Egonean

olasagarreJuanjo Olasagarre

Bizi genitzakeen balizko bizitza guztietatik bizi duguna bizitzea ez zaigu nahiko iruditzen askotan. Budismoak, beharbada orainaren kolonizazioa hobekien egin duen erlijioak, hemen egon behar dela dio, eta balizko bizitza horiek enbarazu baino ez dutela egiten orain eta hemengo bizitza bizi izateko orduan.
Horren Mendebaldeko bertsioa egin digute hainbat pentsalarik, hala nola Schopenhauerrek eta Heidegerrek, kristauak garen neurrian Mendebaldekoon etorkizuneko afanari hesia jarri nahian.
Niri, zer esanen dizuet, budismoaren hemen egotearen onartze horrek arazoak sortzen dizkit, eta hainbat eztabaida izaten ditut adiskide ia budista batekin.
Izan ere, uste dut onarpen horrek norberaren egoera ontzat ematera bultzatzen duela norbanakoa, eta, ondorioz, bere egoera onartzera. Iraultzaren kontzeptua Mendebaldeko filosofiak asmatua da, eta ez Ekialdekoak.
Eta, hala ere, bizi dugun bizitza ardailatsu eta zurrunbilotsu honetan faltan sumatzen dut, askotan, budisten hemen egote hori. Jainkoagan sinesten ez badut ere, Gurutzeko San Juan edo Jesuseko Teresa hari begira egoten ziren bezala egon nahi nuke, egonean, haren izateaz betea. Edo Eugenio Montale poeta italiarraren materialtasuna izan, egonean egoteko. Edo Claudio Rodriguez edo Lorenzo Oliván poeten gauzatasunean. Pello Otxotekoren poesia irakurtzeko asmoa dut uda honetan. Begira eta egonean egoteko laguntza ematen duela esan didate. Sakelako telefonorik ez, isiltasuna, hitz gutxi, sosegua bilatu.
Badakit lan zaila dudala, udak deitu egingo nauela, telefonoak txirrin egin, adiskideek hots egin, egunerokotasunak bozina jo. Eutsi egingo diot, ordea. Badakit barruan badudala parte bat nire buruarendako galdu dena, eta aurkitu beharra dut, ez dakit nola, baina aurkitu beharra dut. Beharbada, harriak kontatuko ditut, edo ibiltzean pausoak zenbatu, edo izkina batean ezertan ez aritu, ongi baitakit, oraindik ere, nire baitakoari begiratzea eta hura miratzea dela nire abenturarik ausartena.

Bertso Berriak

olasagarreJuanjo Olasagarre

Urteak neramatzan entzun gabe, baina aurrekoan, nostalgia aldi batek jota, bilatu eta entzun nuen. Hautsi da Anphora, Ruper Ordorikaren lehen diskoa, Ni ez naiz Noruegako Errege baino beranduago ezagutu nuena. Nonbait idatzia dut gaiztoa dela nostalgia, hemendik, beti beharko genukeen tokitik, beste norabait eramaten gaituelako, baina...
Ai, nola pasatu den denbora, zein zahar sentitzen naizen! Zein inuzenteak ginen!
Kantak bata bestearen atzetik pasatzen joan dira, Hi hintzena, Herdoilarena, ia metafisikoa, Kalatxoriena, Esploradorearena, Sagarrondo bati sehaska kanta samurra. Eta, halako batean, Bertso Berriak. Segur aski, ez da poemarik onena, baina gogoak krak egin dit: uztaila hontan beteko ditut/ nik baino urte gehio, kantatu du Ruper Ordorikaren ahots ilunak.
Bertso hauek kontsolamendu handia zitzaizkidala akordatu naiz, garai hartan bizi nintzen etxea eta ondoan nuen konpainia bizi-bizi gogoan egin zaizkidala. Azkeneko bi bertsoetan, kantaria naturako bi elementurekin konparatu, eta gizaki kolpatua izanik galtzaile ateratzen da: [gaztaina] ez zara makina beltz baten / pioi zerbitzaria / kalean arrastaka dabilen / nire antzeko piztia. Bada, kontsolamenduak kontsolamendu, ohartu naiz kanta ederra, oso ederra, iruditzen bazait ere, hitzek diotenaz kontrara pentsatzen dudala orain, eta jada ez zaidala kontsolagarria gauza izatea, sufritzen ez duen gauza soila; nahiago dudala, besterik ezin dudalakoz, batez ere, gizaki kolpatua izan. Eta, oharkabean, kantak utzi zidan arrastogatik, beharbada, konturatu naiz idatzia dudala harri baten gaineko kanta bat, non esaten dudan nahiago dudala gizaki izan sentitzen ez duen harri baino, nahiz eta jakin galdua dudala bizitzaren guda. Autoaipua barkatuko didazuelakoan, hona poemaren bukaera: Poetek kantatuko zaituzte, harri! / Zu izan ez zara, zu, egon baitzaude / zure egoera desiratuko dute / zure izan eza, zure gauzatasuna. / Nik, aldiz, ez dizut batere inbidiarik / lanean bezala aritzen naiz bizigintzan / onik irtengo ez dudala jakinik.

