Oso garrantzitsua da haurrek denetarik probatzea, txikitatik

arinIker Murillo
Dantzaria

Nazioartean puntako dantzaria da Murillo (Pasaia, 1978). Euskal dantzekin hasi, eta 15 urterekin utzi zuen jaioterria, bere ametsa betetzeko: ballet dantzari izatea.  Besteak beste, Zuricheko Balletean eta Lausanneko Béjart Balletean izan da dantzari. 24 urteren ostean jaioterrira itzuli zen, beste amets bat betetzeko: Studio 24 dantza akademia ireki zuen 2017an, Vitali Safronkine dantzari eta koreografoarekin. Harekin sortutako Uniqart Dance Companyn ere aritzen da.

Studio 24n balleta baino gehiago erakusten duzue.
Hori da. Guretzat, balleta garrantzitsuena da, nahiz eta diziplina ezberdinak eskaini, oinarria klasikoa da; Vitalik eta nik hori erakusten dugu: klasikoa eta garaikidea. Hip hop, pilates, yoga... ere eskaintzen ditugu,  beste irakasle batzuekin. Uste dugu oso garrantzitsua dela haurrek denetarik probatzea, txikitatik. Gero erabakiko dute zer gustatzen zaien; nahiz eta goiz izan, erabakia ere hartu behar da, ezin baitira diziplina guztiak landu. Bestalde, helduentzako balleta ere badugu, jendea animatzen ari delako. Jendea oso kontent dago.
Zer-nolako harrera izan du Studio 24k?
Oso ona, oso-oso pozik gaude. Mutilak ere etortzen dira, eta hori positiboa da. Igual, irakaslea mutila dela ikusita errazago egiten zaie. Aldatzen ari da. Pixkanaka, gero eta mutil gehiago ditugu.
Zuen akademian, neskak gehiago dira mutilak baino?
Neskak beti izango dira gehiago. Galdera hori hemen baino ez didate egiten. Ulertzen dut galdetzea, baina erantzutea zaila egiten zait. Izan ere, guretzat hain da normala! Hemendik kanpo, ballet eskoletan, konpainietan... mutil asko aritzen dira. Alemanian, adibidez, nesken eta mutilen ikasgelak izaten dira. Baina, jakina, hemen jendeak ez du halakorik ezagutzen. Ea poliki-poliki zerbait aldatzen dugun.
Balleta ikastea ez da erraza Euskal Herrian?
Ez, ez.
Joan zinenetik aldatu al da egoera?
Ez. Hori zertxobait aldatzea ere bada gure helburua, dantzariak ez joan behar izateko hemendik hain gazterik. Bi dantzari profesional irakasle edukita, etxean denbora gehiagoz jarraitzeko aukera ematen diegu. Probak egiten hasi arte, ikasleak hemen geldi daitezke. Umeentzat oso ondo dago hori, baina baita gurasoentzat ere, haientzat oso gogorra baita.
Anette Delgado Kubako Ballet Nazionaleko lehen dantzaria: “Kuban, Europan futbola bezalakoa da balleta: miresmena, grina. Mutikoek dantzari izan nahi dute, inolako konplexurik gabe”. Inbidia?
Inbidiarik ez, baina bai pena pixka bat gure herria oraindik honen atzeratua dagoela ikusita, Suitza, Frantzia... ez bezala.
Nola da posible?
Herrialde horietan umetan hasten direlako, gurasoek txikitatik eramaten dituzte seme-alabak antzokira. Ondorioz, pixkanaka, kulturaren esparru hori ezagutzen dute. Gero, gustatu ala ez, haiek hartzen dute erabakia. Baina balleta zer den, behintzat, badakite, eta opera...  Hemen, hori da arazoa, ez garela txikitan hasten. Euskal dantza lantzen da, edo futbola... Pena da, batez ere txikientzat, ez dutelako besterik ezagutzen. Aukera, bederen, eman behar zaie.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Niri familiak laguntzen dit pila bat.
Eta tristatu? Ezerk ez, egia esan. Fase hobeak eta txarragoak daude.
Zerk eragiten dizu negarra? Emozio politek. Familiari lotutakoek, batez ere.
Zerk haserrarazten zaitu? Edukaziorik gabeko jendeak.
Bizio bat: musika.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Dantzaria.
Dantzari bat? Asko. Bakarra aipatzea ez zait inoiz gustatu. Hain desberdinak garenez, bakoitzak bere gauza on edo politak dauzka.
Antzoki bat? Gauza bera. Antzoki politak pila bat daude, toki guztietan, eta bakoitzak badu zerbait berezia.
Eñaut Mitxelena

