Amaia Aldai
Pilotaria

Urte askoan futbolean aritu ostean, pilotan hasi zen eta goi mailan dabil ordutik Aldai (Dima, 2000). Palmaresa adibide. Garaipen askoren artean, esaterako, iazko abenduan Emakume Master Cupeko Lau eta Erdiko Txapelketa irabazi zuen, hirugarrenez jarraian. Binakako VI. Bizkaia Txapelketako finala jokatu berri du, eta orain Binakako Master Laboral Kutxa txapelketan dabil buru-belarri. Irakasle ikasketak amaitzear da. Eñaut Mitxelena. Argazkia: Foku.

Lau eta erdikoa irabazi, Bizkaiko binakakoan finalista... Bolada gozoan?
Bai. Azken urteetan, oso maila onean nabil, lorpen askorekin. Ez bakarrik finalak irabazten, baizik eta pilotaz disfrutatzen ere. Egoera hau guztia kudeatzen ikasi dut, eta une oso onean nago.
Lau eta erdiko txapela, hirugarrenez jarraian. Beste inork ez du lortu halakorik, horrek are pozgarriagoa egiten du?
Poz handia ematen du. Urtero-urtero lau eta erdiko txapelketan maila izatea ez du inork lortu, eta horrela jarraitzeko esperantza eta gogoa badauzkat. Mutilen kategorian Altunak eta pilotari handiek halakoak egiten dituzten moduan, hainbat urtez jarraian txapelak lortu, emakumeon artean ere hainbeste nabarmentzen den pilotari bat egotea oso pozgarria da.
Lau eta erdiko finaleko arerioak, Goiuri Zabaletak, 14 urte besterik ez du. Harrobia badago eta gogor dator, ezta?
Bai, badaude pilotari batzuk adinez gazteak izan arren, maila handia erakutsi dutenak, eta hori ere pozgarria da: emakumeen pilotak etorkizuna duela eta etorkizuna esku onetan uzten dugula ikustea.
Pilotari gazteak, ikusle asko, txapelketak ugaritzen... Emakumeen esku pilota hazten ari da?
Bai, bultzada handia eduki du. Oraindik lan handia dago egiteko, baina bide oso onetik goaz eta ezin gara kexatu. Txapelketa asko dauzkagu, maila handikoak, eta apurka-apurka bide honetatik jarraitzen badugu, gauza politak egin daitezke, eta emakumeon pilotak bizirik iraungo du.

Frontoiak beteta ikustera ohitzen ariko zarete.
Pixkanaka, bai. Ikusleengandik erantzun ona jasotzen ari gara eta asko pozten gaitu, emakumeon pilotan eta, oro har, emakumeon kirolean interesa badagoela ikusten dugulako. Gainera, frontoiak betetzeaz gain, sekulako giroa sortzen da. Jada ez gara erreferente neskatoentzat bakarrik, hainbat mutil pilotari gaztek ere erreferentetzat hartzen gaituzte, eta hori ere oso pozgarria da, gure lanak zerbaitetarako balio duela erakusten digulako, jendea motibatzeko eta lanean jarraitzeko indarra emateko.
Oso odolberoa zara. Bertute ala gabezia?
Hasierako urteetan, gabeziatzat jotzen nuen. Odolberoa nintzen, erraz haserretzen nintzen, eta partidetan burua hotz izatea kostatu egiten zitzaidan. Landu ondoren, orain indargunea dela uste dut, laguntzen didala. Haserrealdiak kontrolatzen ere badakit. Agian une batzuetan ez, une oro menderatzea zaila delako, baina orain indargunea da. Aurkariari nire izaera erakusten diot, eta ez dudala amore ematen.

Psikologoaren laguntza jaso duzula esan izan duzu. Gai tabua da oraindik ere?
Tabutzat hartzen dute askok. Jende asko ez da onartzera ausartzen, baina, nire ustetan, oso positiboa da. Ongi ez gaudenean, lehenengo pausoa onartzea da, eta hurrengoa, laguntza behar izanez gero, eskatzea. Garrantzitsua da. Kirolean, buruak asko eragiten du; nahiz eta teknikoki eta fisikoki oso ona izan, buruak ez badu laguntzen, kalte handia egin ahal dizu. Niri gertatu izan zait. Txikitatik sufritu izan dut: ez nekien frustrazioa onartzen eta kirola, disfrutatu beharrean, sufritu egiten nuen. Goi mailan egotea lortuta ere, ez nuen batere gozatzen ez futbolean ez pilotan, eta, gauza ederrak lortu arren, niretzat sufrimendua izaten zen. Orain, helburuak lortu ala ez, disfrutatu egiten dut, pozik joaten naiz entrenatzera eta jokatzera, eta horrek etxeko egoera ere aldatzen du. Lehen, haserrealdi ugari neuzkan kirolagatik, ez nekielako frustrazioa kudeatzen, eta orain, aldiz, egoera guztiz bestelakoa da: lagunekin, etxean... hobeto nago, frustrazio hori ez dudalako haiekin ordaintzen. Tabua izateari utzi beharko lioke, oso lagungarria baita.
Futboleko zerk balio izan dizu pilotarako?
Fisikoak. Futbolean urte askoan fisikoa landu dudanez, nik uste orain pilotari azkarra izatea ekarri didala, kantxan ongi mugitzea, hanka bizkor eta indartsuak edukitzea.

DI-DA BATEAN

Zerk alaitzen dizu eguna? Lagunek eta bikotekideak.
Eta tristatu? Pertsona oso alaia naiz, beraz, egoera zailek.
Zerk eragiten dizu barrea? Edozerk. Ia egun osoa barrez ematen dut.
Eta negarra? Eztabaida edo liskarren batek, familiakoekin, batez ere.
Zerk haserrearazten zaitu? Gezurrak.
Bizio bat? Kartetan jokatzea.
Plazer txiki bat? Lagunekin egun pasa, bazkari bat...
Plazer handi bat? Eguna familiarekin pasatzea.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Futbolariaz gain, irakaslea, betidanik.
Frontoi bat: Bergarakoa.
Pilotari bat: Joseba Ezkurdia.
Arerio bat: Olatz Arrizabalaga.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.