Justizia

olasagarreJuanjo Olasagarre

Clemente Bernard 2.800 euro ordaintzera eta urtebeteko zigorrera kondenatu du Iruñeko epaile batek Erorien Monumentuko kriptan sartu eta filmatzeagatik. Sekretua agerrarazteagatik kondenatu du Kristoren Anaigoak, bertan mezak egiten dituenak, kamera eta mikrofono ezkutua jarri zituela salatuta, eta gero hori dokumental batean argitaratu zuela: A nuestros muertos.
Nafarra naizenez eta Iruñean ikasi dudanez, ederki ezagutzen dut eraikin horri darion energia iluna; bertan elkartzen ziren, Franko hil berritan, Cristo Rey talde paramilitarreko jendaila hura guztia, Opuseko seminarista xume andana eta apaiz txuriko franko. Zona Nazionala deitzen zitzaion, Frankok gerra irabaztearen ondorio.
Topiko bilakatu dira Espainiako Erresuman Gerra Zibilaren ingurukoak. Topiko diot asko hitz egiten delako, nork bere iritzia duelako, eta jada ezin konponduzkotzat jotzen delako; ondorioz, Gerra Zibilaren ingurukoak politizatzeko ahaltasuna uzteko zorian daude, gutxira nostalgiarako aitzakia baino ez dira izango.
Gai horrekin, denbora kontra doa, 50 urte gehiegi baitira horrelako gertakari historiko baten itzal eraldatzaileari eusteko. Hoberenera, ez dut erabat sinesten, ezpondetako gorpuak berreskuratu egingo dira; txarrenera, eta halaxe gertatuko da, denboraren harlauza eroriko da lur soilaren gainera. Eta kito. Beharbada, hurrengo belaunaldia itzuliko da Kanbodian adinako gorpu behar bezala ehortzi gabe dagoela argudiatzen, baina eztabaida jada vintagea izango da, eremu estetikoari edo pertsonalari dagokion zerbait, eta inoiz ez zerbait politikoa. Uste dut dagoeneko  horretan gabiltzala, familiakoak barkamenaz mintzatzen baitira, sekula ez erreparazioaz. Inori ez zaio eskandalagarria iruditzen, esaterako, Ibaigaine jauregia Athleticen egoitza izatea gaur egun, Frankok zigorturiko De la Sota familiarena zela badakigun arren. Erosleak fede onez erosi zuela argudiatuko dizute, ezin garela bizi Gerra Zibileko kontuek gaur egungoa hainbeste baldintzatuta, jabetza pribatua ukiezina dela. Bakea eta elkarri ulertzea omen kontua. Gutxitan justizia.

