Anne Etchegoyen Festa albuma prestatzen ari da, "hilabete batzuk barru" kaleratzeko. Bitartean, Maria, gure ama abestiaren bideoklipa aurreratu du joan den uztailean, Alma Loca taldearekin, eta beste kantu batzuk ere aurkeztu ditu Ipar Euskal Herrian, hainbat lagunekin eskainitako kontzertuetan. Izan ere, hori da zortzi abesti bilduko dituen disko berriaren asmoa, "lagunekin ospatzea". Hala, binaka abestutako kantak ere izango ditu, adibidez: Eperra Niko Etxartekin, Xalbadorren heriotzean Erramun Martikorenarekin eta Baratze bat Pier Paul Berzaitzekin. Baita Agure zaharra/L'Estaca kanta ere, euskaraz eta katalanez, jatorri katalaneko Cali abeslariarekin. Diskoa azaroaren 24an aurkeztuko du Sestaon, eta abenduaren 16an Iruñean. Bidarten ere elkartuko dira lagun guztiak bertako ikastolaren aldeko kontzertuan.

480nax

x 2 / BIDER 2 da Nax Agirre musikari bizkaitarrak argitaratu berri duen azken lanaren izenburua. Bi abesti (Zoriontasuna, bideoklip eta guzti, eta Unea bizi) sartu ditu bertan, besteak beste zoriontasuna, unea bizitzea, errespetua eta partekatzea kontzeptuak goraipatu guran. Agirrek 1990ean hasi zuen bere musika ibilbidea, Duenak Azer Piper taldean, eta 2019an ekin zion bakarkako bideari, Serengeti diskoarekin. 2020an bi EP, eta 2021ean Bizi poza LPa kaleratu zituen.

480hubble

HUBBLE
Kattalin eta Nenufarrak
Egilea editore, 2023

Sara Iriarte Lasaren bost kanta bildu dira lan honetan. Amonaren heriotzaren ondoren sortutako abestiak dira, Jon Sagarna (bateria) eta Iñaki Rezusta (baxua, gitarra eta teklatua) taldekideekin batera onduak. Kantuotan, soul, pop eta rock estiloak nahasten dira Iriarteren ahots biluzian. Irunberriko Sima estudioan grabatu dute diskoa, Ibai Osinagarekin, eta Tolosako Pottoko estudioan masterizatu.

480loratzen
LORATZEN
Eider
Airaka, 2023

Sei abestiz osatutako EPa kaleratu du Eiderrek, Nøgen taldea utzi eta urtebete pasatxora. Azken urteetako bere esperientziak, emozioak eta pertzepzioak kontatu ditu, inspirazioa nerabezarotik heldutasunerako bidean bizi izandako pasarteetan aurkituta. Sormen prozesu askean, pop doinuak hartu ditu ardatz, soinu elektronikoak eta organikoak uztartuta eta gustuko dituen erritmo guztiak esploratuta.

 


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.