Ez da hezten komikia irakurtzeko

arinPaula Estevez
Ilustratzaile eta komikigilea

Arte Ederrak ikasia, irudigintza du ogibide Estevezek (Donostia, 1984): komikiak, kartelak, diskoen azalak... Hainbat emakume irudigile batzen dituen Tupust! kolektiboko kide, taldeak Txalapartarekin berriki argitaratutako izen bereko bilduman parte hartu du. Fanzineen munduan ere badihardu, eta Guillotina Festa Donostiako autoedizio topaketen antolatzaileetako bat da. Hain zuzen, autoedizioa ohiko bide du bere lanak plazaratzeko. Oki Moki musika taldea du Aritz Aranbururekin batera; orain arteko lan bakarra, Ocean Breeze, euskarri digitalean eta kasetean kaleratu zuten.

Tupust! bilduma. Zerekin egingo du topo irakurleak?
Egile ugarik egindako istorioak aurkituko ditu. Berez, niaren inguruan sortutakoak dira, baina nork bere aldera eraman du niaren kontzeptua. Istorio oso ezberdinak dira, bai estilo bai eduki aldetik. Guztiak batzen ditu ni horrek, baita koloreen erabilerak ere. Hori zaindu nahi izan dugu.
Tupust! kolektiboa. Batzeko beharra sumatzen zenuten?
Bai, uste genuelako gehienbat euskal komikigintza (ezaguna dena, behintzat) nahiko tradizionala dela, eta dibertsitate handia falta zela estilo eta istorio aldetik. Emakumeen presentzia ere oso eskasa da komikigintzan, eta jakinarazi nahi genuen egon badaudela komikia ondo egiten dutenak, eta bestelako istorio batzuk sor ditzaketenak, bestelako estilo piktoriko batzuekin.
Komiki ekoizpenak gora egin du azken urteetan, baina emakumezko egileak oraindik ere bigarren mailakoak?
Bai. Tira, gizartean ere gauza bera gertatzen da gauza askorekin, ez bakarrik komikiaren arloan. Beharbada, gizartean badago pixka bat hedatuta super heroien komikien ideia hori, eta gehienbat nerabeei eta mutil gazteei bideratzen zaizkie. Hezkuntzari dagokionez ere, ez da hezten komikia irakurtzeko. Hala, jendeak ez daki bestelako istorioak eta komiki lengoaiak ere badaudela.
Euskarria edozein izanik ere, zure marrazteko era nabaria izaten da. Nola definituko zenuke zure estiloa?
Zaila da esatea, lanaren arabera ere pixka bat moldatu egiten delako. Lerroan oinarritutako marrazkiak dira, lerroak garrantzia handia dauka. Kolore nahiko lauak erabiltzen ditut, eta irudiak nahiko figuratiboak dira, errealistak, jendeak argi antzematen du zer diren. Gaiei dagokienez, pertsonaia berezi edo ezberdin samarrak lantzea gustatzen zait; desobedienteak, neure hitzetan.
Nahiko aztoragarriak izaten dira.
Bai. Nire lanak horren figuratiboak dira, ezen gustatzen zaidan nolabait misteriodun atmosfera bat sortzea, ikusleak sentitzea zer edo zer ez duela ongi ulertzen. Hau da, irudia ulertzen du, baina egoera, agian, ez du horren argi. Horixe dut gustuko.
Kasetean plazaratu duzue Ocean Breeze. Arrazoi ekonomikoa ala sentimentala?
Biak. Sentimentala gu kasetean hasi ginelako musika entzuten, eta baduelako xarma, baita paperaren fetitxismo hori ere. Hori du ona, horiek guztiak asetzen dituela: paperaren fetitxismoa, kutsu sentimentala... Horrez gain, oso merkea da, merke saltzen duzu, eta, gainera, egindakoa unean jasotzen duzu, aste batetik bestera. Dena den, gustatuko litzaiguke hurrengo lana biniloan ateratzea, garestiagoa bada ere.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Gosari on batek.
Eta tristatu? Injustiziek.
Zerk eragiten dizu barrea? Pertsona bereziek, normaltasunetik ateratzen diren izaerek.
Zerk haserrarazten zaitu? Jarrera berekoiek, norbere onurarako ondokoa zapaltzen duten jarrera horiek.
Zerk ateratzen zaitu zeure onetik? Horrek guztiak, eta amaitu gabeko lanek.
Bizio bat: lo egitea.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Margolaria.
Orain, zer ez duzu izan nahi? Polizia.
Komiki bat: Sad Boy, Berliac-ena.
Ilustratzaile bat: Cristina Daura.
Musika talde bat: Arrotzak.
Gustura marraztuko zenuke… Eleberri grafiko bat.

