Aurten, Korrontzi taldeak 20 urte beteko ditu. Hori dela eta, Korrontzi 20 disko-liburua kaleratu du. Taldearen hamabigarren diskoak 23 kantu zahar eta hiru berri bildu ditu. Liburuak, berriz, Korrontziren bi hamarkadako ibilbidea erakusten du: 30 herrialdetan (Kanada, Brasil, Malaysia, Cabo Verde, Belgika, India...) egindako 900 kontzertu ingururi buruzko irudiak eta berriak 100 orrialdetan. Taldearen lagun askok egin dute bat ospakizun honekin, hala nola Eliseo Parra, Jesús Cifuentes, Luar Na Lubre, Hevia, Susana Seivane, Ana Alcaidek... Baita euskal erreferenteek ere: Xabier Amuriza, Jon Maia, Bixente Martínez, Tapia eta Leturia, Itziar Ituño... Eta folk zeltako nazioarteko maisuek ere bai, Phil Cunningham-ek (Eskozia) eta Michael McGoldrick-ek (Erresuma Batua), esaterako.

483yogurinha

AMONA MOLONA (Baga-Biga) izeneko diskoa kaleratu du Yogurinha Borovak. Bere laugarren albuma da, baina ume eta gaztetxoentzat egindako lehenengoa. Transformista eta drag queen laudioarrak euskaraz egindako zazpi kanta bildu ditu, bullyingaren aurkako tratatu moduko bat osatzeko. Hala, doinu alai, erraz eta dantzagarriak (ska, elektronika, erritmo errumaniar eta afrikarrak...) erabili ditu musikaren bidez aniztasuna, haur eta gazteen ahalduntzea, eta zaintzaren beharra defendatzeko.

483karma

DENA ODOLEAN
Karma
Egilea editore, 2023

Barruan duen guztia eman du hirukoteak bere aurreneko disko honetan. Rock indartsu eta gordina, hard rocka, darabilte Miguel Etcheverryk (bateria eta koruak), Benjamin Delabacak (baxua eta koruak) eta Antton Araspinek (gitarra eta ahotsa). Bost kantuz osatu dute lana, Bastidan (Nafarroa Beherea) zuzenean grabatua, Nomad Recording Studio diskoetxearekin eta Patrick Fischer soinu teknikariarekin.

483bedaxagar

ERRESIÑULA KANTARI
Jean Mixel Bedaxagar
Elkar, 2023

Zuberoak, bere txikian, sekulako kultur produkzioa dauka. Herrialdeko sortzaileen artean, Jean Mixel Bedaxagar dago, beti hamaika saltsatan sartua. Lantzean behin, disko batekin saritzen gaitu. Oraingo honetan, Errege Belda (akordeoia jotzeaz gain, ahotsetan ere parte hartu du) eta Juan Mari Beltran musikologoa (txirula eta xirolarrua, beste musika tresna askoren artean) izan ditu lagun.

 

 



Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.