Arratiako 24 enpresak euskara arlo sozioekonomikoan sustatzeko konpromisoa hartu dute, nork bere jardunean euskararen erabilera areagotuz. Helburu hori lortzeko, datozen bi urteotan eusGara zerbitzuak eskaintzen dizkien tresnak baliatuko dituzte. Doako zerbitzu honen helburua Arratiako arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera handitzea izanik, baliabide hauek jartzen ditu enpresen eskura: itzulpen zerbitzua, hizkuntz aholkularitza, dirulaguntzen kudeaketa eta trebakuntza saioak. Errota Fundazioak kudeatzen du eusGara zerbitzua, teknikoki Ahize-AEK-ko aholkulariek garatzen dute, eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak diruz lagunduta dago. Enpresa handi zein txiki, arlo ugaritan diharduten lantegiek egin dute bat eusGara komunitatearekin, eta denen artean 1.300 behargin biltzen dituzte.