Lehen Korrikaren hasieraren 45. urteurrena baliatu du AEKk euskararen Pizkunde1 berri baten beharra azpimarratzeko. Ekitaldi berean, gorazarre egin2 die Korrikaren sortzaileei, eta gogorarazi du “Korrika antolatzeko arrazoiak” beren horretan mantenduko direla, harik eta helduen euskalduntzea eta alfabetatzea lehen lerroan ipini arte.

AEK-Korrikak antolatutako Ez gero, orain baizik ekitaldia azaroaren 29an egin da, 1. Korrika hasi zeneko 45. urtemugan zehatz-mehatz, eta leku berean: Oñatiko Unibertsitatean. Hala, AEKk Korrikaren sortzaileak eta 1980ko lasterketaren hasieran protagonista izan zirenak omendu ditu.

Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa eta helduen euskalduntzea lehen lerrora ekartzeko eskatu du AEKk, “Korrika sortzeko arrazoiek hor segitzen dutelako, zoritxarrez, 45 urte geroago”. Aldi berean, adierazi du AEKk helburu duen Euskal Herria lortzeko bidean ezin dela ezer geroko utzi: “Presa dugu, euskararen etorkizuna jokoan baitago”.

Kanpai hotsekin batera hasi da Ez gero, orain baizik: Xabier Amuriza agertu da oholtzan eta ekitaldiari izena eman dioten letrak, lehendabiziko Korrikaren koplak, abestu ditu. Jarraian, Ane Elordi Korrikako arduradunak hartu du hitza, hitzorduak helburu bikoitza duela aipatzeko.

Hitzorduaren helburu bikoitza
Batetik, ospakizuna eta omenaldia. Duela 45 urte abiatu zen mundu osoan hizkuntza baten alde egiten den ekimenik jendetsuena, “badugu, beraz, zer ospatu; eta badugu, halaber, nori eskertu”. Korrikaren sortzaileak aipatu ditu Elordik: Urtsa Errazti, Joseba Kanpo, Bittor Allende, Alvaro Gurrea... Orduko AEKide guztiei ere esker ona adierazi die: Julen Kaltzada, Enrike Ibabe, Josepe Zuazo... Baita lehenengo Korrika hartan protagonista izan zirenei ere: Xabier Amuriza, Korrikaren lehen kantaren sortzailea; Remigio Mendiburu, lekukoaren egilea; Eli Galdos eta Jose Maria Satrustegi, 0. kilometroa korritu zutenak...

Bestetik, aldarrikapena. Korrika ez da jai giro soila, aldarrikapena ere bada; horretaz jabetzeko3, “Korrika bakoitzaren leloei erreparatu besterik ez” dagoela azpimarratu du Elordik: “Horregatik, 24. Korrikaren atarian, AEKren mezua eta aldarrikapena publiko egiteko baliatu dugu urteurrena. Zoritxarrez, 45 urte eta 23 Korrika geroago, AEKk Korrika antolatzeko beharrizan berak ditu oraindik ere: euskararen aldeko kontzientzia suspertzea4 eta dirua biltzea, AEKren eguneroko lana indartzeko”. Argi utzi nahi izan du Korrikako arduradunak: “Ez gara folklore. AEK gara. Korrika gara. Euskara gara”.

AEKko Nazio Kontseiluko kide Aize Otaño Lizarraldek eta Xabi Gartzia Castellek lehen Korrika hura egiteko beharrak aipatu dituzte: 1980an, euskaltzaletasunak euskarari beste pizkunde bat eman zionean, alfabetatzearen eta euskalduntzearen premia hauspotzeko eta antolatzeko bultzada urrats logikoa eta naturala izan zen. “AEKren estrategia herri dinamikan eta lurraldetasunean oinarritu izan da hastapenetatik5, adierazi du Gartziak. “Sorrera hartan, AEKk erakundeetatik ez zuen lortzen ez ofizialtasunik ez finantziaziorik”. Dirua batzeko ez ezik, euskalduntzearen eta alfabetatzearen beharra sortzeko ere kanpaina bat egitea pentsatu zuten, “herrikoia, irekia eta Euskal Herri osoaren batasuna adieraziko zuena”. Horrelaxe sortu zen Korrika.

Otañoren esanetan, kontu batzuk ez dira asko aldatu 45 urtean: “Berriki esan dugu 24. Korrikan euskara guztiontzako aterpe irekia eta erosoa dela aldarrikatu nahi dugula; eta, nola ez, presa dugula Pizkunde berri bat abiatzeko, Euskal Herri euskalduna lortzeko”. Horretarako, AEKk nabarmendu du, besteak beste, helduen euskalduntzea lehen lerroan ipini behar dela; izan ere, gaur-gaurkoz, eta aurrerapausoak egin diren arren, eskaerak berdin jarraitzen du: “Helduen euskalduntzea lehen lerrora ekartzeak esan nahi du botere publikoek gisa horretako aitortza6 egitea”. Osterantzean, AEKk Korrika antolatzen jarraitu beharko du, hala dirua biltzeko nola euskararen normalizazioaren aldeko lana aurrera eramateko Euskal Herri osoan.

