Zer da AIZU!

AIZU! oinarrizko euskaraz idatzitako aldizkaria da, euskara ikasten ari den edota euskaraz irakurtzeko ohiturarik ez duen ororen lagungarri. AEK-k argitaratu eta doan banatzen du hilero bere ikasleen artean. Ikasleentzat ez ezik, euskara irakasleentzat ere eskolarako material iturri garrantzitsua da.

AIZU! aldizkariak urtean hamar ale kaleratzen ditu (hileko bat, abuztuan eta urrian izan ezik), eta batez ere gizarte eta kultura gaiak lantzen ditu, erreportaje, elkarrizketa eta albiste laburren bidez. Komikiak, denbora-pasak eta euskal gramatikaren inguruan sortzen diren zalantzak argitzeko txokoa ere biltzen ditu bere orrietan, eta AEK-ko ikasleek egindako lantxoak ere argitaratzen dira tarteka-marteka. Testu guztiak daude euskara errazean idatzita eta hiztegi sarreratxoen laguntza dute, hitz eta egitura zailenak ulertu ahal izateko. Guztira, hilean 11.000 aletik gora banatzen dira ikasle, irakasle eta harpidedunen artean.

AEK-ko ikasleek doan jasotzen dute aldizkaria euskaltegian, baina harpidetza bidez ere jaso daiteke norberaren etxean, irakurle ororentzako moduko aldizkaria baita.

Historia

1981eko abenduan jaio zen AIZU!, euskara ikasleei laguntzeko asmoz, ikas-prozesuan zebiltzanek irakurgaiak izan zitzaten, kioskoan horrelakorik topatzen ez zutelako. Sortu, lagun talde batek sortu zuen. Aitzindariak Deustuko Unibertsitateko zenbait ikasle izan ziren, haietako batzuk euskara ikasten ari zirenak. Euskararen arloan hutsune handi bat sentitzen zuten, euskaltegitik kanpo ez baitzuten euskara lantzeko aukerarik. Gauzak horrela, agerkaritxo bat ekoizteari ekin zioten, artisau eran. Hasiera batean ez zeukaten inolako loturarik AEKrekin: koordinakundea ezagutzen zuten eta, agian, haietakoren bat AEK-ko ikaslea izango zen, baina besterik ez. Nekez egiten zuten aurrera, ordea, eta bi urtez jardun ostean koordinakundeari eskaini zioten hasitako proiektuarekin jarraitzea. 1983ko azaroan atera zen AEKren lehenengo AIZU!, 3. Korrikarekin batera. Harrezkero, AEKren baitan egin du bere ibilbidea.

Nor gara?

Lan talde saiatua osatzen dugu AIZU!ko kideok. Egoitza nagusia Donostian izanik ere, Euskal Herriko lurralde guztietan jazotakoak bildu eta haien berri emateko kazetari eta kolaboratzaile talde zabala du. Horri, gainera, AEKren euskaltegi sare zabala gehitu behar zaio, haiek ere berriemaile -eta sarritan berri sortzaile- lanak egin ohi baitituzte.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.