Azal ezten diskoa plazaratuta, sei urteko isilaldia eten du Libek. Argi-ilunez eta giro eta doinu landuz jositako zortzi abesti sortu ditu, geruzaz geruza. Emaitza, efektu berezia duten ahotsak, sintetizadoreak, atmosfera iluneko rock sendoagoa kantu batzuetan... Diskoa binilo eta CD formatuetan argitaratu du Alde ilunA zigilu jaioberriak, eta musikariaren bandcamp gunean dago eskuragarri. Gasteiztarrak hainbat kontzertu eskainiko ditu aurrerantzean: hil honen 3an, Abadiñoko Arte Fabrikan; 7an, Bilboko Kafe Antzokian eta 21ean Arrasateko gaztetxean. Apirilaren 5ean, berriz, Villabonako Sahrijai lokalean; eta 12an, Alegiko gaztetxean. Kantuak eraikitzean kolaboratzaile izan dituen kideak ere igoko dira agertokira berarekin: Dani Arrizabalaga baterian, Aitor Garcia de Vicuña gitarretan, Jon Basaguren baxuan eta Ander Sevilla teknikan.
MUGA ZERO talde nafarrak Senpereko lakuan joko du, maiatzaren 12an, Herri Urratsek antolatutako maketa lehiaketa irabazi baitu. Arrazoia, “euskal punkaren hastapenetara bidaiatzeko aukera ematen duen punk klasiko eta itsaskorra”. Lanen kalitatea azpimarratu du epaimahaiak, “euskal eszena indartsu” dagoen seinale. Halaber, datorren urtean bigarren maketa lehiaketa jarriko duela martxan iragarri du, “euskaraz abesteko hautua zenbat taldek egin duten ikustea izugarri ederra delako”.
SEGURTASUN EZA
Argazki bat behelainoan
Bonberenea, 2023
Arkaitz Artola Arnaiz da hemen kantaria, hitzen idazlea eta gitarra jotzailea. Zuriñe Sarasolak lagundu dio teklatuetan, eta Iker Vazquezek baterian. Argazki bilduma batekin aldera liteke lanak biltzen duen musika: post-rock eremu zabaletan dabiltza sei doinuak, askotariko giro eta zirrikituetan barrena, baina proiektuaren hasieran argazki argitsu eta akustikoak zirenak ilundu eta distortsionatu egin dira bidean.
GAP
Konpost
Erraia Diskoak/Musika Zuzenean, 2023
2018an hasi ziren batzen, oso gutxi iraungo zutelakoan, Bingen Mendizabal, Txerra Bolinaga, Ruben Sanchez eta Jon Aranburu. Nahiz eta bakoitza musika mundu batekoa izan, erdibidea rock zabalean topatu dute, eta honako hau bigarren lana dute. Aurrekoa baino konplexuagoa atera zaie, pixka bat ilunagoa. Grabazioa eta ekoizpena Gakobeltz Hit Faktorian egin dute, Joseba Baleztena eta Miren Narbaizarekin.