Pantxoa eta Peio, Azken Dantzarako bidean
Pantxoa eta Peioren historiako azken bi kontzertuak jendetsuak izango dira, zalantzarik gabe. Izan ere, lehenengorako sarrerak amaituta, Azken Dantza izeneko emanaldia beste behin eskainiko dute Barakaldoko BECen. Hortaz, 2027ko urtarrilaren 9an eta 10ean amaiera duin eta partekatua emango diote euskal kulturaren historian arrasto1 nabarmena utzi duen proiektuari. Bikoteak emozio handiz erantzun du, oso eskertuta: “Negar egiteko gogoa ematen du, zein ederra den jendearen maitasuna. Nahi zaituztet eskertu, bihotz-bihotzetik, asko hunkitzen2 nau halako harrera egiteak” adierazi du Pantxoa Carrerek. Peio Ospitalek, berriz, “hau guztia molde3 onean ospatzea” espero duela esan du hunkituta, eta bihotz-bihotzez eman ditu eskerrak berak ere.
Pantxoa eta Peio bikoteak euskal kantagintzaren historian garrantzi ukaezina4 izan du. 1960ko hamarraldiaren amaieran hasi ziren euskaraz kantatzen, euskal hizkuntzak eta kulturak mugaren bi aldeetan jasaten5 zuen errepresioaren ondorioz etengabe atzera egiten zuten bitartean. Haien kantagintza, hasieratik, borrokarako eta aldarrikapenerako6 tresna izan zen, euskararen, euskal kulturaren eta Euskal Herriaren aldeko ahots bihurtua. Manex Pagola, Telesforo Monzon, Manex Erdozaintzi-Etxart, Xalbador, Jean Louis Davant, Roger Idiart, Xabier Leteren eta beste hainbat idazleren testuak musikatu zituzten, eta kanta horietako asko ereserki7 bilakatu dira belaunaldi8 askorentzat.
1969an lehen kantuak argitaratu zituztenetik 2009ra arte, milaka kantaldi eta 18 argitalpen utzi dituzte, euskarazko kantagintzaren ondarean9 funtsezko10 lekua dutenak. 2011. urtearen amaieran igo ziren azkenengoz oholtzara, jakin gabe hura izango zela azkena; etenaldi11 luze eta aurreikusi gabearen ondoren, orain heldu da agur esateko unea. Azken Dantza agurra ez ezik, belaunaldiz belaunaldi partekatutako bizipenaren ospakizuna ere izango da: aitortza12 hunkigarria euskal kantagintzak Euskal Herriko historian eta Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko harremanean izan duen garrantziari.
1. Arrasto: huella (es), trace (fr).
2. Hunkitu: emocionar(se) (es), (s')émouvoir (fr).
3. Molde: modu, era.
4. Ukaezin: innegable (es), indéniable (fr).
5. Jasan: sufritu, pairatu, nozitu.
6. Aldarrikapen: erreibindikazio.
7. Ereserki: himno.
8. Belaunaldi: generación (es), génération (fr).
9. Ondare: patrimonio (es), patrimoine (fr).
10. Funtsezko: fundamental (es), fondamental, -e (fr).
11. Etenaldi: pausa (es), pause (fr).
12. Aitortza: reconocimiento (es), reconnaissance (fr).
