AEK-Korrikak eta Gazte Euskaltzaleen Sareak (GES) elkarlanerako akordioa adostu zuten joan den ostiralean. Gazteek 24. Korrikan aktiboki parte hartzeko gonbita1 egin diote euskal gazte jendarteari, eta indar kolektibo hori erakusteko bereizgarria2 ere aurkeztu dute: gazte zapia.

24. Korrikaren edizioa badator, eta Gazte Euskaltzaleen Sarea ez da pozik euskararen egoerarekin. Hala adierazi dute AEK-Korrikarekin egindako bileran: “Gaur inoiz baino garrantzitsuagotzat jotzen dugu euskararen aldeko bulkada3 berri bat eragitea; Korrikak horretarako testuinguru aproposa eskaintzen du, gazteontzako pizkunde4 berri bat eragiteko, euskararen aldeko gazte olatua sortzeko”. 

Hartara5, proposamen zehatza luzatu dio euskal gazte jendarteari: lekuan lekuko Korrika batzordeetan parte hartzea era aktiboan. Euskal Herriko auzo eta herrietan osatzen diren batzordeetarako gida prestatu dute, euskararen inguruan kontzientziatzeko eta aktibatzeko: “Helburua izanen da gure auzoetako gazteria euskararekin mugitu eta konpromisoak hartzeko erronkak bultzatzea”, adierazi dute. 

Gazte olatu hori ikusarazteko bereizgarria sortu dute, “gazte zapia”, bai eta Korrika bitartean jantzita eramateko deia egin ere. Korrika batzordeetan egongo da eskuragarri6, euro batean: “Irudika dezagun batzordez batzorde egiten dugun lan hori lasterketan bertan”. Korrika arduradun Ane Elordik, bere aldetik, esker hitzak izan ditu GESen ideiarako: “Gazteoi askotan esaten digute zer egin behar dugun, baina hori baino gehiago, uste dugu beharrezkoa dela gazteoi espazioak eskaintzea ekiteko eta eragiteko. Zentzu horretan, Gazte Euskaltzaleen Sarearen proposamena guztiz bat dator Korrikaren mezuarekin”. Hala, dei berezia egin die Elordik AEKko kideei, baita eragileei eta Korrika batzordeetan parte hartzen duten lagun guztiei ere, gazteekin bat lan egin dezaten euskararen alde: “Piztualdirik izango bada, gazteekin izan beharko da”.

1. Gonbita egin: gonbidatu.
2. Bereizgarri:
distintivo (es), signe distinctif (fr).
3. Bulkada:
impulso (es), impulso (fr)
4. Pizkunde:
renacimiento (es), renaissance (fr).
5. Hartara:
así pues (es), ainsi (fr).
6. Eskuragarri:
accesible (es), accessible (fr).


Zelan euskaraz?

Atal honetatik lagun asko pasa dira dagoeneko. Guztiak, euskara heldu aroan eta euskaltegian ikasi duten pertsonak. Haiek ezagutzeko aukera edukitzeaz gain, euskara ikasteko lagungarriak diren aholkuak, trikimailuak eta testigantzak aurkituko dituzue. Ez galdu aukera!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.