Apirilaren 6tik 11ra egingo da Aulestin (Bizkaia) arte eszenikoetan euskaraz aritzen diren aktore, zuzendari, antzerkigile zein antzerkizaleen urteroko topagunea1. Euskal Herriko arte eszenikoetan murgilduta2 dabiltzan lagunen arteko eztabaidak, jakintza eta elkartrukeak sustatzeko asmoa du bilkurak. Horretarako, hainbat irakasleren tailerrak prestatu dituzte: Maryse Urruty, Nagore Tamayo, Idoia Tapia, Ximun Fuchs, Formol Laborategia-ko Intza, Alkain, Edurne Azkarate eta Mikel Ibarguren, eta Ander Lipus. Astelehenetik larunbatera, 48 orduz guztira, euskara hutsean. Izena www.artedrama.com atarian eman daiteke, eta azkar ibiltzeko gomendioa egin dute, 16 leku besterik ez dutelako.

Hala, Maryse Urrutyk Alter Egoa tailerra proposatu du: nor naiz agertokira igaten3 naizenean? Kalean ikusten ahal duzun hura? Intimitatean ezagut dezakezuna? Edo beste ni bat? Esplorazio hori eginez, pertsonaren, aktorearen eta pertsonaiaren arteko desberdintasunak bilatuko dituzte.

Nagore Tamayok, berriz, Gorputza adi, era eta bide tailerra prestatu du, dantzaren bitartez, partaide bakoitza bere gorputzarekiko kontziente eta aukeren jabe izateko asmoz, jolas eta hainbat dinamika fisikoren bitartez.

Idoia Tapiak, bestalde, Ahotsa motore tailerrean, ahotsa ipiniko du erdigunean4. Izan ere, tresna bitxia da, norberarena, besterenezina5: zer aukera ematen dizkit nire ahotsak sormena aktibatzeko? Zer aukera ematen didate besteen ahotsek? Zer du ahotsak kontatzeko?

Ximun Fuchs galdera batetik abiatuko da Bizia bere oholtzan tailerrean: “Antzerkiak biziraungo du? Bai… merkatuak irensten ez badu”. Haren aburuz6, “bizitza bera astintzeko prest dagoen aktorea beharko da, munduaren konplexutasuna aurpegian eta dantza-mugimenduetan haragituko7 duena, adierazteko8 gai izango dena. Gatazkak9, emozioak eta erronkak argitara ekarriko dituen antzerkilaria”.

Formol Laborategia Irudi eta dispositibo eszenikoen eraikuntza-z ariko da, partaideak espazio eszenikoaren esperimentazioan murgil daitezen: nola jarri harremanetan espazioarekin hura eszenara ekartzeko? Poemak izango dira dispositibo eszenikoaren helduleku10 eta irudi eszenikoen eraikuntzan trebatzeko11 aitzakia.

Azkenik, Ander Lipusek Basa tailerrean hainbat gai jarriko ditu mahai gainean: Antzerkia eta erritoa, Herria eta komunitatea, Aktorea eta krudelkeria, Egin jokoa, egin jolasa; izan punki, izan basa...

1. Topagune: punto de encuentro (es), lieu de rencontre (fr).
2. Murgildu:
sumergir(se) (es), (s')immerger (fr).
3. Igan:
subir (es), monter (fr).
4. Erdigune:
centro (es), centre (fr).
5. Besterenezin:
inalienable (es), inaliénable (fr).
6. Aburuz:
ustez, iritziz, ustetan.
7. Haragitu:
materializar(se) (es), s'incarner (fr).
8. Adierazi:
expresar (es), exprimer (fr).
9. Gatazka:
conflicto (es), conflit (fr).
10. Helduleku:
asidero (es), appui (fr).
11. Trebatu:
entrenar(se) (es), (s')entraîner (fr).

 


Zelan euskaraz?

Atal honetatik lagun asko pasa dira dagoeneko. Guztiak, euskara heldu aroan eta euskaltegian ikasi duten pertsonak. Haiek ezagutzeko aukera edukitzeaz gain, euskara ikasteko lagungarriak diren aholkuak, trikimailuak eta testigantzak aurkituko dituzue. Ez galdu aukera!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.