“Euskara ikasteko arrazoi askoren atzean badago talde baten parte izateko nahia”

Izaro Arruti Agirreurreta
Telebistako aurkezlea eta soziolinguista
Estreinakoz telebistako aurkezle aritu da Arruti (Andoain, 1996), ETB1eko Tribuaren berbak saioan. Frantses, ingeles eta euskal filologia ikasketak egina, Badalab hizkuntza-berrikuntza laborategian eta Euskarabentura eta Ruta Inti egitasmoetan ere ibilia da. Finean, “justizia sozialak, kulturartekotasunak eta hizkuntzak zeharkatzen dituzten gaietan aritzen naiz”. Eñaut Mitxelena. Argazkia: EITB.
Zure lehen esperientzia aurkezle. Zer moduz?
Oparia izan da. Aurkezlea izateaz gain, off ahotsak egiten, erredakzioan, gidoietan ekarpenak egiten eta sare sozialetan ere jardun dut. Eremu oso seguru eta gustukoa izan da. Kike Amonarriz alboan izateak ere asko laguntzen du.
Inkestak kalean, adituak elkarrizketatu, beste hizkuntza gutxitu batzuen errealitatea ezagutu... Hainbeste gauzaren artean, zer nabarmenduko zenuke?
Lehenengo, hizkuntza gutxituen borroka mundu-mailako kezka dela, euskara kasu aurreratua dela eta euskaldunok erreferenteak garela beste hizkuntza gutxitu askorentzat. Bigarrenik, era askotako arrazoiak eta bideak daudela euskara ikasteko: musika, maitasuna, arrazoi linguistiko eta politikoak... Horien guztien atzean badago talde baten parte izateko nahia. Azkenik, Euskal Herriko errealitate soziolinguistiko ezberdinen arteko ezagutzarik eza sumatu dugu. Baina, aldi berean, Nafarroari eta Iparraldeari buruzko saioek ikusle-kopuru handia izan dute; beraz, gabezia badago, baina interesa ere bai.
Zure eskarmentu eta jakintzatik, nola ikusten duzu euskararen etorkizuna?
Bidegurutzea, impassea, larrialdia, oldarraldia, jauzia, indarraldia, pizkundea... hitz asko erabiltzen dira egungo egoera deskribatzeko. Une historiko batean gaude, azken 50 urteotan gauza piloa egin delako euskararen alde eta inoiz baino jende gehiagok dakielako euskara. Alabaina, diglosia-egoeran jarraitzen dugu, eta jakin badakigu euskara minorizatu nahi duten indarrak hor daudela. Dena den, Kikek eta biok askotan aipatu dugu: itxaropena boterea da. Nik etorkizuna baikortasunez ikusten dut. Aukera mordoa dugula uste dut, eta partida garrantzitsua jokatuko dugula.

DI-DA BATEAN
Zerk alaitzen dizu eguna? Kirola egiteak.
Eta tristatu? Denbora-faltaren sentsazioak.
Zerk eragiten dizu barrea? Amonaren ateraldiek4.
Eta negarra? Injustiziek, batez ere nire begiekin ikusten ditudanean.
Zerk haserrearazten zaitu? Argazki analogikoak erreta ateratzea.
Bizio bat: Duteak5 probatzea.
Plazer txiki bat? Egunerokoa idaztea.
Eta plazer handi bat? Bizikletaz bidaiatzea.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Suhiltzailea.
Eta orain, zer ez duzu izan nahi? Lana eta aisia uztartu ezin dituen langilea.
Aurkezle bat? Maialen Arzallus.
Telesaio bat? Ur handitan.
1. Arduratsu: responsable (es), responsable (fr).
2. Printza: brizna (es), brin (fr).
3. Aitzakia: pretexto (es), prétexte (fr).
4. Ateraldi: ocurrencia (es), mot d'esprit (fr).
5. Dute: té (es), thé (fr).
