Musika elektronikoaren eta abangoardiakoaren jaialdiak erritmoz eta zalez beteko du Donostia uztailaren 15etik 20ra. Ekitaldi nagusiak ostiralean eta larunbatean ospatuko dira, Miramongo Anfiteatroan eta Illunben, hurrenez hurren, baina astelehenetik larunbatera bitartean beste hainbat kultur ekitaldi egingo dira. Hala, 'Ametsa' gaiaren inguruan, musika, pintura, ehungintza eta argazkilaritza jarduerak antolatuko dira hiriko zenbait gunetan: Arteuparte, Drunkat, Sakana Gallery, Tabakalera... Bertaratu ezin direnek YouTubeko Dantz kanalean entzun ahal izango dute jaialdiko irratia ere. Musikari hauek izango dira Anfiteatroan: Dubos, Gela, Pional, Courtesy, Avalon Emerson... Illunben, berriz, YX3, Topanga Kiddo, Ian Pooley, Plam Trax, Apparat... Informazio gehiago, dantz.eu atarian.
ROCKANROLARI erakusketa urriaren 27ra arte egongo da irekita Nafarroako Artxiboan (Iruñea), rock nafarrak XX. mendean izan zuen ibilbide oparoaren lekuko. Eraikineko hainbat eremutan ikus eta entzun daitezke kontzertuetako argazkiak, disko azalak, instrumentuak, bideoklipak, kontzertuen proiekzioak... Bestek beste, Berri Txarrak, Hemendik at!, Balerdi Balerdi, Buitraker, Lehiotikan, Noise Hole, Petti, Pottoka, Seihots, Garraxika, Nahi ta nahiez, Bittor Aiape, Ambulance...
HILDAKOEN JAINKO
Txatar
Basque Metal Country, 2024
Legen Beltza taldeko kide izandako Xanti Rodríguezek (ahotsa eta baxua), Joseba Azkuek (gitarra eta ahotsak) eta Edorta Azkunek (bateria) sortu dute Txatar taldea. Iraupen luzeko lehen diskoa kaleratu berri dute, hamaika abestiz osatutako lana, bertan bildutako trash metal doinuekin entzuleak mugimenduan jartzeko asmoz. Karrantzako Black Storm estudioan grabatu dute, Ekaitz Garmendiarekin.
KAOSAREN ONDORIO
Z-erua & L’Kano
Egilea editore, 2024
Zortzi abesti bildu dituzte Andoni Zazpe (Z-erua) eta Alvaro Galera (L’Kano) lagun burlatarrek disko berri honetan. Bigarrena dute, 2021ean In crescendo eta handik urtebetera Gauero/Sutan single bikoitza aurkeztu ondoren. Andonik ahotsa jarri du, eta Alvaro DJ lanetan aritu da. Bikoteak Burlatako gaztetxeko estudioan grabatu du rapa, reggaetona eta elektronikoa elkartuz ekoitzitako lana.