Mailaz maila 400...

zoko

... eta gorantz! AIZU! aldizkariaren 400. zenbakia da esku artean duzun honakoa. 1981ean sortu zenetik, ibilbide aberasgarria osatu du euskara ikasleen aldizkariak. Konta genezake 34 urteotan 400 zenbaki kaleratu ditugula; 500etik gora kazetarik eta kolaboratzailek idatzi dutela bertan; 3.000 lagun pasatxo elkarrizketatu ditugula; 6.000 iragarki baino gehiago argitaratu direla; milaka harpideren etxeetara iritsi garela; ehuna milaka euskalhaldunek leitu gaituztela; beste horrenbeste ikasle eta irakasle izan zaretela bidaide, gogaide eta lagun; edota Hiztegi Batua lehenengotik azkenera bete­tzeko adina hiztegi sarrera paratu ditugula gure orrialdeetan. Zenbakiak zenbaki, esan dezakegu orain artean argitaraturiko orrialde guztiak bata bestearen segidan ipinita Urepeletik Bilborako bidea bete ahal izango genukeela, ondoren atzera buelta eginez. Haatik, ez dugu halakorik egingo, ezta debaldeko hitzik botako ere. Atzera begiratu bai, baina soilik AIZU!ren jiran ibilitako guztiei gure eskerrik beroenak emateko eta aurrera jarraitzeko indarra hartzeko. Zuon guztion berotasuna lagun, urratsez urrats aitzina egingo baitugu. Mailaz maila, 400... eta gorantz!

Emakumeak

feministakIrailean iritsiko da Euskal Herrira Emakumeen Mundu Martxa

Bost urtetik behin egin ohi den Emakumeen Mundu Martxa Euskal Herrira ailegatzear da. Zehazki, irailaren 28tik urriaren 4ra bitartean zeharkatuko du Euskal Herria, herriz herri plazaratuz emakumeen eskubideak, aldarrikapenak eta borroka. Emakumeen Mundu Martxaren IV. Nazioarteko ekintza martxoan abiatu zen Kurdistanetik, eta Coimbran (Portugal) amaituko da urriaren 17an. Bide luze horretan, Geure gorputzak, geure lurraldeak. Martxarekin jarraituko dugu guztiok libre izan arte lelopean, emakumeek jasaten dituzten diskriminazio mota ugariak salatuko dituzte, baita haiei aurre egiteko aukerak landu eta ezagutarazi ere. Zehazki, lau helburu nagusi ditu aurtengo ekintzak: emakumeek pairatzen dituzten indarkeria motak ikusarazi eta salatzea; sistema kapitalista, patriarkal eta heteronormatiboari aurre egiteko emakumeak eraikitzen ari diren bideak sustatu eta ikusgai egitea; emakumeen borroka munduari ikusaraztea; eta mugimendua indartu eta hedatzea, parte hartzea ahalik eta gehien zabalduta. Martxa abiatu zenetik, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxako Plataformak hainbat ekintza burutu ditu. Karabanak euskal lurraldea zeharkatu bitartean ere makina bat ekintza izango da, nagusiki Martxak igaroko dituen herrietan. Horien berri izateko, Martxari buruzko informazio gehiago eskuratzeko edota bertan nola parte hartu jakiteko, http://emakumeenmundumartxa.eus/ webgunera jo daiteke.

Kultura

tabakaleraTabakalera kultura garaikidearen gunea ateak zabaltzeko prest da

Lau urtez eraberritze lanetan izan ostean, eta egitasmoak berak hainbat aldaketa bizi ondoren, irailaren 11n irekiko dute behin betiko Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa. Hala, sorkuntzarako gune bilakatuko da iraganean tabako fabrika izandako eraikina. Hots, kultur jardueran oinarrituriko toki publiko eta bizia izango da. Aurrerantzean, hainbat egitasmo eta ekimen jasoko ditu Tabakalerak, baina horiek guztiak modu mailakatuan ipiniko dira abian, udazkenak aurrera egin ahala. Dena dela, tabako fabrika zaharraren jardunak emango duenaren berri bertatik bertara ezagutu ahal izango da irailaren 11tik 13rako asteburuan, egitarau zabal bati esker. Irailaren 11n egingo da irekiera, 18:00etan, jai izaerako ekitaldi publikoarekin: Tabakalera eremuka ezagutzeko aukera, gonbidaturiko artistekin bisita egiteko parada, DJ emanaldia... Era berean, 13ra bitartean, publiko guztientzako ekintzak eskainiko dituzte: erakusketak, lantegiak, topaketak, performanceak, familientzako proiekzioak eta abarrak. Gainera, irekiera aurreko astean ere zenbait ekitaldi egingo dituzte, eta zer esanik ez ondorengo asteetan, proiektua osatuko duten orotariko ekimenak martxan jartzen diren heinean. Aurkezpen ekitaldien egitarau zabala zein egitasmoari buruzko informazio guztia www.tabakalera.eus gunean daude eskuragai.

