Talde eibartarrak hamaika kantaz osaturiko disko berria kaleratu du: Alarma (Jo Ta Ke Ekoizpenak). Estudioko azken lana, Maitasunari Pasioa, argitaratu zuenetik sei urte pasatxo igaro direnean, abiadura handiko kantekin dator, baina abesti lasaiagoak ere sartu ditu, ohikoa duen moduan. Tartean, gainera, estilo eta kolore desberdinetako ukitu ugari: speed metal eta thrash azkarra, metal pisutsu eta klasikoa... Hitzei dagokienez, berriz, betiko ildoari eutsi dio taldeak: gai sozialak, politikoak, historikoak, maitasunarekin lotutakoak... Hitzok Aitor Gorosabelek, alde batetik, Xabi Bastidak, bestetik, eta disko ia guztietan parte hartu duen Iker Rocandiok idatzi dituzte. CD formatuan eta euskarri digitaletan plazaratu da Alarma, baina martxorako LP bikoitz formatuan ere argitaratuko da.
SOROTAN BELE GOGOAN bira maiatzean bukatuko da, hilaren 5ean eta 6an Irunen eskainiko den kontzertuekin. 2021eko maiatzean hasi zen, Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean, jatorrizko taldeko bi musikarik (Gorka Sarriegi eta Urbil Artola) herrietako musika bandak taldearen kantuak jotzera gonbidatuta. Hamaika emanaldi eta gero oraindik bada ikusteko aukerarik: otsailak 4, Lazkao; otsailak 10, Tafalla; martxoak 19, Azpeitia; apirilak 21, Ermua; apirilak 30, Legazpi; eta maiatzak 5 eta 6, Irun.
GORDINIK
Addar
Gor, 2022
Bermeotarrek iazko urrian grabatu zuten bigarren diskoa, Bilboko Bolueta auzoko Koba estudioetan, Xanperen eskutik. Lan sendoa eta beroa da, laukotearen kontzertuak izaten diren bezalakoa. Aurrekoa (Errautsak) baino grinatsuagoa eta melodikoagoa, kanta batzuek rock-punkerantz jotzen dute, eta besteek, aldiz, baladarantz. Bederatzi abesti sartu dituzte guztira, batzuk pandemia garaian sortuak.
LEHENGO LEPOTIKAN BURUA
Olaia Inziarte
Egilea editore, 2022
Musikari nafarraren lehen lanak, doinu gogoraerraz eta alternatiboetan oinarritutako eraginen bilduma honek, sonoritate tradizionala eta abangoardista lotzen ditu. Hamar abestien hitzak berak idatzi ditu, baita musika konposatu ere, Gereziak kantarena izan ezik. Hainbat kolaboratzaile izan ditu ondoan, hala nola Olatz Salvador (Behe klasekoa kantan), Petti (Zerua gorriz kantan) eta Joseba Tapia (M.J. kantan).