AEK-Korrika, Aske jaialdiarekin elkarlanean
Abenduaren 27an ospatuko da Aske jaialdia, Atarrabian. “Ezohiko musika jaialdia” da, antolatzaileen esanetan, herriaren eta norbanakoaren1 askatasuna aldarrikatzeko topagunea. Hatortxu Rock ekimenaren lekukoa hartuta, Aske jaialdiak Euskal Herri askearen soinu banda sortu nahi du: euskalduna, feminista, antikapitalista, solidarioa… Musikaren, auzolanaren eta elkarlanaren bitartez, balio eraldatzaile2 horiek eta euskal nazioaren askatasun grina3 sustatzea du helburu. AEK-Korrikak ere onartu du jaialdiak egindako elkarlanerako gonbita, “bestelako aisialdi eta jaialdi ereduak posible direla sinetsita, elkarrekin bi eta erdi garelako”. Hori dela eta, bost sarrera bikoitz zozkatuko ditu Korrika Laguntzaileen artean, Korrikaren spota presente izango da jaialdian bertan eta Askek lekukoa hartuko du 24. Korrikan. Sarrerak aske.eus atarian daude salgai; halaber4, inork txanda bat eginez lagundu nahi badu, bertan du izena emateko aukera.
1. Norbanako: pertsona.
2. Eraldatzaile: transformador, -a (es), transformateur(trice) (fr).
3. Grina: fervor (es), ferveur (fr).
4. Halaber: ere bai, baita ere, era berean, orobat.
