“Arrainak ura, eta euskarak ekosistema osoa” irakurri zigun Garazi Arrulak 24. Korrikaren mezuan. Euskara ikaslearen ekosistema urritik ekainera bitarteko euskaltegira mugatzen da askotan; batzuk barnetegira ere joaten dira ikasturtean zehar, baina ez da erraza aukera hori edukitzea: lana, familia... Uda partean, aldiz, eta oporrak medio, ikasle gehiago animatzen dira. Haatik, udan etxean jarraitu nahi (edo behar) duen euskara ikasleak badu, AEKren zenbait euskaltegitan, euskara ikasten jarraitzeko parada. Batera edo bestera, guztiak sartuko dira euskararen ekosisteman, euskaraz harro aritzeko. M. Egimendi. Argazkia: Jill Wellington-Pexels.

487aitaseme

Gorka Gutiérrez Miguel
“Semearekin joan nintzen, euskaraz hitz egiteko”

"Iaz, Adunako familia barnetegira joan ginen Enaitz eta biok, gure artean gaztelaniaz mintzatzeko ohitura aldatzeko. Zortzi bat familia egon ginen, oso gustura. Enaitzi eskolan kostatu egiten zaio euskara, eta pentsatu nuen momentu ona izango zela biontzat, ni B1 mailan eta bera LHko azken urtean egonik. Hasieran, zaila egin zitzaion euskaraz hitz egitea, baina gero poliki-poliki hasi zen. Etxeratutakoan, ez zuen jarraitu nahi, baina nik euskaraz hitz egiten banion, konturatu gabe erantzuten zidan euskaraz. Oraindik ere kostatzen zaigu, ez dugu egunero hitz egiten, baina batzuetan bai. Ez da erraza, euskara eskolarekin lotzen duelako eta etxeko hizkuntza gaztelania delako. Nik animatzen dut esanez gauza bat dela eskola eta beste bat kanpoan hitz egitea. Joan den martxoan, barnetegiko lauzpabost familia asteburua elkarrekin pasatzeko elkartu ginen, Zugarramurdin eta Baionan Korrikaren azken egunean. Enaitz lasaiago egon zen, ondo moldatu zen eta euskaraz hitz egin zuen".

487garde

Isabel Garde Etxeberria

“Badago barnetegia baino modu hoberik?”

"Iazko udan, hamabost egun egin nituen Foruko barnetegian. Zein ondo pasatu genuen! Esnatzen zarenetik oheratu arte euskaraz hitz egiten. Badago hizkuntzak ikasteko modu hoberik? Modu desberdinetan ikasten genuen: ikasgelan, mendian, tabernaz taberna, herriak ezagutuz, ikuskizun batera joanez... Jokoak ere antolatzen zizkiguten, eta herriko jendearekin hitz egiten genuen. Haien hizkuntza eta gurea desberdina eta berdina zen aldi berean! Barnetegian, ezer ez dakizula uste duzunean, pentsatu gabe hasten zara euskaraz hitz egiten. Horrela da, benetan! Eta inportanteena da beldurrik gabe hitz egiten duzula. Aurten ere joango naiz, noski. Funtsezkoa da baikorrak izatea eta guztion artean ondo moldatzea".

487estibaliz

Estibaliz Arranz Sevillano
“Garrantzitsua da udan ez gelditzea”

"Iaz B2 maila egin eta udan barnetegira joan ostean, irailean Derioko AEKn egin nuen idazlan proba prestatzeko ikastaroa. Lan egin behar nuen, eta ikastaroaren ordutegia eta nire lanekoa bateragarriak ziren. Nire ustez, euskara edo beste edozein hizkuntza ikasteko prozesuan garrantzitsua da udan ez gelditzea. Horretarako, barnetegia da onena, eta beste urte batzuetan joan izan naiz; halere, azterketak prestatzeko ikastaro trinkoak ere lagungarriak dira: oso zehatzak dira eta arreta horretan jarrarazten dizute, azterketak prestatzen laguntzen dizute eta alderdi ahulenak indartzeko oso baliagarriak dira. Badakit pertsona askorentzat ahalegin handia dela, baina ikasteko erritmoa biderkatu egiten da eta askoz ere urte gutxiagoan ikas dezakezu hizkuntza. Barnetegira joan eta ikastaro trinkoak eginez gero, euskara ikasteko prozesua ez da hainbeste luzatzen: askoz lehenago bizi zaitezke euskaraz, eta denbora gutxiagoan lor ditzakezu euskara tituluak eta lanpostu kualifikatuak".

487irakaslea

Iñigo Ramirez de la Piscina De la Parte

“Naturalago eta axolagabeago hitz egiten da barnetegian”

"Ia 20 urte daramatzat irakasle Bilboko AEKn, eta iaz Arantzako barnetegian izan nintzen: paradisua da, isolatuta dago eta herritarrak oso jatorrak dira. Euskaltegiarekin alderatuta, abantaila nagusia 24 orduko segida da, euskaraz etenik gabe mintzatzea, egunero. Euskaltegian, ikastaro trinkoa egin arren, ikasleak ordu batzuk egiten ditu euskaraz, baina irtendakoan berriro jotzen du erdarara. Barnetegian, aldiz, ez dago horretarako tarterik, eta bi astez erdara kanpoan uzteak asko egiten du. Euskaltegian ibilita, hizkuntzaren txipa bi aldiz aldatzen da egunero, sartzean eta irtetean; barnetegian, hasieran bakarrik gertatzen da, eta ikasleei nabaritzen zaie aurrerapena. Ez dut esango bat-batean askoz hobeto hitz egingo dutenik, baina bai naturalago eta axolagabeago; horretan dago balioa. Gerora, ikasle batzuekin topo egin, eta barnetegia amaitutakoan erdaraz aritzea arraroa egiten zitzaiela kontatu zidaten, eta aurretik zituzten harreman batzuetan ohiturak aldatzeko eta euskaraz hasteko aprobetxatu zutela. Ez zuten barnetegian bezainbeste hitz egiten euskaraz, baina bai Arantzara joan aurretik baino askoz gehiago". 

 


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.