Eñaut Mitxelena

Umorea arma bat da

mirariMirari Martiarena
Umoregile eta komunikatzailea

Umoregile, esatari, kazetari, bertsolari, sorleku duen Pikoketa baserrian tabernari... hainbat jardunetan ibilia da Martiarena (Oiartzun, 1986). Egun, Euskaraldiaren dinamizatzailea da Oiartzungo Ttur-Ttur euskara elkartean, eta umoregile ere badihardu. Bost urtez ibili zen Oiartzun Irratian, hainbat saio egiten: Arguyuan, Kirolez Blai!... baita, Antxeta Irratiko Aitziber Zapirainekin, Amapola Morea saioa ere. Hainbat irratitan egin ditu kolaborazioak. 2017tik, euskara eta generoa ardatz, Bakean dagoena bakean utzi umorezko emanaldia egiten du Idoia Torregarairekin batera.

Oiartzun herri euskaldunean, Euskaraldiaren dinamizatzaile izatea, erraza?
Ez pentsa! Gauza asko errazten ditu, baina buruko min batzuk ere eman dizkit. Egokitu gara, lantalde ona eduki dut atzean, eta bueno... Balorazioak egitean, hutsune batzuk ikusi ditugu, baina indarguneak ere bai; beraz, horiei heldu, eta aurrera!
Urteak egin dituzu Oiartzun Irratian. Ez duzu irratiaren falta igartzen?
Bai. Orain, bakarrizketekin eta, mono hori edo jendearekin egonez betetzen dut, neurri batean. Baina esango balidate orain irratsaio bat egiteko, seguruenik egingo nuke. Gustatzen zait. Irratilaria naiz, halaber.
Irratia bezainbeste maite duzu umorea?
Bai, asko. Bizitzako filosofia handienetakoa da gauzak umorez hartzea, baita une txarrenetan ere. Umore beltza ikaragarri gustatzen zait, eta batzuetan politikoki zuzena ez den arren, ohitu egin beharko genuke, eta umorea umorea dela barneratu. Kontua da oreka pixka bat lortzea. Egun, gainera, gauzak oso estu daude. Umorea arma bat da, indartzeko arma bat, arriskutsua ere izan litekeena batzuetan. Baina gustatzen zaigu.
Bakean dagoena bakean utzi. Norentzat dira zuen zirikak?
Denentzat, zer pentsatua ematen duelako, baita guri ere. Saioaren hasieran, beti esaten dugu: gu konturatu ginen gauzak aldatzeko kontrakoa egin behar dela; beraz, bakean dagoena ez da bakean utzi behar, eta horretan gabiltza. Oso gustura ibili ere.
Zer eman edo ematen dizu umoreak?
Ahalduntzeko kristoren erreminta izan da niretzat. Nik sarri egiten diot barre nire buruari, gauzak arintzeko, ez hain dramatiko ikusteko. Eman? Ez dakit zer ematen didan. Oraindik ez dut ulertzen, baina gustatu egiten zait jasotzen dudana.
