Udaberrian ere, euskaraz eroso AEKn
Neguan gaude oraindik, baina AEK hasi da udaberrirako ikastaldiak eta asteburuko barnetegiak antolatzen, nahi duenari euskara ikasteko eta praktikatzeko aukera gehiago eskaintzeko asmoz.
Hala, Ipar Euskal Herrian, ikastaldiak eginen dira Baionan eta Donibane Garazin. Euskararekin lehen harremana izateko aukera ona da ikastaldia, baita ulermenean eta mintzamenean trebatzeko ere. Izan ere, euskara ikasi edo hobetu nahi duten lagunak ingurumen euskaldun batean murgiltzen dira, modu trinkoan. Lehenengoa Baionan izanen da, martxoaren 3tik 7ra bitarteko astean, 09:00etatik 13:00etara eta 14:00etatik 17:00etara. Apirilean, berriz, 21etik 25erako astean antolatuko dira, Donibane Garazin eta Baionan. Maila guztiak eskainiko dira, eta ikastaldi bakoitzak 175 euroko prezioa izango du. Informazio gehiago izateko eta izena emateko:
Iruñean ere izango dira hiri barnetegiak, baina asteburuan, maiatzaren 24an eta 25ean, hain zuzen ere. Asteburuko barnetegietan egiten diren jarduera guztiez disfrutatzeko aukera egongo da, baina gaua bertan igaro gabe (lotarako tokia ikasleak berak bilatu beharko du). Bi ikastaro mota eskainiko dira: bata euskalduntzeko (B2 eta C1 mailak) eta bestea EGA/C1 azterketa prestatzeko. Prezioa 131 eurokoa da, eskolak eta larunbateko bazkaria barne.
Azkenik, Arantzan ere asteburuko barnetegiak antolatuko dira. Maiatzaren 16tik 18ra, euskalduntzekoak izango dira (A2.2 eta B1 mailak). Hori bai, euskaran murgiltzeko ikastaroak izango dira, ez azterketak prestatzeko. Prezioa, 202 €. Iruñean zein Arantzan izena emateko epea martxoaren 26tik maiatzaren 5era izango da. Horretarako, AEKren webgunera jo behar da: http://www.aek.eus/asteburukobarnetegiak/.