Ardo (Gaztelupeko Hotsak) izeneko disko-liburua (artefaktua, egileen esanetan) kaleratu dute Morauk, Beñardok eta Mattinek. Morauk poemak idatzi (Gorka Erostarberen Sagar erdiak kantuaren hitzak izan ezik) eta musikatu ditu, Beñardok olerki horietako hamabi kantu bihurtzeko egokitu ditu, eta Mattinek liburua osatzeko ilustrazioak egin ditu. Izenburuak beste zerbait iradoki badezake ere, lan hau ez da ardoaren apologia, eta ez da ardoaz ari, “pertsonez baizik: ardoa egiten dutenak, edaten dutenak, ardotik bizi direnak...”. Beñardoren esanetan, ohi duten estiloan ondu dituzte abestiak: “Popa, folka, rock pixka bat...”. Eta diskoa “soila” dela azaldu dute: bi gitarra eta ahotsak besterik ez. Mattinek, liburua apaindu duten ilustrazioez gain, Han goiko ardoa kantuaren bideoklipa ere egin du.

HATORTXU ROCK elkartasun jaialdiak 26. edizioa ospatuko du Atarrabian, uztailaren 29an eta 30ean, Zeru(a) (hel)muga lelopean. Oso berezia izango da, aurreko bi urteetan pandemiagatik bertan behera utzi behar izan zutelako. Oholtzara 30 talde igoko dira, besteren artean hauek: Huntza, Gatibu, Deskontrol, Brigade Loco, Skabidean, Anari, ETS, Delirium Tremens, Zetak, Dj Bull/Elepunto... Sarrerak hatortxurock.eus atarian daude salgai: bi eguneko bonua, 65 €; eta egun bakarreko sarrera, 35 €.

BERATU

HAN

Bonberenea Ekintzak, 2022

Zazpi urte pasatu dira HAN. taldeak bere lehen lana aurkeztu zuenetik. Hainbat kontzerturen ondoren abeslariak taldea utzi arren, beste hiru taldekideek konposatzen jarraitu zuten, eta taldean beste inor sartuko ez zela erabaki zutenean ekin zioten ideia musikal guztiak kanta bilakatu eta grabatzeari. Emaitza, zortzi rock abesti biltzen dituen lan hau, 2021eko ekainean entsegu lokalean grabatua.

HELMUGA

Habi

Bidean Produkzioak, 2022

Taldearen estudioko laugarren lana lau kantuz osaturiko EPa da: musikari buruz mintzo da, eta musika bera omendu nahi du. Askotariko estiloak nahasi dituzte horretarako, orain arte urratutako ibilbidean ikasitako gauza guztiak islatuta. Erritmo dantzagarriak eta melodia jostalariak erabili dituzte, eta erakutsi dute badutela baliabide nahikoa zaleen buruak eta gorputz askotarikoak mugiarazteko.

 



Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.