Goizegi hiltzeko izena du Urruñako musikariaren album berriak. Nun da Wally? bideoklipa kaleratu zuen otsailean; martxoan, ostera, 15 abestiz osatutako lana. Berezkoa duen sakontasuna baztertu gabe, unibertso desberdinak bildu nahi izan ditu: aniztasun handia nabari da instrumentaletan zein gaietan, baina mezu gordinak eta errima zorrotzak dakarzkigu berriz. Mimo handiz landutako soinua, baxu indartsuz lagundutako instrumentalak eta hitzez hitz sortutako testuak dira. Euskal Herrian leku gutxi duen rap generoan bere hondar alea uztera itzuli da. Oraingoz, kontzertu hauek ditu aurreikusita: ekainaren 6an, Senperen; 13an, Atarrabian; 14an, Hendaian; 20an, Anoetan; 21ean, Donostian; uztailaren 25ean, Lakuntzan; abuztuaren 2an, Oiartzunen; eta, abuztuaren 21ean, Bilbon.
LURRAREN HERRITMOA izango da aurtengo EHZ festibalaren leloa. Arberatzen ospatuko da, Amikuzeko eskualdean, ekainaren 27tik 29ra. Ohi bezala, trukean, auzolanean eta autogestioan oinarrituta, orotariko ekitaldiak izanen dira egunez (zirkua, haurren xokoa, mintzaldiak, tailerrak, mahai inguruak...). Kontzertuak, berriz, arratsetik goiti: Bengo, Txaptrax, Kaskezur, Olaia Inziarte, Marte Lasarte, Errobi, Tapia eta Leturia, Xiberoots... Sarrerak salgai dira www.ehz.eus atarian.
DIRUDIENEZ
Karma
Egilea editore, 2025
Ipar Euskal Herriko talde hau Antton Araspinek (ahotsa, gitarra), Miguel Etcheverryk (bateria, koruak) eta Benjamin De Labacak (baxua, koruak) osatzen dute. Bederatzi abesti bildu dituzte CD zein binilo formatuan kaleratutako disko berrian, hainbat gairi helduta: norberaren kanpoko itxuraren eta barneko nortasunaren arteko lotura, sinesmenen indarra, presio soziala, hautuen garrantzia...
LUZERA BEGIRA
Tross Ta Petri
Egilea editore, 2025
Mikel Bergara (gitarra eta ahotsa) eta Imanol Petrirena (bateria) donostiarrak dira disko honen egileak. 2022ko Dezenber diskoaren ondoren, lau abestiz osatu dute EP berri hau: Buruan balak, Klotoren haria, Hamaika aingura eta Arima/Ikatza. Donostiako Corsarios Estudios etxean grabatu dituzte, formatu digitalean, rockaren eta heavy metalaren artean dabiltzan lau kantuak.