Zer da adimen artifiziala? Makina bat erantzun posible dago: software bat, teknologia bat, arau matematiko eta estatistikoen bilduma bat... Baina baita, ez dezagun ahaztu, produktu bat ere.
Enpresa batzuek bai beste enpresa batzuei bai norbanako erabiltzaileoi saldu nahi diguten produktu bat ere bada adimen artifiziala. Eta, beste produktu askorekin bezala, honekin ere saltzaileek publizitate inbertsio erraldoiak egin dituzte. Halako xaboiak arropa elurra baino zuriago utziko dizu; honako konpresa honek hileroko mina kendu eta dantzatzeko gogoa emango dizu... eta adimen artifizialak idazteko, ikasteko eta laburpenak egiteko nekeak kenduko dizkizu, di-da. Gezur biribilak, bata bestearen atzetik.
Amazonek dendaririk gabeko dendak iragarri zituen 2016ko abenduan. Bereizmen oso handiko eta aurpegiak zein objektuak identifikatzeko adimen artifizialeko sistema oso sofistikatuari esker, AEBetan dituen denda fisikoetan kutxatik pasatu gabe erosteko aukera eskaintzen zuen. Dendan sartutakoan zeure burua eta ordainketa modua identifikatu, apaletatik nahi duzuna hartu eta zuzenean irtenda, ordaintzeko ilararik egin gabe. Sistema adimendunak dendatik atera duzun guztiaren zerrenda egin eta automatikoki kobra zezakeen.
Horrelako ehunka denda barreiatu ditu Amazonek AEBetan, baina duela aste batzuk iragarri zuen sistema bertan behera utziko duela, garestiegia delako. Aitortu duenez, 2016tik hona ez du lortu sistema automatikoak behar bezala funtzionatzea, eta, azkenean, Indian 1.000 lagun baino gehiago kontratatu behar izan ditu AEBetako dendetan grabatutako irudiak aztertzeko, bezeroak eta erosketak banan-banan eskuz identifikatzeko, eta kobratzeak eskuz agintzeko. Hau da: ustez dendaririk gabeko denda haietan dendariak egon bazeuden... baina munduko beste puntatik zaintzen zituzten saltokiak.
Beharbada, gaiztoegia izatea da, baina nago hori ez dela izango adimen artifizialaren ahalmen zoragarriekin lotuta argituko diguten gezur bakarra. Eta espero dut dibertigarriena ere ez izatea!

https://labur.eus/amazongo Informazio gehiago teknopata.eus blogean.
https://labur.eus/zerdaAA Campus aldizkariko artikulu zientifiko bat, adimen artifiziala zer den eta zer ez den azaltzen duena.
https://labur.eus/AAikasgela Adimen artifiziala azaltzeko bideo bat, Ikusgela kanalean.