Amaitzear den urtean zeresana eman duten 25 hitz hautatu ditu UZEIk, urteko gertaeren eta joeren errepasoa egiteko. Zerrendan, beste hizkuntza batzuetatik hartutako hitzekin batera, euskaratik bertatik sortutako esamoldeak1 jaso ditu. Esate baterako, mitoaroa (Zetak musika-taldearen ikuskizun arrakastatsuaren izena) edo Harausta (Biarrizko La Negresse auzoaren garai bateko izena). Nazioarteko politika eta, batez ere, AEBetako Gobernuaren erabakiak ere izan dira hainbat hitz aukeratzeko arrazoi.

Zehazki, honako hitz hauek osatzen dute zerrenda, iaz nabarmendu ziren gertakarien segida kronologikoari jarraituz antolatuta:

1. Norobirus. 2025. urtearen hasieran, gripeak gogor jo zuen eta, harekin batera, norobirusa ere zabaldu zen, oso kutsakorra dena.

2. Muga-zerga. Urteko hitz ere aukeratu dute Euskaltzaindiak eta UZEIk. Izan ere, AEBetako presidente Donald Trumpek hartutako erabakiek buruhauste franko eragin dituzte munduan, eta horien artean muga zerga-famatuak izan dira.

3. Mexikoko golkoa. Donald Trumpek aginduta, zenbait lekutan Mexikoko golkoa leku-zena aldatu eta Amerikako golkoa ipini zuten. Nolanahi ere, Euskal Herrian lehengoari eutsiko zaio, Euskaltzaindiak 2024ko abenduan Mexikoko golkoa arautu zuelako, besteak beste.

4. Bakailao. Euskaltzaindiak urtarrilean araututako hitz sortan lehena izan zen.

5. Pommelier. American Cider Association erakundeak Haritz Rodriguez donostiarra pommelier izendatu zuen joan den urtean: ardoetan aditu diren sommelierrak bezala, baina sagardoetan aditu.

6. Haratusta. Otsailean erabaki zuten Biarrizko La Negresse auzo ezagunari izena aldatzea, arrazakeriaren eta sexismoaren kutsua2 zuelako. Apirilean, galdeketa bat egin zuten izen berria hautatzeko eta, proposatutako hiru aukeren artean, L’Alegresse aukeratu zuen jendeak. Galdeketan, baina, aukeren artean ez zuten jaso auzoaren garai bateko euskal izena: Harausta. Nahiz eta galdeketan kontuan izan ez, 25 hitzen zerrendan jaso du UZEIk.

7. Riviera. Gazako sarraskiari lotutako hitza, Trumpek Benjamin Netanyahu ondoan zuela egindako proposamen bati jarraikiz: Gazatik palestinarrak kanporatzea eta bertan turismorako Riviera berria eraikitzea.

8. Ur mineral. Frantzian izandako eskandalu baten harira aukeratutako hitza. Otsailean jakin zenez, hainbat ur marka ezagunek (bi enpresa handi dira horien jabeak) txorrotako3 ur kutsatua tratatu eta ur mineral garbia balitz bezala saldu dute.

9. Polarizazio. Immigrazioaren Euskal Behatokiak martxoan egindako barometroan esaten zenez, gizartearen polarizazioak kezkatzen ditu euskal herritarrak.

10. Berrarmatu. Munduan gerra hotsak handitu diren neurrian handitu da gastu militarra herrialde askotan, besteak beste Europakoetan.

11. Superordenagailu kuantiko. Donostian apirilean instalatu zuten halako bat, Europan bakarra, oraingoz.

12. Desiraungi. Duela 13.000 urte desagertutako otso bat berriro sortzea lortu omen dutelako sortutako aditza: iraungita4 zegoena desiraungi egin dute.

13. Bizirauteko kit. Etxean 72 orduz bizirik irauteko eduki beharreko kita, Europan martxoan iradoki5 zutena.

14. Itzalaldi. Hegoaldea eta Iberiar penintsula osoa argindarrik gabe geratu ziren eguna gogoan aukeratutako hitza.

15. Konklabe. Hurrengo aita santua aukeratzeko maiatzean kardinalek Erroman (Italia) eginikoa aintzat hartuta hautatutako hitza.

16. EHU. Euskal Herriko Unibertsitateak ekainaren atarian iragarri zuen aurrerantzean UPV/EHU marka erabiltzeari utziko diola eta EHU erabiliko duela.

17. Pogrom. Garai ilunak gogora ekartzen dituen errusierako hitza, udan izandako bi gertakariren harira: sanjoanetan Hernanin (Gipuzkoa) gertatutakoa eta uztailean Murtzian magrebtar jatorriko pertsonen aurka (edo halakotzat jotakoen aurka) egindako ehizaldia.

18. Flotilla. Gazara janariak eta sendagaiak ez ezik, elkartasuna ere eramateko antolatua. Gainera, UZEIk Neolotekan jaso du flotilla hitza.

19. Mitoaroa. Zetak taldeak sortutako ikuskizunaren izena, sekulako oihartzuna izan duena.

20. Podium. Irailean, halakorik gabe bukatu zen Espainiako Vuelta, Euskal Herritik pasatu zenean izandako protestak eredu hartuta Israel egiten ari den genozidioaren aurkako protestek Madrilen azken etaparen amaiera eragotzi baitzuten.

21. Lapurreta. Urrian, Parisko Louvreko Museoan egin zuten lapurreta sonatuagatik aukeratua.

22. Narkotxalupa. Urrian, droga trafikoari aurre egiteko aitzakiaz6, ustezko narkotxalupa batzuk hondoratu zituen AEBetako Gobernuak, hasieran Karibe itsasoan eta ondoren Ozeano Barean ere bai. Narkotxalupa ez da aurten sortutako hitza, corpusetan jasotako adibideek erakusten dutenez, baina orain arte gutxitan izan du halako oihartzuna albisteetan.

23. Txerri-izurri afrikar. Azaroan, Bartzelonan, txerri-izurri afrikar famatuak hildako basurdeak aurkitu zituzten, eta geroztik kezka iturri bilakatu da, baita Euskal Herriko txerri-haztegietan ere.

24. Soldadutza. Ia desagertua zirudien hitza, azaroan Europako hainbat agintariren ahotan entzuna. Esaterako, Emmanuel Macronek 2026rako “borondatezko” soldadutza iragarri zuen.

25. Alu7 zikin. Macronen emazte Brigitte Macronek lagunartean esandako hitz batzuek sortutako polemikaren harira aukeratutako hitza. Bideo batean ikusten denez, Ari Abittan umoristaren ikuskizunaren aurka protesta egiten ari zen feminista-talde bat kritikatu zuen (ustezko bortxaketa bat egin izana egotzi zaio umorista horri), feminista horiek alu zikinak baino ez zirela esanez.

1. Esamolde: locución (es), locution (fr).
2. Kutsu:
matiz (es), nuance (fr).
3. Txorrota:
grifo (es), robinet (fr).
4. Iraungi:
extinguir (es), disparaître (fr).
5. Iradoki:
sugerir (es), suggérer (fr).
6. Aitzakia:
excusa (es), excuse (fr).
7. Alu:
vulva (es), vulve (fr).

 


Zelan euskaraz?

Atal honetatik lagun asko pasa dira dagoeneko. Guztiak, euskara heldu aroan eta euskaltegian ikasi duten pertsonak. Haiek ezagutzeko aukera edukitzeaz gain, euskara ikasteko lagungarriak diren aholkuak, trikimailuak eta testigantzak aurkituko dituzue. Ez galdu aukera!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.