Saharan, Berlinen, New Yorken... mundu osoan daude hedatuta Guernica artelanaren interpretazioak. Orain, hainbat elkartek deialdi berezia egin dute, Guernica Gernikara kanpainaren bidez, nork bere etxean, lantokian edota gorputzean duena haiei helarazteko. Hil honen amaierara arte jasoko dituzte irudiak, eta web orri batean argitaratuko ditu Gernika Memoriaren Lekuko plataformak. Irudiak helbide honetara bidali behar dira: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.. Maider del Olmo. Argazkia: Pixabay.

Ez da aldarrikapen berria Pablo Picassoren Guernica koadroa Gernikara ekartzeko eskatzea. Unibertsala eta garaikidea izaten segitzen du sinboloak: izugarrikeriaren salaketa. Hala, Gernika Memoriaren Lekuko plataformak joan den irailaren 10ean abiatu zuen kanpaina, margolana New Yorketik Madrilera eraman zuteneko 40. urteurrenean.
Kanpaina hasi aurretik, euskal diasporako zenbait kiderekin harremanetan jarri ginen, eta horren emaitza jaso dugu: Argentinako Rosario hiriko Guernica edota Pavel Eguez artistaren interpretazioa. Gutxieneko arreta ipiniz gero, Guernica artelanaren interpretazioak mundu osoan barrena daudela ohar gaitezke” adierazi du Ibon Meñika plataformako kideak. Era berean, irudiak bidaltzeko azaroaren bukaerara arteko epea dagoela esan du, eta plataformaren web orrian argitaratuko dituztela.“Nork bere etxean, lantokian edota gorputzean duena” igortzeko eskaera nabarmendu nahi izan dute.
Hainbat elkarte plataforman
Duela lau urte jaio zen plataforma, bonbardaketaren 80. urteurrenaren harira. Hainbat elkartek osatzen dute: Gernika Batzordea, Ipes elkartea, Gernika Garretan, Lobak, Arrano Kultur Elkartea eta Sare Gernika-Lumo. Nabarmendu dutenez, artelana Gernikara ekartzeko aldarrikapena ez da orain sortua. Izan ere, 1976.urtean agertu ziren jendaurrean, lehenengo aldiz, Gernikako bonbardaketaren ikerketa taldeko kideak eskaera horrekin, besteak beste. Taldeak Gernika Batzordea izena hartu zuen gero.
Meñikaren hitzetan, “1987. urtean, bonbardaketaren 50. urtemugan, pauso bat harago egin zen, Gernika 37-87 herri batzordearen eraketaren testuinguruan. Urte hartako apirilaren 11n, Guernica Madrilgo Buen Retiroko etxetzarrean zegoela, batzordeko hamazazpi kidek zortzi ordu luzez lotu zuten bere burua katez, bakoitzak leloaren hizki bat zeramala: Guernica Gernikara. Gainera, artxibo militarrak zabaltzeko eskatu zuten lau haizetara. Oihartzun handia lortu zuten”.
Nolanahi ere, Picassok 1937an margotu zuenetik, koadroak munduko hainbat leku ezagutu ditu zenbait erakusketatan; besteak beste, toki hauetan egon zen ikusgai: 1937an Parisen, 1938an Parisen eta Londresen, 1939an Manchesterren eta New Yorken, 1940an Chicagon, 1944an Mexikon, 1953an Brasilen eta 1955ean Munichen. Guernica Gernikara aldarrikapenari atxikita, “azken bidaia izatea zor zaio Gernikari”, plataformaren iritziz.


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.