Ilargiraino joan nahi duen trena

larrun

Larrun mendia jantzita dago, jada, Ipar Euskal Herriko trenik ezagunenaren 90. urteurrenerako. 1924ko ekainaren 30ean amaitu zituzten lanak, eta gaur egun trenak 340.000 bidaiari eramaten ditu, urtean, Sara (Lapurdi) gaineko mendira. Panoramika izenpean, txiki eta handientzako gertakari ugari antolatu dituzte honen ospatzeko, otsailean hasi eta azaroaren 11ra arte. Larrun edo “larre on” eman zioten izena 905 metroko gailur honi: Pirinioetako lehenengo tontorra izateaz gain, itsaso, zelai eta mendiak begi-bistan eskaintzen ditu. Maialen Errecart.

 

Larrungo trena kremailera motakoa da; 4,2 kilometroko ibilbidea dauka, eta 9 km orduko abiaduran doa, aldapa gora. Horrela, 35 minutuan egiten du beheko geltokitik mendi-puntarainoko bidea. Trenbideko obrak hasi aurretik, laurogeita hamar bat bidexkak estaltzen zituzten Larrungo maldak; handik igarotzen ziren artzain zein herritarrak, Saratik, Azkainetik edo Urruñatik. Baina 1859an Eugenia enperatrizaren bisita jaso zuen mendiak (asto bizkarrean iritsi zen tontorrera), eta orduz geroztik egin zen ospetsu. Bisitari berriak errazago igo zitezen sortu zen, beraz, trenbide baten eraikitzeko ideia; 1912an ekin zieten lanei.
Zur eta burdinazko tren txikiak zeharkatzen duen ingurunea sorkuntza artistikoaren goiargi izan da aspaldian; horregatik, 90. urtemugaren ospatzeko, antolatzaileek hainbat arlotako artistei eman nahi izan diete hitza. Izan ere, aurten, denboraldi osoan, obra iragankorrak ikus daitezke han-hemenka mendia apaintzen, baita denontzako jokoak edo ibilbide bereziak ere. “Utopia izan da ardaztzat hartu dugun gaia” dio Isabelle Fleury komunikazio arduradunak: “Egitaraua Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorrak eta goiko estazioetako erakunde publikoak eratu dute”. Halaber, tren txikian igotzean bisitariak dasta dezakeen lehen obra entzumenezkoa da; hala, makinaren eta mendiaren harrabotsari Manuel Plazaren sorkuntza gehitzen zaio: ahotsak, mekanika eta naturaren soinuak nahasten dira, bidaia laguntzeko ibilbidean zehar.
Mendian ikus daitekeen lehen lanari Larrun-ilargia eman diote izena. Zerurantz doan trenbide bat eraiki du Frédéric Felder frantses artistak: izarretara igotzeko gonbidapena. Kaskoan, berriz, hizki erraldoiek panorama hitza osatzen dute, kolorezko ikusmira artifizial bat eskaintzeko; horrela azpimarratzen dute gizakiaren eragina naturaren gainean. Alde ludikorako, kali-jokoan jolastu daiteke unibertso berezi bat irudikatzen duten zortzi letretan, aisialdi gizartearen eta utopiaren itxura bat eskaini nahian. Mendi gaineko geltokiko teilatua Plonk eta Replonk suitzar artisten margo koloretsu bezain umoretsuak apaintzen du:  trenaren kontzepzioari lotua zaio, Suitzan asmatu eta sortu baitzen tren txikiaren kremailera sistema; burujabetasuna eta ametsa lotu dituzte hor bi gizonek. Lau obra nagusi horiez gain (sasoi osoan egongo dira ikusgai), tailer zein animazioak ere badaude: “Otsail eta apirileko oporretan sorkuntza artistikoko tailerrak eskaini dizkiegu haurrei, eta asko gustatu zaie”.
Ekainean, igande arratsaldero (bi oren eta erdietatik, lau eta erdiak arte), faunaren babeserako Hegalaldia elkarteko kideek mendiko espezie harraparien bizimodua aurkeztuko dute, eta naturaren behaketak proposatuko. Horrez gain, zentroan aterpetu eta artatu dituzten hegazti basatiak askatuko dituzte haien ingurune naturalera, bisitarien aurrean. Ekainaren 28a izango da, ordea, urteurreneko egun berezia, egitarauko ospakizun nagusia, hain zuzen. Egun osoan, diseinatzaile, sukaldari, musikari eta antzezleak ibiliko dira euren sorkuntzak eskaintzen. Behereko geltokian, Euskal Herriko zein Pariseko bost margolarik bat-bateko tindaketak eginen dituzte Mendia eta trenaren gaiaren inguruan, eta bertan egongo dira ikusteko moduan sasoia bukatu arte. Mendi kaskoan, aldiz, Iñaki Aizpitarte sukaldari hendaiarrak taloaren moldaketa bereziak sortuko ditu Nafarroa Behereko ekoizleen mozkinak erabiliz: Duzunaritzeko Idiartia etxaldeko Jon Harloucheten euskal arto-irin eta Aiherrako Corinne Minaberry eta Patrick Sallaberryren ardi-gasna. Eremu osoan, Baiona eta itsasaldeko orkestrak musikaz alaituko ditu bazterrak, eta Hendaiako La Compagnie des Vents et Marées taldeak ustekabeko antzerkitxoekin animatuko ditu mendiko maldak. Ondoren, uda osoan, arte obrak egongo dira behereko geltokiaren aldeko zuhaitz parkean: ekainaren 28tik abuztuaren 31ra arte. Horietariko batzuk izango dira Iñaki Ruiz de Eguinoren eta Thomas Fischer suitzarraren eskulturak, Urdazubiko monasterioak (Nafarroa) maileguan utzitakoak. Uztail eta abuztuan, aukera izango da naturan bizirauteko teknikak ezagutzeko, eta berriz antolatuko dituzte Hegalaldiaren aurkezpenak eta hegazti askatzeak ere.
Bederatzi hilabeteko egitarau berezi hau, arte eta poesiaz josia, “bisitariaren atseginerako apailatua izan da; urtez urte hobetzen ahalegintzen gara, eta horrelaxe pentsatu dugu egitaraua”. Hala eta guztiz ere, 90. urtemugako ospakizun horiek igarota, pentsa daiteke Larruneko pottokekgogoko izango dutela eguneroko lasaitasunera itzultzea, mendiko poesiaren gozotasunean.

Larruneko trena egunero dago irekita, azaroaren 11ra arte.
Sasoi arinean: abiatzeak 35 minutuan behin, 9:30-11:30 / 14:00-16:00
Uztailetik abuztura: abiatzeak 35 minutuan behin, 8:30-17:30
Joan-etorriaren prezioa: 17 euro helduentzat, eta 10 euro 4-12 urte arteko haurrentzat
Larruneko trena, Sara (00 33) 559 542 026
www.rhune.com/eu/index.aspx (euskaraz)