Euskara eta generoa, bi gai serio. Umorez hartzea komeni?
Bai. Ez dut esan nahi euskarari edota generoari buruz serio hitz egiten dutenak, pentsalariak, egon behar ez direnik. Egon behar dute, noski. Baina umorearen bidez ere iritsi daiteke mezua. Beste modu batera, baina mezu bera. Maiz, umorea arinkeriatzat jotzen dugu, baina ez da arina. Zeren jendeak barre egiten du, eta zer pentsatuarekin geratzen da. Beraz, bietatik behar da.
Martxoaren 8an, greba, ezta?
Baserri batean zaila da hori egitea, zaintza lanak tokatzen direnean. Egun, adinekoen zaintzari dagokionez, seme-alabarik edo bikotekiderik ez duenak hartzen ditu ardura horiek. Horrek funtzionatzen du gizartean, bai etxean bai lantokietan. Orduan, etxean lan egitea tokatuko zait. Tira, hausnartzeko eta lan horiekin gertatzen dena zabaltzeko balioko du.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Irribarre polit batek.
Eta tristatu? “Egun on” tristea esaten dizunak. Pertsona horiei bizitzeko txartela kendu behar zaie!
Zerk eragiten dizu barrea? Edozer gauzak. Edozein txorakeriak barrea eragiten dit. Txiste txarren fana naiz.
Zerk haserrarazten zaitu? Amak esango luke edozerk aztoratzen nauela. Norbere ardurak hartu nahi ez dituen jendea.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Erromeria talde bateko trikitilaria.
Orain zer ez zenuke izan nahi? Politikaria.
Bizio bat: Barre egitea.
Umoregile bat: Idoia Torregarai.
Esatari bat: Antton Telleria. Esatari eta umoregile oso ona da.
Eñaut Mitxelena

Herri oso baten ametsa gauzatzea izan zen, nolabait, Everesteko gailurra

olasagastiRamon Olasagasti
Kazetari eta itzultzailea

Everest: Herri oso bat gailurrean (Sua argitaletxea, 2018) komikiaren egilea da Olasagasti (Berrobi, 1972), Cesar Llaguno marrazkilariarekin batera. Bilbao Mendi Film Festivalaren eskariz, 1980an Everesteko tontorra zapaldu zuen lehenengo euskal espedizioaren nondik norakoak kontatu dituzte. Lehen komikia du, baina mendiari eta bidaiei buruz asko idatzitakoa da; bai prentsan urte luzez, bai hainbat liburutan. Egun itzultzailea da, eta haur eta gazte literaturan aritzen da batez ere; Xabier Lizardi Saria bitan irabazi du, 2014an eta 2018an.