El Danubio

olasagarreJuanjo Olasagarre

Badira irakurri ondoren pila mental batean ala bestean paratzen ditugun liburuak. Nahiz eta gustatu, erabat ahanztekoak direla dakigun liburuak, nobelak asko eta asko; gaiztoa izanik, Espainiako Trantsizio garaiko nobelak. Rosa Montero, Soledad Puertolas, Antonio Muñoz Molina eta horrelakoak, ospe handia izan, baina funsgabeko nobelak idatzi dituzten autoreak.
Badira, jakina, gustatu ez zaizkigun liburuak: batzuk lagunek utzitakoak, beste batzuk liburu dendan berrien sailean azal-hegalak irakurri ondoren erosiak, asko neke handiz (irakurle militantziagatik) bukaerara arte garraiatuak; gu-txiago, erdira iritsi orduko gustatu ez zaizkigunez, handik aurrerakoa nekeza ebatzi ondoren mesanotxean betiko gelditu direnak. Badira, asko eta asko, irakurri beharrekoen zerrendan: batzuk badakigu aurretik ere irakurriko ez ditugula, eta beste batzuk, agian, pilatxoan daude. Badira, azkenik, berrirakurtzekoen sailean pilatutakoak; okasioaren zain daude batzuk, Denbora galduaren bila, esaterako, urte sabatikorik ezean erretiro garairako apalategian zain.
Horietako bat El Danubio da. Claudio Magrisen nobela bidaia liburu-saioa boladan izan zen argitaratu zenean, 1998an, hain zuzen. Beti izan dut berrirakurtzeko gogoa, txunditurik utzi ninduelako autorearen jakintzak, paisaiak eta hiriak deskribatzeko abileziak, eta, garai hartan, mugen kontrako aldarriak.
Behin baino gehiagotan Proust izan nahi izan dudan moduan (askotan harritu egiten nau nire inuzentekeriak), El Danubio bukatu nuenean Claudio Magris izan nahi nuen. Liburuak, edozeini gomendatzen diot, Danubio ibaiaren sorburutik bukaerara arteko bidaia kontatzen du, pasalekuak, historia, literatura, bizimodua eta folklorea ere deskribatuz. Esan bezala, ez da nobela, baina nobela zoragarriak bezala irakurtzen da.
Gaur hasiko dut. Danubio ibaiaren ertzez gain, lehen aldiz irakurri nuen garai hura gogoratuko dut, 1998. urte hura. Baina, batez ere, interesgarria izango da ikustea bertan dauden erreferentzietatik (historiako uneak, idazleak, musikariak, politikariak) zein egiten zaidan ezaguna orain. Gauza gehiago dakizkit orain; jakintsuagoa izatea, ordea, beste kontu bat da.

In celebration

olasagarreJuanjo Olasagarre

Ospakizunetan. Hori du izenburu Mark Strand poeta amerikarraren poema batek. You sit in a chair, touched by nothing, feeling/ the old self become the older self, imagining/ only the patience of water, the boredom of stone. (Aulki batean esertzen zara, ezerk ez zaitu ukitzen, sentitzen/ nola bihurtzen den zure buru zaharra zure buru zaharragoa bilakatzen).
Mark Strandek gizakion existentzia bazter ilun bateko airean marrazten zuen, atzean halako samin orekatua utzita. Galdetuko balidate poeta tristea ote zen, baietz erantzun beharko nuke, baina berehala zehaztuta bere tristura ez dela nekearekin bat nahasten den horretakoa, barea baizik.
Zahartzen hasia nintzen Mark Strand aurkitu nuenerako, 2012-2014 izango zen, eta ez ninduen berehalako lilurak hartu; hondarra bezala, gutika hasi zen nire baitan erortzen, harik eta konkistatu ninduen arte.
Poema guztien bilduma erosi nuen, gauero berrirakurtzen dut bat, eta, esan bezala, bareago hartzen dut lo, eta saminduago. Bizitza honetako gauzak latzak dira, inguratzen gaituen aireak beteko du guk utzitako tokia.
Mark Strand izkina batean, ilunpetan, xuxurlari aritzen den ahotsa da, "Ez zaitez engaina" esaten digu, "entzuten duzun ahotsa baino ez zara".  Hala dio bere poema famatuetako batek: “In a field / I am the absence / of field. / This is / always the case. / Wherever I am / I am what is missing.” (Eremu batean/ eremu falta naiz/ Hauxe da/ kontua beti./ Nagoenean nagoela/ galdutakoa naiz neu).
Mark Strandek ez du ahotsa altxatzen, eguneroko hizkuntza erabiltzen du; are gehiago, eguneroko iruditeria dakar poemetara, surrealismo ukitu batez eraldaturik. "Non dago poesia, orduan?" galdetzen diogu gure buruari. Bada, ez nuke jakingo erantzuten, baina badago zerbait, ―tonua beharbada,―harrapatu eta xuxurla hori jarraitzera behartzen zaituena.
“Badakizu desirak atsekabera eramango zaituela, eta atsekabeak lorpenetara, zeinak hustasunera eramango zaituen”. Adiskide bati bidali nion poema. Gogorra egin zitzaion.