MAITE LARBURUk (Hernani, 1979) bakarkako bigarren diskoa atera du: Krak. Biolin jotzailea, Amsterdamen espezializatu zen antzinako musikan, eta 2018an itzuli zen Hernanira, Europako erdialdeko talde onenekin jotzen ibili eta gero. Martxotik, Amua antzezten dabil, Fuchs anaiekin. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.


Zu ez zara aktorea. Nola gertatu zen Amua antzezlanerako musika egitetik protagonista izaterako jauzia?
Hasieran, nire papera zein izango zen ez nuen ondo ulertu. Maitasunaren gaineko antzezlan baterako musika sortuko nuela eta pertsonaietako bat izango nintzela uste nuen. Ez naizenez aktorea, oholtzan instrumentuekin egongo nintzela eta noizean behin esaldiren bat bota beharko nuela pentsatzen nuen. Denbora aurrera joan ahala ohartu nintzen nire pertsonaia protagonista zela, eta hor hartu nuen sustoa. Azkenean, zorionez, pandemiak Euskal Herrian egoteko eta denbora izateko aukera eman dit, baita gauza guztiak asimilatu eta aurrera eramateko gaitasuna ere.

 

“Hemen musika hobbytzat hartzen da oraindik ere”
“Euskaldunoi tribuan kontsumitzea gustatzen zaigu”
“Erantzunik gabeko galderak sarritan izaten dira sormenerako akuilu”

“Pozetik ere sor daiteke, ez dago zertan lur jota egon"
“Sortzaileak beti izaten du makineria martxan, edozerk pizten dizu printza”
“Zergatik ikasi euskara? Ateak zabaltzen dituelako eta gimnastika egitea ona delako”


Krak diskoa egin duena eta biolinaz antzinako musika jotzen duena, bi Maite dira?
Ezetz esango nuke... edo bai. Bakarka hasi aurretik, Neighbor bikotean egin nituen bi diskoetan, ez dago ia biolinik, antzinako musika eta nire kantugintza erabat bereizten nituelako. Klasikoa jotzeko partituraren beharra nuen, horixe izan delako nire musika hezkuntza; kantua, aldiz, zerbait askeagoarekin lotzen nuen. Gero, beste instrumentu batzuk jotzen hasi nintzen, eta bakarkako lehen diskoak (Hezurren azpian) atea zabaldu zion biolinari. Orduan uztartu ziren bi mundu horiek. Horregatik diot ez dela Maite desberdina, azkenean musika beti pasatzen delako nigandik, ahotsa, gitarra zein biolina erabili; Vivaldiren kontzertu bat eskaintzen badut ere, musika nigandik pasatzen da. Ikusleak eta giroa ezberdinak dira, baina niretzat kontzertua ematea da, nahiz eta agian neure musikarekin ardura handiagoa sentitu neu naizelako horren aurpegia. Halere, batzuetan antzinakoarekin ere... Orkestra handiagoan lasaiago egon zaitezke, baina ganbera musika bada, gutxi bagara edo irratiren bat grabatzen ari bada, estres handia sumatzen dut.
Hainbat hizkuntza dakizkizu eta kanpoan ez zaizu euskara ahaztu. Bi arrazoi euskara ikasteko?
Bat, ateak zabaltzen dituela, batez ere zure baitan. Ezagutzen ez zenuen norbait aurkituko duzu zuregan zure burua beste hizkuntza batean adierazten ari denean. Ateak besteengan ere zabalduko dizkizu: beste pertsona batzuk ikusiko dituzu, inoiz ikusi ez dituzun moduan, beren burua euskaraz adierazten dutenean. Izan ere, kultura bat eta jende bat ezagutzeko modurik zuzenekoena bere hizkuntzaren bitartez da. Horrek ate asko zabaltzen dizkizu, eta altxorrak daude atzean. Beste arrazoi bat da oso ona dela egunero gimnastika egitea. Eta hizkuntza bat ikastea gimnastika egitea da: ahoarekin, eztarriarekin, mingainarekin eta buruarekin. Gainera, hizkuntzak ikastea alzheimerra eta beste hainbat gaixotasun ekiditeko oso modu osasungarria da, eta komeni zaigu.

KOLKOTIK

Musika tresna bat?
Ahotsa.
Musikari bat?
Johann Sebastian Bach.
Entzun duzun kontzertu gogoangarri bat?
Amsterdamen, You Us We All opera, Shara Novak idatzia.
Zein kontzertu ikus ez izanaren pena duzu?
Ezin izan nintzen joan Johann Sebastian Bachen Matthäus-Passion obraren lehendabiziko estreinaldira...
Zeuk eskainitako kontzertu baten ondoren, zer?
Garagardo bat.
Musikaria ez bazina, zer?
Entzulea.
Ahotsa zaintzeko erremediorik onena?
Jengibrea eta limoia.
Larunbat gau baterako planik onena?
Belarretan etzan eta izarrei begira egon, podcast bat entzuten.
Zer ez da falta inoiz zure etxeko hozkailuan?
Jengibrea.
Zer moduz konpontzen zara sukaldean?
Ondo edo... Baina etxean sukaldari bat daukat, beraz...
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen berria?
Pobrezia desagertu egin dela.
Zerk galarazten dizu loa?
Buru barruko mamuek.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean?
Arnasa hartu.
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean?
Denbora.
Nola ikusten duzu zeure burua 20 urte barru?
Ez dut ikusten.
Non bilatzen duzu inspirazioa?
Hezurren azpian.
Hitz batean, nolakoa da Maite Larburu?
Pospoloa.

Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.