1980ko maiatzaren 14an, herri oso batek zapaldu zuen Everesteko gailurra?
Bai. Hamabi lagun zeuden, batek zapaldu zuen, baina hedaduraz, han zeuden beste taldekide guztiek ere bai, eta gero, Euskal Herrian, aspalditik zetorren amets horren atzean zeuden beste guztiek ere bai. Everesteko tontorra ez da munduko mendirik altuenaren azken metroa, da sinbolo bat ia-ia. Nik uste Everest aukeratzearen helburuetako bat ere hori zela: herri txiki honek zertarako gaitasuna duen erakustea. Gailur horrek sinbolizatzen du hori dena. Herri oso baten amets bat gauzatzea, nolabait.
Nolakoa izan duzu Everest honen igoera?
Oso polita. Biok ala biok hartu genuen ilusio handiz. Goxoki bat da. Errespetuz ere bai, komikiaren lengoaia ez nuelako menderatzen. Baina ibilian-ibilian lortu dugu fintzea kazetaritzako hizkuntza, ekarri dugu nolabait komikiaren formatura, eta oso lan polita izan da. Cesarrek eta biok ere oso ongi hartu dugu elkar. Mendiko marrazkera horretarako dohain berezia dauka, eta oso marrazki indartsuak egin ditu.
Durangoko azokan euskarazko edizioa agortu zen. Pozik erantzunarekin?
Bai, oso harrera beroa izan du. 50 urtetik gorakoek oso gogoan dute igoera, bizi izan zen emozio hura... Ondorengo belaunaldiek ere, esango nuke baietz. Belaunaldi gazteek beharbada ez, eta alde horretatik, komikiaren ekarpenik handienetako bat hori izan daiteke: hura ezagutu ez zuten belaunaldiek jaso ahal izatea zer gertatu zen, nola izan zen, eta zer oihartzun izan zuen.
Gaur egun, halako zirrara eragingo al luke espedizioren batek?
Egun espedizioak gehiago dira kirol lorpenak, mugarri deportiboak. Baina hemen kultura, kirola, gizartea... egoera soziala beste bat zen. 1979an jo zuten euskaldunek lehen zortzimilakoa (Dhaulagiri, nafarrek), baina Everest handiena zen. Guztiaren uztarketa bat izan zen. Hortaz, errepikatzea nik uste ezinezkoa dela. Antzekoak bizi izan ditugu; adibidez, Euskal Herriak bizi izan zituen Iñurrategi anaien zenbait igoera oso gertutik, baina kirolari lotuago zeuden lorpenak ziren. Konponente sozial hori ez zen ja hain nabarmena. Zaila izango da holako zirrara bat berriro bizitzea.
Euskaldunok mendizaleak omen. Topikoa, ala ez?
Ez. Uste dut egia dela. Datuek ere erakusten dute: hemen adina federatu ez dago penintsulan beste inon. Katalunian ere badaude, baina uste dut hemen proportzionalki gehiago direla. Edozein menditara atera eta euskaldunak topatzen ahal dituzu; egun, korrika asko eta asko; eskalatzen ere asko... Bai, euskalduna herri mendizalea da. Mendi inguruan bizi gara, eta gero, kirolarekiko badaukagu ez dakit gose bat edo zer den, edo kutsatzen garen bata bestearekin, baina kirola ere asko egiten da orokorrean.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Umeekiko komunikazio goxoak.
Eta tristatu? Umeekiko haserrealdiek.
Zerk eragiten dizu barrea? Umeen inozentziak.
Eta negarra? Nire bizitzan izan diren zenbait galerak eta horien oroitzapenak.
Zerk haserrerazten zaitu? Berekoikeriak, orokorrean. Oso geurekoiak garela, eta ez garela gai pixka bat begiratzeko ondokoari.
Bizio bat: Gozoa.
Mendi bat: Hiru: Uzturre, etxetik noiznahi, eta mendi soziala guretzat; Txindoki, baita ere hurbil eta oso ederra delako; eta Urdelar, herriko lagun bat hor dagoelako.
Mendizale bat: Zaila egiten zait... Alberto Iñurrategi beti iruditu zait eredugarri alde guztietan.
Eñaut Mitxelena

Gaiztoñoak izaten ikasi behar dugu

estepanEstepan Aldamiz-etxebarria
Kazetaria

Kazetaritzan ibilbide luzea egin ostean, erretiroa hartu berri du Aldamiz-etxebarriak (Caracas, Venezuela). Euskal Telebistaren sortzaileetakoa, 36 urtez aritu da ETBn. Makina bat programa zuzendu eta gidatu du: Hemen eta munduan, Bertatik bertara, Egun on Euskadi... Albistegietan ere aritu izan da. Aitzindaria izan zen ETBn; esaterako, lehen tertulia gidatu zuen, Firin Faran, edota Bakarrik edo gaueko saioa. Zeruko Argian eta Deian hasi zen kazetaritzan, Luis Aranberri Amatiñok deitu zion arte ETBren sorrerako lantaldeko kide izateko.

