Zuzendaria: Hlynur Palmason. Gidoia: Hlynur Palmason. Aktoreak: Elliott Crosset Hove, Ingvar Eggert Sigurdsson, Victoria Carmen Sonne, Jacob Ulrik Lohmann, Hilmar Guðjónsson. Danimarka - Islandia - Frantzia – Suedia, 2022.

Istorioa: XIX. mendearen amaieran, danimarkar apaiz gazte bat Islandiara (garai hartan, Danimarkaren menpe zegoen) iritsiko da, bi helbururekin: toki txiki urrun batean eliza bat eraikitzea eta bertako biztanleen argazkiak ateratzea. Islandian barneratu ahala, apaizaren sinesmena, fedea eta izaera kolokan jarriko dira.

Jaialdiak: Zinema aretoetara aurtengoa abuztuan iritsi bada ere, iazko Donostiako Zinemaldian ikusi genuen Palmason-en lana, Zabaltegi Tabakalera sailean. Hain zuzen, sail horretako saria irabazi zuen. Lehenago, Canneseko Zinemaldian ere parte hartu zuen filmak. Ez da harritzekoa, zuzendari islandiarra ohikoa baita zinema jaialdietan.

Onena: Bisualki indartsua da, boteretsua. Islandiako paisaia ikusgarri bezain basati, gordin eta bortitzak ederki erakusten ditu. Gizakiaren txikitasuna ondo baino hobeki antzematen da halako paraje izugarrietan, eta filmak bikainki helarazten die ikusleei ingurunearen gogortasuna. Hotza, euria, hezetasuna, haizea, bakardadea... gizakiarentzat hain latzak diren egoerak geuregan sumatuko ditugu, ingurune gupidagabeak filmeko protagonista nagusiarengan eragiten duen moduan.

Txarrena: Bisualki ikusgarria, oso, baina hainbesteko ikusgarritasunak istorioa bera, filmean agertzen diren pertsonaien antzera, txiki egiten du. Erritmo geldoak eta kontakizunaren garapen nola-halakoak ere ez dute laguntzen.

Eñaut Mitxelena