Lehen diskoa argitaratu eta hamaika urtera, mundu osoko oholtzetan arrakastaz aritu ostean, Jose Luis Monton gitarrista flamenkoak eta Gorka Hermosa euskal soinulariak Flamenco Etxea 2 diskoa aurkeztu dute, flamenkoaren eta euskal kulturaren arteko fusioa erakusten duten hamar abestirekin. Maila handiko kolaborazioak izan dituzte, gainera. Besteak beste, euskaldunen artetik, Jon Maia, Toti Martinez de Lezea, Zumarragako Trikitixa, Garikoitz Mendizabal eta Oreka TX. Flamenkoaren aldetik, berriz, Sandra Carrascoren ahotsa, Juan Carlos Arazil flautista flamenkoa eta Roko abeslari multidisziplinarra. Bestalde, Mu Mbana eta Piruchi Apo abeslariek ere hartu dute parte. Guztia Odei Lizaso perkusionistaren eta Anthony da Cruz baxu jotzailearen laguntzaz.

MAINLANDER taldeak bere lehen diskoa kaleratu du, izen berekoa, Gaztelupeko Hotsak etxearekin. Pop-rock itxura atsegin eta itsaskorra duten zazpi abesti aurkeztu arren, pop formatuak “sarriegi eragiten duen anestesia kulturala” salatu, eta baztertzen saiatu dira azpeitiarrak. Mondocane, Jo!, 12 Tribu edota Elvisabuelo taldeetan aritutako bost lagun dira Mainlander, eta Mikel Alberdi abeslariak idatzi ditu lehen diskoko hitz latz eta hunkigarriak.

JITOAN

Tristtan Mourguy

I.O. (ipar orratza), 2022

Mourguy konfinamendu garaian hasi zen bere bosgarren lana maketatzen, eta, horren ondorioz edo, hitz guztietan aipatzen da askatasuna: eza, motak, mugak... Jitoan izenburuarekin islatu nahi izan du nola jokatu duen gure gizarteak pandemian. Hirukotean egindako lan gordina da, bateria, baxua eta gitarra elektrikoa oinarri, baina hainbat kolaborazio ere izan ditu: Petti, Ekiza, Odei Barroso, Pelax...

EZ DUT AMETS HANDIRIK

Modesto Newhouse

Bonberenea, 2022

Bi Bala eta Maddi taldeetan ibilitako Xabier Etxeberriaren bakarkako lehen disko esperimentala. Bere sare sozialetan dioenez, “emaitza azkar eta handiak espero ditugun garai immoral eskrupulurik gabeko honetan”, hiru urtez “mimatu” du lana, “etxean lasai, inoren manamendu bertikalik jaso gabe eta erabat normalizatu dugun gizarte azkar honetatik ahalik eta urrutien”. Sei pieza CD eta LP formatuetan. 


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.