Iaz, Euskal Herriko zinema areto komertzialetan 900 film baino gehiago estreinatu ziren, baina hiru bakarrik izan ziren euskaraz sortuak (Bizkarsoro, Negu hurbilak eta Azken erromantikoak, azken hori Hegoaldean baino ez). Hala jaso du Pantailak Euskaraz eta Zinema Euskaraz taldeek egindako ikerketak. Bildutako datuak “gordinak bezain kezkagarriak” dira. Ipar Euskal Herrian estreinatutako 520 lanetatik bi soilik izan ziren euskaraz, % 0,4. Hegoaldean, ostera, % 2,6: 540 lanetatik hiru euskaraz, eta 11 euskarara bikoiztuak (denak haurrentzat, Zinema Euskaraz programari esker). Bestalde, 2024an Euskal Herrian programatutako 197.000 emanaldietatik 1.800 inguru izan ziren euskaraz; hau da, % 1 baino gutxiago. Hizkuntza Eskubideen Behatokiarekin batera jakinarazi ditu datuok Pantailak Euskaraz taldeak. “Erdaraz kontsumitzera bideratzen gaituzte”, nabarmendu du Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak, eta tokian tokiko gobernuek hizkuntza eskubideak bermatzeko betebeharra dutela gogorarazi du.
Korrikari buruzko dokumentala egiteko diru bilketa, abian
Jalgi hadi! film dokumentala ekoitziko dute AEKk eta Mirokutana ekoiztetxeak, eta, proiektua garatu ahal izateko, crowdfunding kanpaina jarri dute martxan. Ander Iriartek zuzendua, Korrika izango du oinarri euskararen iragan, orain eta geroari buruz hausnarketa egiteko. Hala, batetik, Korrika barrutik ezagutu ahal izango da, posible egiten duen jendeari jarraituta. Bestetik, hainbat aditu eta euskaltzaleren hitzak jasota, euskarari buruzko gogoeta agertuko du. Dokumentala euskal komunitatearentzat izango da bereziki, “euskara bizi(rik) ikusi nahi duen ororentzat”. Erabileraren apaltzea, oldarraldi judiziala, migrazioaren afera, arnasguneak... euskarak egun bizi duen bidegurutzean berpizkundea eragiteko helburua du dokumentalak, “gure hizkuntzak etorkizuna izan dezan”. Dokumentala ekoizteko, gutxienez 30.000 euro bildu nahi dituzte. Goteo.org plataforman zabaldu dute ekarpenak egiteko lekua, apirilaren 25era arte. Laguntza ematen dutenek kopuruaren araberako ordainsariak izango dituzte.
TABAKALERAK eta EITBk Audiogile Berriak egitasmoko aurtengo hiru proiektu finalistak iragarri dituzte: Gaizka Sarasua eta Iraia Irazustaren Kurruka Enea, Xabin Fernandez Zubeldiaren Zure ilunetan eta Jon K. Sánchezen Zure eskaera, prest!. Hautatutako hiru audiogidoi proiektuak lantzeko eta garatzeko laguntza jasoko dute egileek: 2.000 euro, adituen aholkularitza eta Tabakaleran hiru hilabetez lan egiteko lekua. Ondoren, EITBk hiru proiektuetako bat ekoitzi eta zabalduko du, Guau plataforman. Irabazlearen izena maiatzaren amaieran ezagutaraziko dute. Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta EITBk iaz sortu zuten egitasmoa, euskarazko soinu fikzioa sustatzeko xedez.
ESTEKA LUZEAK lotura labur bihurtzen dituen Labur.eus zerbitzua berritu egin dute. PuntuEus Fundazioak, Iametzak eta Dinahostingek garatutako tresnak, bere diseinua eguneratzeaz gain, profesionalentzako zerbitzu aurreratuak ere eskaintzen ditu orain. Batetik, doako oinarrizko funtzionalitateei eusten die. Bestetik, ordainpeko Plan Profesionala sortu dute, tresnari probetxu handiagoa ateratzeko funtzio aurreratuagoekin: pertsonalizatutako laburdurak, domeinu bat doan, estatistika aurreratuak...
HIKA TEATROA taldearen Zorretan antzezlanak irabazi du XXV. Donostia Antzerki Saria, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak ematen dutena. Amatasuna, ama-alaben arteko harremana, zaintza, maitasuna, dolua... lanak jorratzen dituen gai sakon horiek taularatzeko modu egokia nabarmendu du epaimahaiak, baita “indar handiz eta irudimenez beterik” egitea ere. Taldeak martxoaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, jaso zuen saria Victoria Eugenia Antzokian.
APIRILAREN 4tik 11ra egingo da Donostiako Giza Eskubideen 22. Zinemaldia (www.zinemaetagizaeskubideak.eus), eta euskal ekoizpen batek inauguratuko du: Faisaien Irla filma, Asier Urbietarena. Ohi bezala, film emanaldien ostean solasaldiak izango dira, eta, emanaldiez gain, bestelako ekintzak egingo dituzte, hala nola erakusketak eta mahai inguruak. Gainera, Tentazioa konpainiak Interview: urez eta indarrez estreinatuko du, Telmo Iruretaren De agua y arena film laburrean oinarritutako zuzeneko ikuskizuna.
NAIZ IRRATIAK Adi eta Ari izeneko podcasta sortu du, euskara lantzeko. Ander Edok eta Nerea Arriolak aurkeztua, B2 mailako edukiak eskaintzen ditu, Naiz irratian egindako elkarrizketa originalak oinarri hartuta. Batez ere euskarazko esamoldeak, gramatika edukiak eta hiztegia lantzen dira. Sei minutu inguruko iraupena du saio bakoitzak, eta martxoaren erdialdetik ematen dituzte egunero, astelehenetik ostiralera, 20:50ean Naiz irratian bertan eta podcast plataformetan.