Istorioa: Thibaut Desormeaux orkestra zuzendari ospetsua da nazioartean. Leuzemia diagnostikatzen diotenean, adoptatua dela jakingo du, eta Frantziako iparraldeko herri meatzari batean anaia bat duela, Jimmy. Hark jangela batean egiten du lan eta tronboia jotzen du herriko musika bandan. Pixkanaka, musikak batu egingo ditu.

Sariak: Iazko Donostiako Zinemaldian, Donostia Hiria publikoaren saria jaso zuen filmak, eta ikusleen sariak, normalean, oso erreferentzia lagungarriak izaten dira hankabiko arruntontzat. Gainera, ez zuen nolanahi eskuratu: 9,32ko nota jaso zuen (10etik), sari horretan inoiz izandako altuena.

Onena: Hain puntuazio altua harrigarria izan daiteke; filma jendearen gustukoa izatea, ordea, ez. Izan ere, oso atsegina da, gustagarria. Umorea eta drama modu orekatuan erabilita, gizatasunez betea eta begirada sentikorrez egina, kontu alaiak eta ilunak trebeki nahasten ditu. Samurra da eta, alde gizatiarrenei ez ezik, errealitate sozial, politiko eta ekonomikoari ere neurrian erreparatzen die. Osagai horiei guztiei aktore talde osoaren lan ona gehitu behar zaie, bi protagonista nagusietatik hasita. Sentiberatasun handiko pelikula izanik, pentsa daiteke ikuslea hunkitzeko errazkerian eror daitekeela uneren batean, baina inondik inora: sentikortasuna bai, baina milikeriarik gabe.

Txarrena: Hunkitu beharraren beharraz, bide markatu horretatik aterako ez den sentsazioa eragiten du hasieratik.

Eñaut Mitxelena

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.