Josune Arakistain, Huntza taldeko kide ohia, Süne proiektuarekin dator: Amaineman (Balaunka) izeneko LPa kaleratu du, kantak hasierek ematen duten askatasunarekin eta beldurrarekin sortu dituela aitortuta. Eguneroko bizimoduko gaiak aipatzen dituzten abestiak egin ditu bere bi munduak batzeko: trikitia eta elektronika. Hala, kantuek beti dute trikitiaren eta landa giroaren presentzia argia, tradizioari erreferentzia eginda; baina aldi berean doinu elektronikoekin nahasita, baita freskotasuna eta mugimendua ere. Kolaborazio asko izan ditu Sünek lan honetan: Veintiuno, Antia Muíño, Greta Ch’aska, Moonshine Wagon, Rikki... Diskoa 2022 eta 2024 artean osatu da, Madrilen eta Euskal Herrian. Jimbo Páezen gidaritzapean ekoitzia, Haritz Harreguy Studion eta Estudio A Sonidon grabatu dute.
MUNDU BERRIA diskoa (Baga-Biga) argitaratu du Mirari talde sortu berriak. Urko Milagro musikari iruindarrak bultzatu du proiektua, euskalduna bere osotasunean, zazpi musikari bilduta. Popa, rocka, haize instrumentuak, erritmo latinoak, festarako mezuak eta dantzak nahasten dira zortzi abestiz osatutako lanean. Besteak beste Nil Moliner, ETS, La Raiz edo Efecto Pasillo taldeen eragina onartuta ere, taldeak estilo propioa du ekoizpenean eta konposizioan.
BELHARRA
Bengo
Egilea editore, 2024
Musikari oiartzuarrak bere unibertso musikal berria aurkeztu du lan honekin. Orain artekotik erabat urrundu eta bere alde pertsonalena islatu nahi izan du. Bere jatorri euskaldunaz harro, sinbolo bat aukeratu du lana izendatzeko: Urruñan sortzen den olatu erraldoiaren izena. Izan ere, olatu izugarri horrek dena atzean utzi eta aurrera jarraitzea adierazten du Bengoren ustez, berak egin duena, hain zuzen.
III
Kuartz
Bonberenea Ekintzak, 2024
Bikote baxenabartarraren hirugarren diskoa da hau. Ibes Mongaburek (ahotsa eta gitarra) eta Oihan Delavignek (bateria eta koruak) 10 kanturekin osatu dute, rocka batzuetan bluesarekin eta usu stonerrarekin nahasiz. Eñaut Gaztañagaren eskutik ondu dute, Gaztain estudioan. 2016an Hazparneko Ttattola gaztetxean entseatzen hasita, 2018 eta 2020an I eta II lanak kaleratu zituzten, hurrenez hurren.