36 urte ETBn. Txoriari zure aurpegia jarri beharko zaio?
Ez, kar-kar. Iritsi zait ziklo bat ixteko aukera, EITBren edo lan arautuaren zikloa. Hemendik aurrera, beste bat hasiko da, ez dakit oso ondo zer, baina esperantza daukat  dibertigarria izango dela, gainera.
ETB sortzeko deia jaso zenuenean, zer pasatu zitzaizun burutik?
Ez zela posible. Ia-ia frankismoan geunden oraindik, trantsizioko ez dakit zer lanbrotan... Teknologikoki ere, TV1 eta UHF besterik ez genuen ezagutzen. Hortaz, nola zitekeen? Nola utziko ziguten, gainera? Bada, pertsona batzuek aurrera egin zuten, bai edo bai; aitortu behar zaie asmatu zutela pausoa ematen, ausardia harekin.
ETB jaioberria eta oraingoa. Zerikusirik ba al dute?
Bai, baina bidean asko ikasi dugu, eskerrak! Produktuak berak, egiten denak, ez dauka kolorerik. Gero, kalitatea, nahiak... hor gehiago edo gutxiago eztabaida dezakegu, baina egiteko moduan asko ikasi da. Aldaketa hori nabarmena da. Orain, halaber, badago aukera gauza askoz hobeak egiteko. Beste kontu bat da bideak onak diren, diru-bideak ere beti egokiak diren... Baina, aukeran, inoiz ez bezalako mailan gaude.
Aitzindaria izan zara.
Tokatu zaidalako. Egia esan, Amatiñok deitu zigunean, lau katu ginen kazetariok, eta euskaldunak “lau katuago”. Ni haietako bat nintzen, eta horrek aukera eman dit, noski. Baina gustu pixka bat edukita, kito.
Zer eman dizu kazetaritzak?
Bizibide bat, bizitzari buruz hausnartzeko aukera. Ez zara ari egunero torloju batekin borrokan, baizik eta pertsonekin, gertakariekin... eta horrek guztiak pentsatzera behartzen zaitu. Horrek argiak eta itzalak ditu, bizitzan denak bezala. Azkenean, bizitza da. Kazetaritzak bizitza eman dit.
Euskarazko kazetaritza ernetzen ari zela hasi zinen. Orain, nola ikusten duzu?
Gauzak asko aldatu dira. Adibidez, euskara izugarri normalizatu da oso denbora gutxian. Askoz ere eraginkorragoa, erabilgarriagoa eta normalagoa da. Gainerakoan, uste dut oraindik hobekuntzak egin behar direla. Bestalde, ez dugu asmatzen entretenimenduarekin. Euskaldun tribukook jansenismoaren eragin handia dugu oraindik. Konbentzituta nago gure geneetan itsatsita dagoela, eta horregatik gara apaizak baina zorrotzagoak eta zurrunagoak, nahiz eta gero oso zibilizatuak-eta izan gauza askotan. Informazio munduan, hori nabaritzen da. Ez dugu asmatzen denbora-pasako informazioarekin. Onak bai, zintzoak gara, baina gaizto samarrak ere izan beharko dugu. Gaiztoak izaten ikasi behar dugu, gaiztoñoak izaten. Hor zerbait falta zaigu, eta asmatzen ez dugun bitartean, jende askok Sálvame-ra ihes egiten jarraituko du.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Leihotik begiratzeak. Jende asko bizi da etxean barrura begira, baina nik kanpora begiratu beharra daukat.
Eta tristatu? Giza miseriak.
Zerk eragiten dizu barrea? Umore onak. Oso barre erraza daukat.
Eta negarra? Giza miseriekin lotutako ezintasunak.
Zerk haserrearazten zaitu? Kaskarkeriak.
Bizio bat: Asko. Aitorrezinak.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Tren bateko makinista.
Eta orain, zer ez duzu izan nahi? Aspertuta bizi den norbait.
Telebista saio bat: Egun on Euskadi, Gure kasa, Ur Handitan eta albistegiak. Albistegiak bizioa dira niretzat.
Eñaut Mitxelena

 

Azpikategoria