AEKren xedea: Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizitzea
Horixe da AEKren helburua, eta, lortzeko, “finantziazio iraunkorra” galdegin7 du Gartziak: “Aldian aldiko hiru eremu administratiboetako dirulaguntza sistema gainditzeko finantziazio eredua behar dugu; hots, gure zerbitzua bere osotasunean finantzatzea”. Hau da, Euskal Herri osoan egitura iraunkor eta egonkorraren beharra azpimarratu du, horrela izango baita posible “euskara ikasteko zerbitzua doan eskaintzea, herritarrek dirurik aurreratu behar ez izatea euskara ikasi ahal izateko eta, ondorioz, euskara ikastea egingarria8 izatea denontzat, herritar orori bermatu behar zaiolako berezko hizkuntza ezagutzeko eskubidea”.

Euskararen etorkizuna, jokoan
Otañok gehitu du unea dela jada euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa erdiesteko9, euskaltzaleok elkartzeko eta indarrak batzeko. Presa ere badagoela adierazi du: “Helburu dugun Euskal Herria lortzeko, ezin dugu ezer geroko utzi; orain da unea”. Zeregin horretan, instituzioek berebiziko ardura dutela azpimarratu du, euskarak ez duelako dagokion berdintasunezko ofizialtasun estatusik lurralde guztietan: Ipar Euskal Herrian, ez du ofizialtasunik; Nafarroan, hor dira zonifikazioaren ondorioak; eta EAEn, ofiziala izanik ere, “azken urteetako oldarraldi10 judizial, ideologiko eta politikoak desofizializazio prozesuan sartu gaitu”. Gauzak horrela, euskarari Pizkunde berri bat emateko garaia delakoan, abenduaren 27an Bilboko Bilbao Arenara biltzeko deia egin dute AEKko ordezkariek.

Nazio Kontseiluko kideen aburuz11, “helduen euskalduntze eta alfabetatzeak izan behar du herria euskalduntzeko prozesuaren ardatza”, eta zuzeneko deia egin diete administrazio nagusietako arduradun politikoei: “Zeuenak dira euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuan eragiteko eskumena12, gaitasuna, boterea eta lidergoa; zeuek bideratzen dituzue politika publikoak, eta hauxe da lehentasunezko politika publikoak abiatzeko garaia”. Halaber, eragile politikoei eskatu diete, ezagutza unibertsalizatzeari begira, zenbait esparru lehentasuntzat jotzeko: hezkuntza (formala zein ez-formala), helduen euskalduntze eta alfabetatzea, kultura eta harrera politikak...

Helduen alfabetatze eta euskalduntzearen sektoreari dagozkion eskariak
1) “Euskal Herri osoa hartuko duen egitura egonkor eta iraunkor bakarra” sortzea; helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko jarduna koordinatu eta osorik finantzatuko duen agentzia, hain zuzen ere.
2) Doakotasuneranzko bidean urrats sendoagoak egiteko konpromisoa; alegia, “herritarrek dirurik aurreratu behar ez izatea euskara ikasi ahal izateko, eta herritar bakoitzak 2.000 orduko poltsa bat izatea euskalduntze prozesu osorako”.
3) Euskara ezagutzeko beharra sustatzea. Euskal Herri osoan, bizitzako alor guztietan, euskara nagusi izatea jomugan, beharrezkoa da hizkuntza politika koordinatu, bateratu eta bakarra egotea: “Erdaldun elebakarrei argi sentiarazteko euskara ikastea gero eta beharrezkoagoa gertatuko zaiela. Hala, herritarrek euskara ikasteko eta erabiltzeko hautua egin dezaten, oso beharrezkotzat jotzen dugu hizkuntza politikako zenbait neurrik lege babesa izatea eta ezagutzaren unibertsalizazioa espresuki jasotzea”. Bereziki, lau eremu aipatu dituzte: administrazioa, hezkuntza ez-formala, eremu sozioekonomikoa eta ingurune digitala.

Omenduei eta haien senideei aurreskua dantzatuta, ekitaldia hitz hauekin amaitu da: “AEKn oso argi daukagu: Euskara gara. Orain ez bagara, noiz izango gara?”.

1. Pizkunde: renacimiento (es), renaissance (fr).
2. Gorazarre egin:
omendu, omenaldia egin.
3. Jabetu:
ohartu, konturatu, kontziente izan.
4. Suspertu:
bizkortu, indartu, sendotu.
5. Hastapen:
hasiera, lehenengo une.
6. Aitortza:
errekonozimendu, aitorpen.
7. Galdegin:
eskatu, exijitu.
8. Egingarri:
egin ahal dena, posible dena.
9. Erdietsi:
lortu.
10. Oldarraldi:
ataque (es), attaque (fr).
11. Aburuz:
ustez, iritziz.
12. Eskumen:
competencia (es), pouvoir (fr).

Zelan euskaraz?

Atal honetatik lagun asko pasa dira dagoeneko. Guztiak, euskara heldu aroan eta euskaltegian ikasi duten pertsonak. Haiek ezagutzeko aukera edukitzeaz gain, euskara ikasteko lagungarriak diren aholkuak, trikimailuak eta testigantzak aurkituko dituzue. Ez galdu aukera!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.