Erbehard Jurgalski dokumentalistaren ikerketa batek lurrikara eragin du zortzimilakoen historian. Egungo teknologia erabiliz, munduko hamalau zortzimilakoen orain arteko igoerak ikertu ditu. Ondorioa? Orain arte hamalau zortzimilakoak igo dituzten mendizale gehienek ez zituztela Manaslu, Annapurna eta Dhaulagiri mendien punturik altuenak zapaldu. Ez nahita edota fede txarrez, baizik eta ordura arte horiek jotzen zituztelako gailurtzat. Ikerketaren arabera, puntu garaienak beste batzuk dira, nahiz eta aldea metro gutxi batzuetakoa izan. Horrenbestez, hamalau zortzimilakoak igo dituzten mendizaleen zerrenda aldatu egingo litzateke. Hain zuzen, hori egin du Guinness errekorren liburuak: Reinhold Messner eta Edurne Pasaban, hamalau zortzimilakoak igo zituzten lehen gizonezkoa eta emakumezkoa, liburutik atera ditu, zenbait tontor ez dizkietelako ontzat eman. Ikerketak sekulako polemika eragin du. Nolanahi ere, mendizale gehienek (tartean, Messner eta Pasaban) nabarmendu dute lana dela garrantzitsuena, marketatik harago. Hau da, bidea, ez tontorra.