(H)ilbeltza Astearen 12. edizioa aurkeztu dute
Baztanen egin ohi den Euskal Nobela Beltzaren Astea ilbeltzaren1 19tik 25era luzatuko da aurten, Izan zaitez lekuko leloaren pean. Ekimeneko Ainara Urriza eta Aitziber Zapiain kideek adierazi dutenez, “euskaldunok piztu dugun su erraldoian, (H)ilbeltzak ere gar2 hori hauspotzen3 jarraitu nahi du”. Izan ere, euskara hutsean gauzatzen4 da nobela beltzaren inguruko aste hau. Hala, literatura beltza erdigunean, hainbat ekitaldi antolatu dituzte, guztiak doakoak, herri hauetan: Arizkun, Aniz, Irurita, Elizondo eta Erratzu. Besteak beste, Ernesto Praten Muga hautsien hegalak liburuaren aurkezpena, Oraindik izen gabe filmaren emanaldia eta solasaldia, Basque noir edo euskal nobela beltza? mahai-ingurua, Isiltasunerat errendituak Itzuli Beltza ibilbidea... izango dira aukeran. Egitarau osoa (h)ilbeltza.eus blogean dago, baita larunbateko bazkarirako txartelak erosteko aukera ere.
Bestalde, antolatzaileek iragarri dute ilbeltzaren 21ean aurkeztuko dutela, Iruñean, Doinuele sarearen 2026ko egutegia. (H)ilbeltza izango da urteko lehenbiziko plaza, eta ondoren gainerako guztiak etorriko dira: Literatura Plazara Oiartzunen, Geure Gelatik Lazkaon, Literaturia Zarautzen, Ziburuko Azoka, Hazoka Hernanin, Ikusi Mikusi Saran eta Hitzen Lihoa Oiartzunen. Kasik hilero, Euskal Herriko txoko arras5 ezberdinetan izanen da euskal literaturaz eta musikagintzaz gozatzeko plazaren bat: “Sare honen bitartez, batetik, elkar sostengatu, elkarren berri izan, eta ideiak eta bizipenak elkartrukatu6 nahi ditugu. Eta, bertzetik7, euskara hutsezko ikusleria, irakurleria eta entzuleria, hau da, euskaraz bizi den komunitatea, indartu nahi dugu abenduan piztutako sua hauspotzen jarraitzeko”.
1. Ilbeltz: urtarril, urteko lehen hil.
2. Gar: llama (es), flamme (fr).
3. Hauspotu: bultzatu, areagotu, handitu, sustatu.
4. Gauzatu: materializarse (es), (se) matérialiser (fr).
5. Arras: guztiz, erabat, zeharo.
6. Elkartrukatu: konpartitu, partekatu, batak besteari kontatu.
7. Bertzetik: bestetik, beste alde batetik.