Ingurumena

ozeanoaMendea amaitzerako, itsasoaren maila 59 zentimetro igo daiteke

Klima aldaketari aurre egin ezean, itsas mailak nabarmen egingo du gora XXI. mendea buka­tzen denerako. Zehazki, 59 zentimetro igoko da, WWF Naturarentzako Mundu Funtsak jakinarazi duenez. Igoera horrek eragingo lituzkeen kalteak ere aipatu ditu: uholdeak, denboraleak, olatuen norabide eta indarrean aldaketak eta itsasoak azidotzea. Adibide zehatzak ere eman ditu. Hala, WWFren arabera, 2040. urterako itsasoaren maila sei zentimetro igoko balitz, Kantauriar kostaldean hiru metro egingo lituzke atzerantz itsasbazterrak, eta metro bat edo biren artean Kanariar Uharteetan eta Mediterraneoko kostaldean. Dagoeneko itsas azaleko uren tenperatura % 70 igo dela salatu du WWFk, eta kostaldeetako zein itsasoko ekosistemetan nabari dela; besteak beste, ekosistema horietan lor daitezkeen lehengaietan, botiketan, elikagaietan nahiz uraren kalitatean. Horiek horrela, nazioarteko gobernuei presio egiteko kanpaina abiarazi du WWFk. Helburua da neurri eraginkorrak adostea Nazio Batuen Erakundeak antolatuta abenduan egingo den Parisko (Frantzia) Klima Aldaketari buruzko Nazioarteko Konferentzian. Industrializazio aurreko tenperaturekiko tenperatura globalaren batez besteko igoera 1,5 gradutara mugatu nahi du WWFk. Horrek, baina, ez dirudi erraza, dagoeneko gradu bateko igoera gertatu baita, WWFren hitzetan. Oraingo bilakaera jarraituz gero, igoera 4 gradukoa izango ei da, gainera.

Zinema

goonies'The Goonies' filmaren zalerik ez, mesedez

Esan liteke Richard Donnerrek 1985ean zuzenduriko The Goonies filma aski ezaguna ez ezik, kasik kultuzko lana ere badela. Estreinatu zutenetik 30 urte pasa dira, baina oraindik milaka zale ditu. Ondotxo dakite hori Astoria herrian (Oregon, AEB), bertan baitago filmeko protagonista nagusien etxea. Urtero milaka lagun igarotzen dira bertatik etxea ezagutzeko asmoz, eta Astoriako erakundeek filma baliatzen dute turistak erakartzeko. Esaterako, filmaren 30. urteurrenaren harira, omenaldiak, bisita gidatuak eta bestelako ekintza ugari antolatu zituzten udan herriko erakundeek. Horrek turistak bildu eta dirua utzi du, baina, era berean, etxearen jabearen pazientzia agortu du. Egunero bisitari mordoa jasotzeaz eta jasateaz gogaituta, zaleen erromesaldiarekin amaitzeko neurriak hartu ditu: lursailean sartzea debekatu du eta etxeko zati batzuk olan batez estali ditu, kuxkuxeroek ez dezaten deus ikus. Etxera sar­tzea debekatzen duen kartelean bere erabakiaren arrazoiak ere azaldu ditu: etxea erosi eta hura konpontzen “dirua, denbora eta maitasuna” utzi ostean, Astoriako agintariek jende erakartzeko egindako ahaleginen ondorioz, nazka-nazka eginda amaitu du. Kartelean dioenez, “sarrera honetatik egunero 1.000 lagun baino gehiago igarotzen dira; bisitari asko atseginak dira, baina beste asko ez”. Auzokoak ere kexu dira, bisitarien joan-etorriak zikinkeria ugari sortzen duelako. Hori bai, kontraesanak ere suma daitezke jabearen jarreran. Antza, duela urte gu­txira arte, telebista kateei etxean sartzen uzten zien. Kontraesanak kontraesan, etxeaz gozatu nahi duenak The Goonies filma ikusiz egin beharko du.

Artikulu gehiago...

  1. Euskara
  2. Astronomia