Guretzat diskoa aurkezten hasi da En tol Sarmiento taldea (ETS), arrakasta handiz hasi ere. Durangoko Azokan, esaterako, ilara luzeak osatu ziren taldearen standaren aurrean, taldekideen sinadurak eskuratu eta haiekin argazkiak ateratzeko. Martxoan ekingo diote birari, eta kontzertu batzuetarako sarrerak dagoeneko agortuta daude. Ikusmin handia sortu du lan berriak, arabarrek beste ziklo batean sartu direla iragarri baitute, “unibertso musikal eta bisual berria geureganatuta”. Musika estilo ugari uztartzen ditu disko berriak, hala nola reggaetoia, boleroa, popa edota rumba. Hitzei dagokienez, pertsonei, kaleari eta kultura herrikoiari egindako omenaldia da, eguneroko bizimoduaren isla eta hainbat aldarteren (samurtasuna, alaitasuna, nostalgia, euforia...) adierazpen artistikoa.
PASADENA bueltan da, lau kantuko EParekin: Izpia. Iazko diskoari segida naturala ematen dioten kantuok zuzeneko taldekideekin landu eta grabatu ditu: Dani Arrizabalaga (bateria), Aitor García de Vicuña (teklatuak), Danilo Foronda (gitarrak) eta Ander Sevilla (baxua). Halaber, Jon Basaguren eta Libe Garcia de Kortazarren proiektuak Amorante eta Joseba B. Lenoir izan ditu kolaboratzaile. Urtarrilaren 10ean, Gasteizko Parral tabernan joko du; 14an, Itzaltzuko Gartxot Egunean; eta 26n, Bilboko Kafe Antzokian, Micerekin batera.
EH DISTOPIKALA
Gatibu
Egilea editore, 2022
Rocketik haragoko sonoritateak landu ditu taldeak oraingoan, pop elektronikoa, funkya, ahaire latinoak, Karibe aldeko doinuak eta Afrikako erritmoak uztartuta. Zazpi kantuen gaiak, berriz, pil-pilean daude: ekonomikoak, sozialak eta klimatikoak. Egoeraren irakurketa kritikoa eta ironikoa egin dute taldekideek, eta oso kezkatuta ageri dira bizi dugun egoera klimatiko, sozioekonomiko eta politikoarekin.
DEIADAR
Harribitxi
Egilea editore, 2022
Estudioko lehen disko honetan, Iker Alvarezek eta Aitor Urquizak musika tradizionalean oinarritutako hamar obra instrumental bildu dituzte. Orkestra gizonen antzera beso eta hankak aldi berean erabiliz, txistua eta silbotea euskal musika tresna tradizionalak beste instrumentu interesgarri batzuekin uztartu dituzte: caxixia, txindata, musugitarra, bongoa, glockenspiela, mandolina...