ZuNonHanDA! azoka ibiltaria Durangoko Azoka baino lehen egingo da
Lehen aldiz, ZuNonHanDA! ekimena Durangoko Azoka hasi aurretik egingo dute. Azoka egunez harago, Durangoko Azokaren helburu nagusietan sakontzeko asmoa du ekimenak. Hots, kultur sorkuntza zein zaletasuna hauspotzea1, eta sortzaile, bitartekari2 eta herritarren arteko zubi lanean eragitea, baita Durangoko hitzordutik kanpo ere. Xede3 horrekin sortu zuten ZuNonHanDA! 2020an. Orain arte, Azoka amaitu osteko egunetan egin da beti, baina aurten lehenago egingo da. Zehazki, azaroaren 17an hasi zen, eta abenduaren 4an bukatuko da, 60. Durangoko Azokaren hasieraren bezperan4.
Ekimena Euskal Herri osoko 19 liburu dendatan gauzatuko du. Horietan, Durangoko Azokan eskuragarri egongo diren liburu berrien aurkezpenak egingo dituzte idazleek, guztira 22 libururenak. Gainera, Azokan plazaratutako nobedadeen sortak Euskal Herriko 67 liburu saltokitan egongo dira eskuragarri.
Azoka ibiltariari esker, Durangoko Azokaren oihartzuna5 Euskal Herri osora zabaltzeaz gain, liburu denden urte osoko lanari aitortza egiten zaio.
Esan bezala, azaroaren 17an hasi zen ZuNonHanDA! Gasteizko Zuloa Irudia saltokian, eta ordutik hainbat tokitan izan da. Hona hemen hurrengo hitzorduak:
- Abenduaren 1ean, 19:00etan, Durangoko Hitz liburu dendan, Uxue Alberdiren Esne-berriketan liburuaren irakurraldia egingo dute. Alberdi bera eta Miren Amuriza izango dira hizlariak.
- Abenduaren 1ean, 19:00etan, Donostiako Casa del Libro saltokian, Urtzi Leoneten Itzalen dama eta Patxi Bakallu. Lanbroetako zalduna liburuaren aurkezpen ilustratua egingo dute Leonetek, Aitor Azurkik eta Iñaki Holgado ilustratzaileak.
- Abenduaren 2an, 18:30ean, Elgoibarko Pitxintxu dendan, Maitena Illarramendiren Kateriñe lanaren aurkezpen ilustratua izango da, Illarramendiren eta Iñigo Sarasolaren eskutik.
- Abenduaren 2an, Iruñeko Comedias kaleko Elkar dendan, Ainhoa Urienen Ehun zaldi trostan lanari buruzko solasaldia izango da Urienekin eta Rakel Pardorekin.
- Abenduaren 3an, 18:30ean, Bilboko Poza kaleko Elkar dendan, Josu Goikoetxearen Lakioa lanaz mintzatuko dira Goikoetxea bera eta Fermin Etxegoien.
- Abenduaren 4an, 18:00etan, Eibarko Adarabar gunean, Amancay Gaztañagaren Martin Martina eta gauekoak liburuaren aurkezpen ilustratua egingo dute Gaztañagak berak eta Antxiñe Mendizabalek.
1. Hauspotu: bultzada eman, bultzatu, sustatu.
2. Bitartekari: intermediario, -a (es), intermédiaire (fr).
3. Xede: helburu, jomuga.
4. Bezpera: aurreko egun.
5. Oihartzun: repercusión (es), répercussion (fr).
