Euskaldun guztioi balio izango digun lagunarteko hizkera sustatzeko asmoz, Jijaua.eus webgunea sortu du Desigualeko Hitzak mugimenduak. Euskara arruntak bizi duen egoera txarrari aurre egiteko abiatu du. Izan ere, gunearen sustatzaileek hutsune handia sumatzen dute arlo horretan. Batetik, haien ustez, euskaraz egiteko modu hori ia ez da ezaguna eta, beraz, erabilia, hiztunok ez dugulako ezagutzen. Bestetik, batuak ez omen ditu jaso ahozko euskararen berezitasun asko. Hutsune horrek, halaber, euskañola areagotzea ekarri du, euskararen ordez espainolezko hitz eta esamoldeak erabiltzea, alegia. Hala, hainbat material bildu dituzte gunean; nagusia Jijaua hiztegia da, une honetan 1.000 sarrera dauzkana eta aurrerantzean gero eta gehiago osatuko dutena. Ahoskerari buruzko azalpenak ere bildu dituzte. Jakingarri gehiago ere batu dituzte gunearen beste ataletan, hala nola esaerak, hitano murriztua eta beste iturri batzuetatik bildutako materialek eskainitakoa. Hain zuzen, azken atal horretan ageri da AIZU!k duela zenbait urte bildutako makina bat esamolde.


454xaldun
NAFARROAKO
 ahozko tradiziotik bildutako haur kanta, ipuin eta jolasak bildu ditu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak Xaldun Kortin atarian (xaldunkortin.educacion.navarra.es). Labrit Multimediak garatutako atariak etxeko txikiekin aritzeko material ugari biltzen du lau ataletan: Kantuak eta kontuak, Ipuinak, Antzerkia eta Haur hizkera. Abesti eta kontuak, era berean, azpiataletan sailkatuak daude: eskuekin eta behatzekin jolasteko, lokartzeko, laztantzeko eta mina arintzeko, trostan ibiltzeko, taldean jolasteko... Zenbaitek, halaber, bideoa ere badute. Bestalde, Haur hizkera atalean, haurrekin erabili ohi diren hitzen hiztegia dakar. Bilduman jaso diren kantu, formula eta jolasak etxez etxe bildu ziren Baztan, Bortziriak, Malerreka, Leitzaldea, Ultzama, Sakana eta Pirinioetako herrietan, besteak beste. Lekukotasun horien emaitza Xaldun Kortin, jolastu gurekin! (Labrit Multimedia, 2014) argitalpen multimedia izan zen, orain martxan den atariaren iturri nagusia, hain zuzen.

LABURREAN

EUSKAL ADITZAK jokatzeko eta bilatzeko aukera ematen du Adizkinaitor-ek, Ander Herranz Uribarri euskara irakasleak sortu eta Aparttak garatzaileak programatutako aplikazioak. Euskara ikasleek zein euskal hiztunek aditzen inguruan izan ditzaketen zalantzak argitzeko xedez sortua, aditz trinkoak, laguntzaileak eta hikako alokutiboak biltzen ditu. Hala, aditzak jokatzea, adizkiak bilatzea eta bilaketa zehatzak egitea ahalbidetzen du aplikazioak. Oraingoz, Android sistema darabilten gailuetarako garatu dute, eta Google Playn eskura daiteke, doan.


454play
EUSKARAZ
 aritzen diren youtuber eta streamer direlakoak sortu eta indartzeko, Sortu eta Play izeneko webgunea eta YouTube katea sortu dituzte Eusko Ikaskuntzako Asmoz Fundazioak eta Game Erauntsia elkarteak: sortuetaplay.asmoz.org. Gazteek eduki dibulgatzaile eta entretenimenduzkoak egin ditzaten oinarrizko gako eta baliabideak eskaintzen ditu egitasmoak: bideo tutorialen sorta hainbat jarraibiderekin eta ohiko kontzeptuei buruzko glosarioa, besteak beste. Euskal sortzaileei beren lanak partekatzeko aukera ere ematen die, Sortu eta Play guneko Komunitatean edo Euskal Sortzaile Digitalen Topagunean.