Kilimak taldearen 'Irrikitan' diskoa kalean da
Talde gipuzkoarrak bere bigarren lana argitaratu du Baga-Biga diskoetxearekin. Aurrenekoan, runba erritmoekin etorri zen, baina oraingo honetan Kilimak bandako kideek erritmo latindarretarantz jo dute, merenge doinuetara, ukitu elektronikoekin eta pop melodia itsaskorrekin nahasita. Zortzi abesti bildu dituzte albumean Ione Zozayak (ahotsa), Agus Garmendiak (ahotsa, gitarra eta abestien egilea), Fabian Reyesek (perkusioa), Oskitz Gorrotxategik (tronpeta), Arturo Martinek (saxofoia), Imanol Iribarrenek (tronboia) eta Yosmel Lazok (teklatuak), guztiak ere dantzagarriak eta festarako modukoak. Diskoa iazko udazkenean grabatu zuten, Paxkal Etxeparerekin. Kilimak 2018an osatu zen Hernanin, eta 2020an Euskadi Gaztea Irratiko Entzulearen Saria jaso zuen.
ZEIDFEST GAZTEA jaialdia ospatuko da, Barakaldoko Bizkaia Arena-BECen, apirilaren 5ean. Egitaraua oparoa da: Süne, Dupla, Joselu Anaiak, Kai Nakai, Akerbeltz, Ingot, Zea Mays, Iseo & Dodosound, Isabel Aaiún, Crystal Fighters, Zilibito Records, Gregotechno, Betagarri eta Sorotan Bele Gogoan (Mutrikuko musika taldearekin batera). Ana Goitia eta Eleder Magoa ere bertan izango dira. Goizeko 11:00etan irekiko dituzte ateak, kontzertuak eguerdian hasteko: 15 orduko musika emanaldi etengabea, beraz.
INORENAK EZ DIREN LURRETAN
Bidelapurrak
Egilea editore, 2024
Bidelapurrak talde gasteiztarreko kideak 2014 urtean elkartu ziren lehen aldiz. Bikote formatuan egin zituzten lehen pausoak, eta Euskal Herriko hainbat herri eta txokotan aritu ziren zuzenean. Debuteko diskoa Zenbat negar baztarretan izan zen, eta 2018an Gorriak eta bi lana heldu zen. Orain bueltan datoz, banda osoarekin batera, azken urteotan landutako hamabi kantu biltzen dituen disko honekin.
BIZITZAREN GERRAK, GERRA BIZIAK
Bake Faltsua
Bonberenea, 2024
Bederatzi abestik osatzen dute Ordiziako taldearen bigarren diskoa, 2019an kaleratutako Bestelako ezpala lanaren ondotik. Taldekideek langiletzat dute euren burua, uste dutelako musika baliabide politikoa dela, eta “gizarte honen kontzientziatik” kantatu behar diotela “mundu berri baten beharrari”. “Zapalduta” egon arren, ordea, “hemen gauden bitartean ondo pasatzeko tartea” hartzeko asmoa ere badute.