David Herranz

457donirroez

Don Inorrez taldeak, Imanol Ubedak gidatzen duenak, Esku hutsik izeneko bigarren lan luzea dakarkigu, hamar kantu berri bilduta. Dardara hura (2019) singlearen ostean, disko honetan lehen laneko (Mugiro bila) power-pop ildoari eutsi dio Deabruak Teilatuetan eta Bide Ertzean taldeetako kide ohiaren proiektuak, orduko formula errepikatuta: Paco Loco ekoizlearen estudioan grabatu dituzte kanta berriak, El Puerto de Santa Marían (Cádiz, Espainia), eta Ubedak musikari talde bera izan du alboan: Karlos Aranzegi (bateria eta perkusioa), Jacob Reguilon (baxua eta teklatuak) eta Paco Loco (gitarra eta teklatuak). Ubedak Barre ala negar abestian aitortzen duen moduan, “rockaren pozoiak berriro kutsatu” du, eta hori nabaria da kantu batzuetan. Haatik, urte askoan haren marka izan diren kantu lasaiak ere badira diskoan, albumari izenburua eman diona, kasu.


457kalakan

KALAKAN taldeak Artizar diskoa kaleratu du. Izenburu horrekin, taldekideek honako hau adierazi nahi izan dute: “Bakoitzak bere bizi bidea segitu behar du, burua edo norabidea galdu gabe”. Hala, Jamixelek, Xanek eta Bixentek betiko ardatzari eutsi diote lan honetan, baina, 10 urteko ibilaldiaren ondotik, soinuz aldatzea erabaki du taldeak, “betiere euskal kantuari diogun errespetua zainduta”. Hortaz, bide berri batean sartu da taldea, kantu tradizionalak gaur egungo sonoritateekin apaindu eta euskal neo-trad elektro-world musika estiloan oinarritutako diskoa egiteko. Horretarako, esperientzia handiko beste artista batzuekin egin dute lan: Pello Reparaz, Hugo Imakhoukhene eta Andrew Keelan musikariak, besteren artean. Euskal Herrian aurreikusita dituzten hurrengo kontzertuak ekainean izango dira, 19an Lazkaoko Areria aretoan eta 27an Getxoko Musikebarrin, zehazki.

457ameba
ELIKATUZ

Ameba
Egilea editore, 2021

Usurbilen 2019an jaiotako rock taldeak pixkanaka hartutako indarrarekin burutu du lehen lana, herriko gazte dinamikak emandako bultzadaz. Hainbat estilo esperimentatzen dabil taldea, distortsio gogorretatik abiatuta kantu lasai eta melodikoetaraino, ahotsaren presentzia indartsua ezinbesteko euskarria izanik. Egungo jendarteak taldekideei sorrarazten dizkien korapiloak eta ezinegonak dira oinarri haien hitzetan, eta gazteen zein emakumeen azaletik kantatzen dituzte. 2020ko abuztuan grabatu eta masterizatu zuten diskoa, Garate Studiosen, Martxel Arkarazoren eskutik.

457ravel
RAVEL

Euskadiko Orkestra
Ondine, 2021

Ziburuko musikagile lapurtarraren sei obra biltzen ditu disko honek. Robert Treviño Euskadiko Orkestraren zuzendari titularraren eskutik, Ravelen musikaren euskal nortasunean murgildu da orkestra, haren hizkuntzaz dakiena eta ulertzen duena munduarekin partekatzeko. Hala, birpentsatu egin dute konpositore magistrala, eta orkestra erdaldunentzat agian hain nabarmenak ez diren egiak aurkitu dituzte. Diskoaren hasierako Bolero ezaguna da horren adibide garbia, Treviñoren ustez. Lana Kursaal Auditoriumean grabatu zuten, iazko urrian.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.