Judit Neddermann musikari kataluniarrak katalana eta euskara uztartu ditu Artean albumean. Honela azaldu du proiektua: “Artean nire bularretik jaio eta Euskal Herrira doan zubia da. Gure hizkuntzen ospakizuna, emakumeon bilkura”. Izan ere, Neddermannek bost euskal musikari emakumezko gonbidatu ditu, bakoitzarekin abesti bat interpretatzeko: Izaro (Neurean/La leva llengua), Maren (Zure ostean/Després de tu), Olatz Salvador (Lamiak/Dones d'aigua), Bea Asurmendi (Gorantza/Amunt) eta Idoia Asurmendi (Ahizpa/Germana). Azkena, Mendien artean, denek batera abestu dute. Hala, diskoaren helburua hizkuntzaren aberastasuna eta kantu konpartitua ospatzea izan da. Ez da Neddermannek euskaraz abesten duen lehen aldia: 2016an kaleratutako Un segon diskoan Txoria txori kantaren bertsio bat sartu zuen.
MUSIKA MAKETA lehiaketa jarri du martxan aurten ere Herri Urratsek, Berria egunkariaren Badok euskal musikaren atariarekin elkarlanean. Iaz lehen edizioak izan zuen arrakasta kontuan izanik, berriro eskaini nahi izan diete parada euskaraz abesten duten taldeei. Hilabeteko epea eman dute, abenduaren 3an hasita, gehienez hiru kantuz osatutako lana aurkezteko. Saria, 2025eko Herri Urrats egunean kontzertua emateko aukera. Informazio gehiago, www.herriurrats.eus webgunean.
DEABRUEN DOINUAK
Zilibito Records
Baga-Biga, 2024
Talde gipuzkoarraren bigarren diskoa da hau, Hastapenak izenekoaren ondoren. Hamahiru abestiz osatu du, eta gitarra elektrikoak elektro latinoarekin, traparekin eta reggaetoiarekin nahasi ditu. Hainbat musikariren laguntza izan du lana osatzeko: Malakias, Mr. Luken, Rally48, XSakara, Etxepe eta Mutiko. Proiektuak deabruak eta aingeruak ditu ardatz, eta estetika gorria nagusitzen da bertan.
ILUNPEAN JAI DUZU
Txoteko Ezpata
Bonberenea Ekintzak, 2024
Hamabi kantu biltzen ditu Rafa Furnierrek, Josu Iriondok, Asier Etxanizek eta Mikel Cornejok estudioan grabatutako lehen lanak. Karlos Osinagaren gidaritzapean ondu dute, Bonberenean bertan. Elgoibar eta Mendaro artean osatutako taldea rockaren egitura klasikoan (bateria, baxu, gitarra eta ahotsa) oinarritu da diskoa egitean, baina libre ibili da erritmo, atmosfera, harmonia zein melodietan.