“Urteko egunik tristeena omen den honetan, ez zintuztedan bakarrik utziko!” idatzi du musikari nafarrak Interneteko bere atarian (Blue Monday delako egunean argiratu du EP berria). Lana, plataforma guztietan dagoena, Herri Txiki eta Etorkizuna Ginenean (Leihotikan taldeko Gorka gonbidatuta) abestiek osatzen dute, eta dagoeneko jo ditu zuzeneko batzuetan. Herri Txiki kantaren bideotxoa ere prestatu du, Lleidako Teatre de ca l'Eril antzokian egindako emanaldiko irudiekin. Bakan (I) fisikoki martxoan plazaratuko omen du: “7 hazbeteko biniloa izango da. Eta bai, izenburuko (I) horrek esan nahi du gisa honetako grabaketa gehiago argitaratzeko asmoa daukadala”. Halaber, 2025eko birari buruzko berri gehiago laster jakinaraziko duela iragarri du Urbizuk.
PI L.T. taldeak Balak airean lana aurkezten jarraitzen du. Besteak beste, otsailaren 8an Arrangoitzen izango dira; apirilaren 12an, Gernikan; eta maiatzaren amaieran, Amurrioko Aiara Fest jaialdian. Hogei urteko geldialdiaren ostean kaleratutako lehen albumean, bandaren ezaugarri guztiak (indarra, melodia, eklektikotasuna...) indarberrituta ageri dira, jakinduriak aberastuta. Hitzetan, berriz, antsietaterik gabeko bizimodua aldarrikatzen dute, orain dena abiadura handiegian doalakoan.
LORE
Janus Lester
Egilea editore, 2024
Bederatzi kantu bildu ditu taldeak Eñaut Gaztañaga soinu teknikariarekin grabatutako disko honetan. Jokin Pinatxok (ahotsa) sortu ditu guztiak, eta lagun hauekin osatu du taldea: Garazi Esnaola (teklatuak), Mattin Arbelaitz (bateria), Julen Suarez (tronpeta), Andoni Arriola (tronboia), Julen Barandiaran (baxua) eta Javier Etxarri (gitarra). Izaro eta Neomak taldea izan dituzte lagun bi abestitan.
DEUS
Kaskezur
Usopop Diskak, 2024
Talde nafarrak "betiko jolasean" jarraitzen du, arau bakar batekin: lau musika tresna, ez gehiago. Horiek Iñigo (gitarra eta ahotsa), Imanol (baxua), Mikel (bateria) eta Ion (gitarra eta ahotsa) dira. “Librea, naturala, jarraitua eta ibiltaria”. Horrela definitzen dute zortzi kantu berriren bilduma hau, Berako Atala estudioan Iñigo Irazokiren gidaritzapean grabatutakoa. Ez omen dute deus galtzeko.