2017an sortutako banda aspalditik dabil agertokietan, baina orain kaleratu du estudioko bere lehen album luzea, bizkaieraz abestutako 15 abesti. Taldeko kideek argi utzi nahi izan dute Zeugaz (Elkar) rock diskoa dela, horixe dutelako gustuko: “Rocka, agian, ez da modan egongo, baina berdin digu”. Hala, Led Zeppelin, Deep Purple, Uriah Heep, Latzen edo Su Ta Gar taldeen eragina aitortzen dute Itziar Ituñok (ahotsa eta hitzen egilea), Juan Pedro Salvadorrek (gitarra), Roberto Figuerok (baxua), Joseba Sernak (bateria) eta Roberto Awanarik (teklatuak). Kantuek, bestalde, Ingot talde konprometitua dela ere erakusten dute, hainbat gaitan: feminismoa, ekologia, kultura indigenak... Dagoeneko ekin diote aurkezpen birari, eta hurrengo diskorako bost abesti eginak dituztela ere iragarri dute.
NAKAR talde donostiarrak Epelkeriaren kontra diskoa kaleratu du Balio Dute musika kolektiboarekin. Sei abestiz osatua, Manifestu Antiepelista izenekoarekin abiatzen da lana. Honela dio lehen kanta horren bukaerak: “Nor dator nirekin jada existitzen ez diren lekuak erretzera? Adibidez, Donostia”. Egungo gizartearen epelkeria zuzenean, biziki eta ozenki salatzen dute Jone Laspiurrek, Xalba Ramirezek, Jokin Azpiazuk eta Andoni Olaetxeak, genero elektronikoa eta postpunka konbinatuz.
ERRAUTSETATIK LORATZEN
Añube
Egilea editore, 2024
Banda gipuzkoarraren bigarren diskoa da hau, estilo eta musika aldetik aurrekoaren antzekoa, baina hura baino landuagoa, sartu dituzten 11 abestiak pixkanaka joan baitira forma hartzen. “Bihotzez, ahaleginez eta ilusio handiz” ondu dute lana, eta Zentzu bila abestiaren bideoklipa ere argitaratu dute diskoarekin batera. Bilboko Kafe Antzokian emango dute hurrengo kontzertua, azaroaren 9an.
EZPATEI DISDIRA!
Tatxers
Humo Internacional, 2024
Zazpi kanta bildu ditu Tatxers talde iruindarrak bere hirugarren disko luzean. Bateria jotzailea aldatu dute: Sergio Devesak hartu du Iñigo Soriaren tokia, Martin Zirizaren (ahotsa eta gitarra) eta Jon Salinasen (ahotsa eta baxua) ondoan jotzeko. Soinu “zikinagoa” dakar albumak, baina “poperoagoa” da, taldekideen esanetan. Berako Atala estudioan grabatu dute, Iñigo Irazoki teknikariaren laguntzaz.