzaren mendeurrena ospatu berritan, Orson Welles (Kenosha, Wisconsin, AEB, 1915 – Los Angeles, Kalifornia, AEB, 1985) sortzaile ezagunak amaitu barik utzitako The Other Side of the Wind filma estreinatuko dute. Ez da argitaragabeko filma plazaratzeko lehen saiakera izango, eta oraindik ez dute estreinaldirako data zehatzik jakinarazi. Halere, aurten estreinatzeko asmoa agertu dute ekoizleek. Welles 1970etik 1976ra aritu zen The Other Side of the Wind filmatzen, aldizka. Haatik, nahikoa diru lortu ez zuenez, bertan behera utzi behar izan zuen egitasmoa. Filmeko istorioak badu Wellesen bizi­tzarekin antzekotasunik: AEBetatik Europara joan ostean, garai batean izandako arrakasta berreskuratzeko asmoz Hollywoodera itzuli nahi duen zinema zuzendari baten ibiliak ditu kontagai. Dirudienez, filmaren abiapuntua izan zen 1937an Wellesek Ernest Hemingway idazlearekin izandako ika-mika eta borroka bat. Zuzendariak filmaturiko irudiak Parisen izan dituzte urteotan gorderik, 1.000 bat harilatan4, Wellesen Beatrice alabaren zaintzapean. Irudien eskubideek oztopatu dute haien erabilera. Alabarenak ez ezik, Oja Kodar aktorearenak eta L'Astrophore konpainiarenak ere badira filmaren ustiapen eskubideak. 2014an, ordea, Royal Road Entertainment konpainiak filma bukatzeko baimena lortu zuen, eta horretan ari dira orain. Lana diskrezioz egin nahi dute, Wellesen estiloa imitatuta. Lantegi zaila, zinemaren historiako egile handienetakoa izan baitzen Welles. Hori, baina, azken emaitzak erakutsiko du.

Hedabideak

maxixatzen'Maxixatzen' Azkoitiko herri aldizkaria kalean da berriz ere

2009an etena egin ostean, martxan da berriro Maxixatzen herri komunikabidea. Urteotan Azkoitian herri komunikabide baten hutsunea sumatu dutela-eta, egitasmoari berrekin dio Maxixatzen euskara elkarteak sei urteren ostean. Hala, 1996tik 2009ra bitartean elkarteak argitaraturiko aldizkariaren jarraipena izango da oraingoa. Bi euskarri izango ditu: paperezkoa eta webgunea (www.maxixatzen.eus). Paperezkoa hilabetekaria izango da, eta lehen bost aleak doan banatuko dituzte. Ondoren, bazkideek baino ez dute jasoko. Webguneak, aldiz, egunerokotasunari helduko dio, albisteak, gertakariak, emanaldiak eta bestelakoak jasota. Era berean, komunitateari garrantzi berezia eskainiko diote, herriko taldeek eta norbanakoek euren ekintzen eta gogoeten berri eman dezaten.

Araba Euskaraz

arabaDenok Gasteizera, euskara piztera!

Euskara pizteko gonbita zabalduta, ekainaren 14an egingo da Gasteizen Araba Euskaraz 2015. Hiriburuan izan arren, Oiongo San Bizente ikastolak antolatuko du Arabako ikastolen aldeko aurtengo jaia. Modu horretan, jende gehiago bertaratzea espero dute antolatzaileek. Izan ere, euren hezkuntza egitasmoa sendotzeko, ezinbestekoa dute aurtengo ospakizuna San Bizente ikastolakoek: bilduriko dirua ikastolaren hainbat azpiegitura berritzeko baliatu nahi dute, baita orain geldirik dauden jantokiko lanak berrabiarazteko ere. Gasteizko ospakizunean, Armentia ikastolaren laguntza jasoko dute Oiongoek. Hain juxtu, Armentiako zelaietan egongo da aurtengo Araba Euskarazen gune nagusia. Horrez gain, Mendizorrotzan eta Prado parkean ere izango dira ekitaldiak. Batzuetan zein besteetan, bertaratzen direnek ez dute aspertzeko betarik izango (informazio zehatza www.arabaeuskaraz.eus gunean topa daiteke). Hori bai, denek jasoko dute euskara erabiltzeko gonbidapen argia, Piztu euskara leloari esker. Euskara pitz dadin, hala Gasteizen nola Arabako Errioxan.

Irakaskuntza

eskolakEuskal eskola publiko txiki eta handien jaiak izango dira ekainean

Handitik txikira, ospakizunetik ospakizunera ibiliko dira datozen asteotan euskal eskola publikoak. Lehenik, ekainaren 7an, Euskal Eskola Publikoaren Jaia egingo da Elgoibarren. Handik astebetera, hilaren 14an, Gabirian izango dute hitzordua, Eskola Txikien Festan. Batean zein bestean, jaia izanen da nagusi, euskal eskola publikoaren aldeko aldarriarekin batera. Elgoibarren, Gustaten jata, jaku leloarekin eta Jata erlearen laguntzarekin azalduko dute eskola publikoaren garrantzia. Izan ere, erleak ekosistemaren biziraupenerako ezinbestekoak diren moduan, jendarteari bizirik eusteko hezkuntza beharrezkoa dela nabarmenduko dute. Antolatzaileek aipatu dutenez, “gure eskolak euskarazko eztia ematen die egunero gure haurrei, alegia, euskaraz bizitzeko aukera”. Bide horri bultzada emango diote ekainaren 7an Elgoibarren, ekitaldi mordoa antolatuta. Eskola Txikien Festan, aldiz, herri, auzo eta eskola txikiak bizirik daudela eta halaxe jarraitu behar dutela erakutsiko dute hilaren 14an. Hots, txikitasunean handiak direla, eta erabat beharrezkoak. Hori guztiori jai giroan bizi eta gozatu ahal izango dute Gabiriara gerturatzen diren guztiek. Bi ospakizunei buruzko informazioa honako webgune hauetan eskura daiteke: www.euskaleskolapublikoarenjaia.eus eta http://www.eskolatxikiak.org.